Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ardura

2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Albistegiaren aitzinean paratzen garelarik, nondik dator ahotsa? Chiapasen, ez aspaldi handian, honela hasten zen Marcos komandanteordea hizketan: «ene ahotik Askapen Nazionalerako Armada Zapatista mintzo da». Bidezkoa litzateke gurean ere antzeko aitortza zintzo batez ekitea informatiboei. Izan ere, talking-heada bada ere aurpegia ematen duena, ez da haren ahotsa berea. Areago, gerta liteke, gertatzen da, ez izatea bera erredaktatu duena.

Ideologien transmisiobide dira albistegiak. Errazena gobernuen ahotsa direla esatea da. Telebista pribatuen loralditik, ordea, bada besterik, maiz gobernuek berek baino indar handiagoa duten lobby ekonomiko, politiko eta sozialek moldatuak. Nekez hortik landarako ezer.

Eta, hala, albistegien bidez neurtzen dugu zein den jendartean, nahita edo nahi gabe, ezarian-baiarian nagusitzen ari den pentsaera. Indikadore antropologikoak dira, asko erakusten dute. Ostegunean gertatu zen ETBn. Aurki gertatuko da atzera ere. Azkenaldiko beroaldiak eta suteak zituen hizpide esatariak. Albistea amaitu eta hurrengoari bide emateko, ez zuen lotura hoberik topatu honakoa baino: «seguru asko kalean bizi diren pertsonek eskertuko duten beroa».

Albistegietan, dimentsio kolektiboa du ahotsak. Ardura biderkatu egiten da. Ezin bota lezake halako paolarik esatari batek, baina komentarioa gizartean dagoelako ustean esan du esan duena. Eta iritzi moldatzaile delako, ez da edonor ostatu batean kalakan, arinkeria inpune hori da kezkatzekoa. Diskurtso neokolonialak ez dira bestelakoak, onberakeriazko mekanika bera dute, berdin azaltzen dute mundua. Azken datuen arabera, 6.056 etxegabe daude Hegoaldean. Bestela esanda, gaua joan eta gaua etorri, atera Soraluze, Bastida eta Etxauriko biztanle guztiak kalera lotara, desplazatu fokua arazoaren muinetik eta eskatu ager daitezela esker oneko gaur ere hotzik egingo ez duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.