Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Belauna

2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hamabost urte egingo ditu laster. Ziad Benna, Bounna Traoreeta Muhittin Altun etxerako bidean zihoazen futbolean ibili ostean Clichy-sous-Boisen, Paris aldirietan. Auzoan gertatuko lapurreta bat zela eta, polizia zebilen kaleetan. Hiru mutilak antxintxika hasi ziren, nahiz eta ez zuten gertaerarekin zerikusirik. Polizia atzetik, transformagailu batean gorde ziren. Kiskalita hil ziren Benna eta Traore. 17 urte zituen batak, 15 besteak. Hurrengo egunetan, amorru pilatuak sutu zituen kaleak.

Ia bederatzi minutu, George Floyd herioan, ezin dut arnasarik hartu oihuka. Eta berriro ere kaleetan jendea, bistakoa dena salatzen. Beroago Estatu Batuetako hirietan, intelektualago munduan, Clichyko gazteen kasuan baino zabalago, nolanahi ere. Izan ere, irudiek asko laguntzen dute bidegabekeria ulertzen. Belaun itogarri hori. Eta hala berreskuratu dira azken egunetan beste Floyd egurtu batzuen hamaika bideo eta hamabi argazki afroamerikarren borrokenak. Rosa Parks. Greensboroko laurak. Tommy Smithen eta John Carlosen ukabil harrotuak Mexiko olimpiarreko zerurantz. Black Power. Black Lives Matter. Denok gara George Floyd!

Gero, beroarena apalduta, neure bizitzan azterka hasi naiz, lotu behar nau zerbaitek harekin, ni ere George Floyd naizela egin dut oihu. Baina ezer ez, ezta arrastorik ere. Ezin etsi, eta lagunartea errepasatu dut, ea zenbat Floyd ditudan adiskide minenen artean, zenbat Benna, zenbat Traore. Bilaketaren emaitzak jota, zabaldu egin behar izan dut eremua. Ez da posible. Mobila hartu eta agendan begiratu dut. Hau da hau. Agertu zaizkidan antzekoenekin, harreman erak salatu nau. Azkenean, euskararen aitzakia moldatu behar izan diot neure buruari. Ni dagoeneko zaharra naiz, baina nire seme-alabek bai, haiek izango dituzte lagun.

Eta hala, ez dena sinetsita oheratu naiz, ezin onartu belaunetik gertuago nagoela Floydengandik baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.