Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Semeen semeetatik

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Komunitatearen aldeko borrokan zailduak, zinez maite ditugu aurrekoekin lotzen gaituzten leloak. Ez gara hutsetik sortuak, ez dugu nahi katea geurekin etengo den ardurarik: «Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak», «Izan zirelako gara, garelako izango dira», «Semeen semeetatik baitatoz semeak, batzuk arrak eta besteak emeak»... alabak seme bihurtzerainoko halako eskuz eskukoa, historiaren zabortegian gal ez gaitezen. Gero, epika aireaz harago, hagitzez zikinagoa da dena eguneroko martxan. Arnasgunea itogarri gerta liteke erraz asko, eta kanpoan hotz egiten du.

Etxe barruan, gauzak ez datoz nahitaez samurrago. Genetikaren indarra eta abizena gutxi ez, eta ez dira bat eta bi gurasoetako baten izen berberarekin dabiltzanak. Oraintsu arte, hilkutxa sehaska bihurturik, aurrez zendutako senidearena jarri izan zaio naroki hurrengoari. Doroteo Arangok hildako lagun baten izena hartu zuen Pancho Villak bizirik segi zezan. Hemen, norbanakoaren borondateari aukerarik eman gabe eraman gaitu ibaiak gehienetan. Eta harro, semeen semeetatik.

Azak ontzeko, aurrekoen jardunbide berean arituz gero auzia zenbateraino gaiztotu daitekeen, Beñat Lizasok azaldu du asteon, bihotzarria beratu eta begiak betetzeraino azaldu ere. Zer ekarri dion berari bertsolari txalotuen seme eta biloba izateak. Nola ireki bezala itxi dizkion ateak abizenak. Nola ezinezkoa izan zaion, egoki arituagatik, konparaketei itzuri egitea: «Ondo gazte, moldatzen haiz, baina kostatuko zaik aitak adina egitea». Horrexegatik doa plaza uztera. Lizasoren orro eztiak itu-ituan jo du, entzun egiten da mina, entzun egin behar genuke salaketa: «Nork esan dio pertsona horri aitak adina egin nahi dudala?».

Baina ez gaitezen engaina, izenaren zamaz harago, sormena etengabeko lehiaren legeetara makurtzeaz ere ari da semearen semea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.