Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Espainiaz mintzo zaizkidanean

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Miño ertzera joan aldiro, ez da Suso Vaamonderen izena atera gabeko bueltarik. Itzal handia utzi zuen Salvaterra eta inguruetan. Eta hala du egun ere. Bertan egin zioten azken omenaldia 1999an, ia eguna zabaldu arte luzatu zen jaialdia. Mundua bildu omen zen bertan. Adoretu ere egin zuten, baina ezin izan zuen gangarrik harrotu. Eri handi zen ordurako. Handik gutxira hil zen, Manuel Maria poetak esatera, «galiziar musikaren ahots behinena».

Bazen nor Suso Vaamonde, «con V e sen hache». Behin, Pontevedrako Ferraria plazan egin zen jaialdi antinuklear batean ari zela, berotu eta koplatxo bat erantsi zion Uah! kantu ezagunari: «Cando me falan de España/ sempre teño unha disputa/ que se España é miña nai/ eu son un fillo de …». Entzuleek osatu zuten abeslariak burutu ez zuen errima. Salaketa etxera. Alferrik aritu ziren abokatuak galiziar retrancaz eta kantu askoren sarkasmorako usadioaz. Sei urte eta egun bateko zigorra ezarri zion juezak, retranca gaberik, «Aberriari publikoki laido egiteagatik». 1980ko azaroa zen. Horrela mintzo zen espainiar demokrazia gaztea.

Ez zutela kartzelan sartuko agindu bere buruari eta ihes egitea ebatzi zuen, Castelao, Novoneyra, Celso Emilio Ferreiro eta abarrak zituela lagun. Portugaletik Londresera jo zuen lehenbizi, Alemaniara ondoren, Caracasera azkenik. Lau urte egin zituen bertan, harik eta, 1984an, Voces Ceibes garaitik lagun zuen Xaime Barreiro senatari sozialistak bidea eginda itzuli zen arte. 46 egun egin zituen Ourenseko espetxean. Gonzalezen gobernuak indultua emanda atera zen.

Orain, kantariak zigortzen dituzten legeak ez daudela zuzen eginda eta gobernukoei horiek aldatzeko beharraz entzuten diedanean, Suso Vaamonde datorkit gogora. Egun bestela osatuko zuen azken kopla seguruenik, baina ostean, zer gutxi aldatu den berrogei urtean haren Espainia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.