Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Iparragirre burger batean

2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bakarrik zegoela lantokitik hartua zioten ostatuan eta zerbait hartzera zihoala. Nora baina, galdetu zidan. Madril handia zaio eta nekatua zegoen. Urrun barik, San Luis kafetegia zuela esan nion, Iparragirrek Gernikako Arbola estreinakoz kantatu zuen fonda orduan, kafetegia orain. Joateko eta abesteko, ahapeka badarik ere, herrimina arindu beharra bazuen. Gaitarako ari nintzaion, baina agindu aberkoitzat hartu lagunak. Berehala nuen argazkia telefonoan. Zer fonda, zer kafetegi eta zer kafetegiondo, Mc Donalds bat dela orain. Atezuan jarri ninduen. Datuak egiaztatu nituen. Bebarruen zenbaki-dantza ere kontuan hartuta, begiratzeko ondo, han behar duela. Alferrik. Galdetu ere egin zuen barruan, nonbait. Beharginak, ez zuela aztarrenik ere kafetegi dontsuaz. Atariko oroitarriaren fotoa bidali nion. Herriak ez du barkatuko!, erantzun zidan. Gau hartan, Leño ezagutzeko gazteegia baina Hedoi Etxarteren suzko liliak ez, Sobietar Batasuneko himno zaharra entzunez hartu zuen loak.

Asteon idatzi dit ostera, bideo labur bat tartean, ea ohartu naizen. Zertaz, nik. Ohartu naizen nolako hunkiduraz kantatu duen Torra presidentearen ongietorrian Kursaalen elkartutako jendeak L'Estaca, Gorka Knorren bertsioan. Arrazoiak, badaudela, esan diot. Oihartzun zaharrak dakarzkiola hemengo askori kantu horrek. Erreparatzeko adinean. Orain bera gaitarako, igual eskatu behar geniekeela katalanei baimena, izan daitekeela Hesola falta dugun himnoa. Eurek badutela eurena eta ez duela uste arazorik izango denik mailegu-tratua egiteko. Zein egoki bestalde. Letra eta guzti, sinbolo ulergarria duena eta garaien arabera moldaerraza. Eta endemas, ezin egokiagoa guretzat. Izan ere, zer hesola da hori laster erori behar duena, 1968tik ari bada Llach bultzaka.

Hala agurtu nau, pentsatu behar dugula zer jarri Kursaaleko oroitarrian. Mc Donaldsa jartzeaz, historia arduratuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.