Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bi Euskal Herriak

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ederto baten datza Antonio Machado Colliureko hilerri xumean. Zenduen erbeste gozoan, Espainiako errepublikako banderak ditu lagun, poema txatalak harri azpietan, erromileta beti freskoak eta jendea, beti jendea multzoka klik eta klik, hilobia gibelean. Bat-batean, kantuan hasi da araldea, Joan Manuel Serraten ahairez: «Bada bizitzen hasi nahi duen/ espainol bat, bizitzen hasi dena…».

Biziki maite dute ikerlari hispanistek poema. Gerora zer gertatu zen ikusita, bi Espainiak biltzen omen ditu bertan, biak elkarrekin, baina makilaka bata besteari, Goyaren koadro hartan bezala, «…bizitzen hasi dena/bizitzen hasi den Espainiaren/eta aharrausika dabilen Espainiaren artean». 1912an eman zuen argitara poema Machadok, gerra hasi baino 24 urte lehenago.

Muturka hasi gabetanik ere, sarritan etorri izan zait bi zati eginiko herriarena. Asteon, irudiz bete zait mugikorra. Bilboko Guggenheimen, trajez uniformatutako goi-karguak multzoan, EITBren 40. urteurrenaren ospakizunetan. Colliureko hilerri txikian, kantuan jarraitzen du taldeak: «Mundura zatozen espainoltxo hori/zain zaitzala Jainkoak…». Bilboko irudietan, tarteka edota atze samarrean, euskaraz aritu diren profesional batzuk, aurkezleak gehienak. Ezda euli kaka 40 urte.

Bat-batean, mobilean, lagunaren mezua: «Euskal irratiak: 40 urte». Solasaldia da, ez Guggenheimen, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean baizik. Xipri Arbelbide, Marie Agnes Gorostiaga, Mikel Bujanda, Julen Zelaieta, Reyes Illintxeta… periferiak bazterrera bidalitako izenak gehienak. Bilboko ospakizuneko bakan batzuek baino ezagutzen ez dituzten profesionalak. Colliureko adioak ez du samurra amaiera: «Bi Espainiatako batek/bihotza dizu izoztuko».

Bi Euskal Herriek ez dute gerrarik behar izan elkarrengandik urruntzeko. Aski izan dugu autonomismoaren egunerokotasun basatia. Nork izoztu didan bihotza, nik behintzat badakit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.