Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Berritu beharra

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Inoiz ez bezala elkar hartzen dugu Madrildik badator ahokada, zer esanik ez Isabel Diaz Ayuso bezalako pertsonaia lehendik ere mediatikoki barregarri utziaren perla artetik aterea bada. Ez da gutxiagorako. Argitu beharra dugu gora eta gora Doraemonek Nafarroako haurrak adoktrinatzen dituenentz.

Gero, tartean behin gertatu ohi da batak bestea isiotzea, eta Diaz Ayusorena entzunda beste birigarroren batek laineza hartzea Ser bezalako irrati-kate teorian ez erasotzaileenean eta, hala, Espainiako gobernuaren Ikus-entzunezko Lege onartu berria satirarako bide izatea; ez legea berez, ezpada katalanak, galegoak eta euskarak plataforma digitaletan izango duten %6 hori: «Batzuk borrokan dabiltzan artean serieak euren hizkuntzetan egin daitezen, beste batzuk Internet estatuko herri guztietara hel dadin ari dira». Gauza handia da umorea.

Eta irriak barreari dei, eta RNEn erabaki ez direla apalago, ematen duela jokoa hizkuntza horienak plataformetan, eta hala ekin diote, «Strangers Thinks izango da Coses estranyes», eta algara batean bata eta bestea eta hurrena, «eta El juego del calamar izango da El joc del calamar», eta hori da tripak bota beharra, hori. Mendeetako eskola dute.

Gero datoz kontuak, dena itzali eta Madril eta bere antigoaleko umorea ilunpetan geratu direnean. Bakarrik etxean, gu eta geure egunerokotasuna. Abisua ikasleak abisua jaso duela Hizkuntza Eskolatik: «Aste hau ez dago klaserik». Euria bota ahalean. Ea hurrengo egunetarako iragarpena: «Eguraldia, txarkeria areagotuz, sekulako jipoia lurralde osoan». Kalera bidean, postontzian, emakume irribarretsu bat Aldundiak bidalitako triptikoan: «Gipuzkoak etengabe berritzen da». Eta baietz diotsot neure artean Gipuzkoak deitzen den emakumeari, berritu beharra dugula, eta barre lasai egin espainiarrek gutaz egiten dutenean, ez gaitzan heriotzak beti bezala ozpinduta harrapatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.