Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Koadro bati begira

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Eraitsi dute zaldi gainetik, jaitsarazi dute Nafarroako Parlamentuko hormatik errege zaharra. Arrunt mudaturik datoz, baina, garaiak. Ez zaio jeneral jantzitako irudiari surik eman; ez dute buruz behera ezarri, Felipe V.a Herrialde Katalanetan bezala; ez diote lepo eginik erakutsi haren burua populu amorratuari Nabarreriako plazan. Langile batek kendu du Juan Carlos I.aren koadroa prentsa kameren aurrean. Horra nola ohiltzen diren erregeak gaur egun, errepublikarik ez ezartzekotan, noski.

Eta kendu dute ez bereziki deus gaizki egin duelako. Bere begiz ikusi du nola defenditu duten Madrilen erkalzaleen seme-alabek, ikertua izan ez dadin. Izan ere, hori da eta ez besterik gertatu dena. Hedabideek susmagarriro hauspotua, giroan bertan dago halako zera bat haren kontra. Noiztik? Botswanako elefante baldar hark azkartu zuen dena. Corinna, nork ez daki nor den. Etxean ere, arazoak semearekin, arazoak errainarekin. Arabiar printzeen eskupekoak okerreko tokian gordetzea, horra errematea. Eta ba omen doa, nora eta Karibeko errepublika batera, nor eta errege bat. Zinez zirtolaria da halabeharra.

Bidegabekeriak xaxatua, gizonaren lekuan jarri naiz. Adintsua da, eri da. Zer pentsatuko ote du orain atzea ematen ari zaizkion guztiez? Non dira garai bateko jan-txakurrak? Beti izan da euskal herrimaitea. Aurre egin izan diotenean, hor izan ditu lagunak, erro zaharreko euskadun leialak, izan Gernikak 81ean, Loiolan 91n, Arrasaten eta Gasteizen 2004an, noiznahi Leiren, Iruñean eta Arzakenean... non dira 35 urtez losintxari izan dituenak? Non euskarazko agur hitzak zuri-zuri eskertzen izan dizkiotenak? Non erresumaren eta lurralde foralen arteko mendeetako ituna aldiro-aldiro gogorarazi izan dioten haiek guztiak? Zein erraza den gainbehera doanari azken sakadatxoa ematea zulora bidean!

Zuhaitz eroriari, orok egur. Semearen lepotik haziko dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.