Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Itzuli gabe

2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Badoaz Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria Athleticetik eta idatzi dute agur gutun bat badoazela esateko, zuzendaritzarekin izaniko inkomunikazioa nabarmentzeko eta afizioa despeditzeko. Berehala hasi zaie jendea zaunka euskara hutsez egin dutelako. Azaldu dute zergatia, proposatu dute ulerbidea, eta zaunkak haginkada bihurtu dira, eta pistola birtual: «Bala bat bekain artean, horixe merezi duzu». Euskarak tiroei dei. Berriz ere.

Bistan da, ez zen iskanbilaren laurdenik ere sortuko erantzunean ez balute aipatu izan itzultzaile automatikora jotzearen kontua. Ulertzekoa da. Zer laido handiagorik, etxean zaudela, bizilagunak zer dioen jakiteko harena itzultzen jardun beharra baino. Izan ere, besterena itzultzeak apaldu egiten zaitu, uko egin behar diozu pribilegioari, sinetsi beharra daukazu aurrean duzuna zeure beste dela, eta hori jatea ez da batere erraza, zer zaren eta nondik zatozen.

Dudarik gabe, askoz samurragoa zuketen gazteleraz ere ematera ditxosozko agurra. Bakea. Are samurragoa erdara hutsean idatzi izan balute, aurrez beste hamaika euskal futbolarik, hainbesteko zalapartarik eragin gabe, egin duten bezalaxe. Baina San Joseren eta Beñaten jarrerak, nabarmen, asko du performancetik. Bat egiten du, bertako hedabide nagusietan euskaldunari ematen zaion tratuarekin nazkatuta, esandakoa gazteleraz errepikatzeari uko egiten diotenekin; kortesiazko egunonbuenosdíasen ondoren euskaraz jarraituta marmarraren erantzuna jasotzen dutenekin; eguna joan eguna etorri aurrekoan Xabi Payak hemen bertan zerrendatzen zituen ekintza inposible horiekin bizi behar dutenekin...

Agiriarekin, itxurazko elebitasunaren benetako aurpegia utzi dute agerian biek. Itzuli gabe ikus gaitzazuen nahi dugu, berez garela onar dezazuen. Ahalduntze ariketatzat hartu dut, deserosoa bezain zoragarria. Nola ez ikusi paralelismorik pribilegioaren kontrako beste ekinbide batzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.