Dantzarako lorategi bat eszena gainean

'Garden' ikuskizuna aurkeztuko du Alos Quartetek gaur, Hendaian. Oreka TX-rekin eta Aukeran dantza taldearekin oholtzaratuko dira

Garden ikuskizunarekin, Alos Quartet harizko instrumentu laukoteak gorazarre egin nahi dio dantzari. ALOS QUARTET.
Maider Galardi
2018ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Harizko instrumentuen laukote klasiko bat da Alos Quartet. Ez da, ordea, ohiko talde bat: hogei urte daramatza musika klasikoa gaurkotzen eta nortasun bereziko doinuak osatzen. Garden diskoa dute bakarkako hirugarren lana, eta, Euskal Herriko hainbat txokotan aurkeztu ostean, gaur arratsaldean Hendaian (Lapurdi) egingo dute emanaldia, «formatu handi batean». Horretarako, bidelagun izango dituzte Oreka TX taldea eta Aukeran dantza konpainia.

«Dantza egiteko gonbita da Garden», azaldu du Xabier Zeberio taldeko kideak. «Ikuspegi zabalenean landu nahi izan dugu dantzaren estetika. Bai euskal dantzei dagokienez, eta baita dantza garaikideagoari bide eginez ere». Horregatik, sarritan aritu dira elkarlanean Aukeran konpainiakoak eta Alos Quarteteko kideak. Esaterako, iaz bira berezi bat eskaini zuten, dantza taldearen 20. urteurrenaren harira.

Dantzaren arloan egin bezala, Zeberiok azaldu du taldeak lortu duela etiketa finkoei ihes egitea: «Musika klasikotik gentozenez, jendeak elitistak ginela uste zuen hasieran. Zorionez, gainditu dugu hori, eta jendeak badaki hamaika estilo biltzen ditugula». Euskal musika, funka, doinu afrikarrak, klasikoak... denetarik landu dute. Taldean Zeberio eta Francisco Herrero aritzen dira biolina jotzen, Lorena Nuñezek biola jotzen du, eta Pello Ramirezek, berriz, biolontxeloa.

Ez da kasualitatea oholtza gainean kide izatea Oreka TX eta Aukeran dantza konpainia. Haiek ere ari dira tradizioaren eta aro garaikidearen arteko zubiak eraikitzen, Zeberioren iritziz: «Ez da gauza kontziente bat, eta agian gehiegi esatea da hirurok sorkuntzan murgilduta gaudela, baina argi dago bide horretatik jarrera estetiko jakin bat sortu dugula». Ondorioz, uste du Alos Quartetek sonoritate bereizgarri bat duela, eta indarrez irteten direla oholtzara.

«Publikoaren har rerarekin ere oso pozik gaude», aitortu du biolinistak. Garden diskoarekin 30 kontzertutik gora egin dituzte, eta aukera izan dute hainbat formatutan oholtzaratzeko. Edonola ere, Zeberiok esanaren arabera, Hendaiakoa berezia izango da: «Agertoki handi batean egingo dugu saioa, eta espero dugu ederra izatea; aspalditik ezagutzen dugu elkar Oreka TX-ko lagunek, Aukeranekoek eta guk».

Taldeak hainbat formatutan egin du Garden diskoaren aurkezpenerako bira; batzuetanlaukotean, eta sarritan kolaboratzailez inguratuta. Izan ere, hamaika musikari eta artistarekin aritu dira lanean, bi hamarkadatan.

Elkarlana, taldearen oinarri

Euskal Herrian ezagunak dira Alos Quarteteko kideak, eta musikari ugarirekin aritu dira lanean. Besteak beste, Zeberio Oskorriko biolin jotzailea izan da urte luzez. Taldea Ken Zazpirekin ere aritu izan da elkarlanean, baita Kepa Junkera trikitilariarekin ere.

Azken diskorako, berriz, bidelagun izan dituzte Eñaut Elorrieta eta Silvia Iriondo abeslariak, Harkaitz Cano idazlea eta Oreka TX. Diskoaz harago, gainera, Zeberiok uste du taldeak lortu duela oholtzan ere leku propioa egitea: «Garden ikuskizuna ezusteko jauzi bat izan da. Areto txikietan jotzen genuen lehen, eta oholtza handietan egiten ditugu emanaldiak orain, baina gure jatorrizko ezaugarriak albo batera utzi gabe». Indartsu dago taldea, eta badute gogoa 20. urteurrenerako egitasmo berezi bat antolatzeko. Zein eratanargi ez badute ere, taldekideak prest daude erronka berriei heltzeko.

Bien bitartean, Garden ikuskizunarekin lanean jarraituko dute, musika eta dantza tradizionala kutsu modernoekin uztartzen dituen saioa eskaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.