Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Pedagogia

2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Email festa izan da egunetan. Piztu du ordenagailua, zabaldu du posta eta, batetik ez bada bestetik, email bera beti. Ulertu du, ez da txori-kaka jokoan dagoena: Espainia mailako sari bat eskura, alajaina. Egin beharrekoa ez da nekeza: webgunera jo, umearen eskolako ikurra topatu eta klik egin haren gainean. Oso da inportantea denen parte hartzea azken ahaleginean. Berrikuntza pedagogikoko sarietan finalisten artean dago ikastetxea. Seiehun ziren, sei geratzen dira. Ezin da hutsik egin. Irabaztera!

Geografian zehaztu ezin duen txokoren batean dabilkio gogoa, ez daki esaten Montmatreko Saint Pierre elizan den ala Venezian, Erroman bestela. San Inazio eta bere lagunak ikusten ditu, jesuiten konpainia fundatuta, nagusia aukeratzeko bilduta. Sei dira guztira. Xabierko Frantzesek, Simon Rodriguezek bezalaxe, Portugalera abiatu aurretik utzi du idatzia boza. Pedro Fabrok Alemaniatik igorri du berea. Bederatzi boto beraz guztira. Zenbatzen hasi dira. Zortzitan ageri da Loiolako Inazioren izena; bederatzigarrena zuri dago. Ez dago algebran maixu izan beharrik. San Inaziok, bietako bat: ala ez zuen inoren izenik jarri paperean ala bere buruari eman zion boza. Galantak aukera biak ere.

Egun, Gipuzkoa-Bizkaietakoa ez ezik, era guztietako buru-maiteen santu hartua behar luke izan Loiolakoak. Cristiano Ronaldok lasai arraio aitortu zuen gustura emango ziola botoa bere buruari Urrezko Baloia irabazteko. Telebistan, reality eta lehiaketa guztietako parte-hartzaileen eta euren senide eta herritarren patroia behar luke San Inaziok. Sare sozialetan, aldare orotan dago haren izpiritua.

Horra Loiolakoa, pentsatu du. Norberari botoa, ez baitago inor ni bestekorik. Hooligankeria, sarien logika zabalduaren gatibu hezkuntza bera: berrikuntza pedagogikoarena irabazteko beharrezkoa da, sentitzen dugu, pedagogiaren oinarriak berak suntsitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.