Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Artseniko fabrikak

2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Artseniko-dosi txikiak dira. Hor ematen dizkigute, egunero, oharkabean kasik. Gosaritik afarira, dietistek aholkatu baino maizagotan, zizka eta mizka, trixka-mixka. Eta zer, berdin antzean segitzen dugu, zer dute ba berbok, konturatu orduko, kutsatuta gaudela jabetzen garen arte, toxikatu, eri handi. Ez dago urrutira joan beharrik, egunero gara hitzola beldurgarrien akuri, kui, laborategiko karraskari. Eta fabrika bakoitzak du bere mozkina: euskal oasia honek; liberala hark; eskubide estatua, elkarbizitza, ongizate gizartea honek, hark eta haragokoak. Tarteka, batzuentzat eta besteentzat arriskutsua den ero bat agertzen den arren agertoki gainean oihuka, drogatua seguru, gandorra ximel: «demokrazia deitzen diote, eta ez da!». (Eta bai, premiaz behar dugu poesia punka euskaraz).

Nazismoaren hizkera ongien aztertu zuen Victor Klemperer irakasleak argi azaltzen du: «eraginik handiena ez zuten ez diskurtsoek, ez artikuluek, ez panfletoek, ez afixek edo banderek lortzen, ez buruak edo bihotzak harrapa zezaketen ezerk. Nazismoa hitz solteen bidez sartu zen alemaniarren haragi-mamitan edo odolean. Hitzak ziren, esaerak, egitura sintaktikoak, behin eta berriz errepikatzearen poderioz jendeak bere egin zituenak».

Hitzen lupua zertan den inork baino hobeto dakielako galarazi dio, Ciudadanos alderdiak hala eskatuta, Espainiako Hauteskunde-batzordeak TV3 kataluniar telebista kate publikoari «erbestea» hitza erabiltzea eta, honekin batera, orain hilabete batzuk Arco arte-feriak Santiago Sierraren obra erakusten zuen Helga de Alvear galeriari bezala, «preso politikoak».

Izan ere, demokrazia batek ezin izan lezake inor erbestean. Preso politikoak, berriz, nola da, Korezuelak ditu, Ipar Venekubak, Piztabiaren Katiak. Borroka disimulorik gabea da. Nazismo garaian bezala, artsenikoa ondoen banatzen duenak irabaziko du. Eta susmoa dut, honetan ere, jai dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.