Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zerrendan

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ez da oraingotxea ere. Abuztuaren 15eko bazkalaurrea, kaleak mukuru, jende zoriontsua gora eta behera. Amarenetik atera berri ni, bakarrik. Halako batean, beso ezagun batek bildu ninduen, berarekin zeudenengana hurreratuta, denen aurrean aurkezteko. Ez zuen gauza bera egin festa usainean etorritako bere lagunekin. Egia esan, beharrik ere ez. Ia egunero ikusten nituen hedabideetan. Harrapakinarekin jolasguraz, egoerak ozartuta, ezin isilik egon: «Halako jendea behar dugu gurekin», bota zien lagunei, «ezta, Iñigo?». Irribarrea loratu zidan ateraldiak. Tamalez, ez dut Imanol Lazkanoren abilidaderik erantzunetan. «Ez diat uste» soil batez defenditu nintzen. Lakioan ninduena ez zegoen etsitzeko, ordea: «Hator gurekin moteil! Badakik zer esaten den: gaztetan su piztaile, nagusitan suhiltzaile!». Neure motzean, Landetako unibertsitatera arrimatzen saiatu nintzen: «Estimatzen diat, baina suhiltzaile izateko ere adina pasatua diat».

Pasadizo huraxe berritu zait egunotan. Bateko eta besteko hautagai-zerrendei begira, ezagun mordoxka, baita lagunak ere tarteka. Eta hala, entzuten ditut batzuen eta besteen diskurtso ofizialak eta jende horixe datorkit gogora, nola sentituko ote diren, zenbatek esan ote dion bere buruari dagoeneko, zergatik esan nien baietz. Gero, miresmenak lotzen nau aldiro, ezen gai izan dira, ezagutzen ditut, beren-beren ideiak bazter utzi eta, askatasun txatalak hipotekaturik, proiektu kolektibo batean sartzeko; jakinki ez direla guztiz bat etorriko legealdian bere taldeak hartuko dituen erabaki guztiekin, amorrualdiak izango direla; jakinki txandakako ardura hartzetik libre beti, ni bezalako erosotzaileak agertuko zaizkiela noiznahi, ziri eta miri.

Besteek, besoen jabeek, ez naute lar arduratzen, ez horretan behintzat. Hemen ez bada han, ondo ordaindutako lanbide bihurtua dute, ohiko larderiaz, berek sua deitzen duten hori itzaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.