Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ardurak

2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Bere buruari ateratako argazkien bitartez ezagutu nuen Olatz Vazquez. Minbizia diagnostikatu ziotenetik ahalegindu zen gaitzak zekarkion prozesua irudietara ekartzen. Harrikadak legezko argazkiak Vazquezenak. Hitzetara era bildu zuen bidea, berak idatzi ohi zuen eran, beroarena kenduta, doi. Eta hala, unean uneko sentimenduak utzi zituen, paziente onkologikoen kezkak zertan diren aletu (baita gutxi aipatzen diren horiek ere, esate baterako, ekonomikoak), arrangurarik gabeko salaketa ahaztu gabe. Minez ibiliagatik, bata dela eta bestea, berandu diagnostikatu zioten karramarroa. Bizirik legoke orain Olatz Vazquez hilabete batzuk lehenago jakitera zer zuen benetan?

Margultzen ari zitzaizkidan gogoan Olatz Vazquezenak, eta madarikatzen dut nire memoria makala («Ez dut nire gorputza maite. Argalegia da, hezurtsua, ertzak kanporantz dituela. Gitarra sokak soinaren alde bietan. Puztutako sabela [...]. Baina hitz ematen dut gaurdanik pixka bat gehiago maiteko zaitudala»), albisteak denborak eroandako olatuak itzuli dizkidanean. Ia bi mila tumore geratu omen dira atzeman gabe EAEn pandemiaren eraginez. Gehitu horri beste lurraldeetakoak. Milaka tumore beren lana egiten ez delako aski kontrolik egin edo hitzorduak atzeratu egin direlako. Osakidetzako zuzendaritzak eta Biocrucesek egindako ikerketak aho bizarrik gabe erantzun dio arestian zabalik utzitako galderari: «Horrek ekarriko du zenbait kasu ja gaitzaren oso fase aurreratuetan detektatzea, eta, ondorioz ikusten da epe labur-ertainean eragina izango duela heriotzen datuetan ere».

Espainiako Epidemiogia Elkarteak urtero egin ohi duen biltzarrean aurkeztu dira datuak, Leonen. Ikusirik, berek aitortuta, administrazioaren kudeaketak zer ondorio izango dituen, uste dut tokatzen zaiela urte eta erdi honetan errieta besterik jaso ez duten herritarrei arduretan nork huts egin duen ongi azaltzea.

Ez daukate lantegi erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.