Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zoperna jenerala

2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Atertu du, ahitu da, noiz arte, egunotan ia irentsi gaituen Zoperna Jenerala, Dilubio Unibertsala. Euriarena ez da huskeria hemen. Kalera atera eta zaparradatzan egin dugu lanerakoa, eskolarakoa, dendarakoa. Askozaz kontzeptu sarkorragoa da, hezurrak usteltzerainokoa. Ze, heldu etxera, piztu telebista eta aldean ekarri dugun blaia izan dugu lehen albiste, edo elurrarena bestela, kate eta lili, Pagozelain gure Amaiurko gaztelu zuria. Ez da konformaerraza euskalduna, inoiz ez du aski. Hondar aldean, Eguraldia atalak albistegiaren laurdena behar du gero, kirolari uzteko beste laurden pasatxoa. Lehen aurreikuspen zena, konstatazioaren eztitze bihurtu da aroarena.

BBCko lehenbiziko zuzendari orokor John Reithi zor diogu telebista publikoak behar dituen hiru zutabeen lelo klasikoa: informatu, formatu, entretenitu. Munduan bizitzeko hori. Eta daukagun atarialdea ikusita, zalantza batean bizi naiz, ez delako erraza mundutar izatea, eguna joan eta eguna etorri, eguraldia badugu berri nagusi; ez delako batere erraza mundutar izatea Derioko parranda batekin zabaltzen baditugu albistegiak eta Etiopian dagoen euskal kooperante baten berririk ez dagoela badiogu (okerrago ere bai: «desagertu egin da»), bera dagoen horretan milaka direnean desplazatuak ordurako eta nahita gorde badugu Tigrayko gerra, ez gaiztakeriaz, zoriontsuago bizi gaitezen baizik.

Nola ulertuko dugu mundua han-hemenkako euskal herrietan ateratako argazki ederrek betetzen badizkigute begiak; nola formatuko gara ematen zaigun informazioa gero eta motzagoa eta murritzagoa baldin bada; nola esan diezaiekegu gazteei, guk zuek dituzuen baliabideen laurdenaren laurdenarekin... nola, baliabide horiexek izanik, eguraldia aitzakia, gero eta aparteago bizi bagara mundutik, nahita baztertzen baditugu geuk mundutik. Ez Zoperna Jeneralak, gordetzen dugun horrexek irentsi gaitzan merezi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.