Alicia Otxandategi. BAD jaialdiko zuzendaria

«Pizkunde batean da euskal eszena sorkuntza garaikidea»

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Gorakadan igartzen du Euskal Herriko antzerkigintza Alicia Otxandategi BAD jaialdiko zuzendariak (Bilbo , 1966). Jaialdian euskarazko bi lan baino ez daude, ordea. Dioenez, ez dago eskaintza handirik ere. «Ez da erraza euskarazko helduentzako kalitatezko lanak topatzea».

Kanpoko lanak ekartzea eta hemengo konpainiak bultzatzea: horiek dira BADen bi xedeak?

Bi ardatz nagusi horiek ditu, bai. Euskal sorkuntza eszeniko garaikidea pizkundean da, eta hemengo bederatzi talde izango ditugu jaialdian horregatik. Nazioarteko programazioa antzerki eta dantza dokumental eta autobiografikoaren inguruan antolatu dugu, eta munduan arlo horretan oso garrantzitsuak diren lanak ekarri ditugu: Olga del Soto, Jerome Bel, Marco Canale...

Euskal Herrian pizte bat izan dela diozu, baina euskara darabilten bi pieza bakarrik daude jaialdian.

Euskara hutsezkoa da Metrokoadroka-rena, eta Horman Poster konpainiaren lanak, hainbat hizkuntza erabiltzen dituen arren, euskara izango du oinarri.

«Kalitatezko euskarazko lan asko ez daude». Ezinegona sortu du aurreko astean euskal antzerkiari buruzko mahai inguruan esan zenuen esaldi horrek.

Ez zen ongi interpretatu esan nahi nuena. Esan nahi nuen ez dela erraza euskarazko lanak topatzea, helduentzakoak. Guztiok dakigu hainbat eta hainbat talde daudela: Dejavu, ArteDrama, Atx Teatroa, Metrokoadroka, Galder Perez, Mikel Martinez... Baina horiez gain oso gauza gutxi sortzen da euskara soilean. Hori indartu beharra dago. Nik esan nahi nuena zen guztiok dakigula talde asko dagoela eta oso kalitate onekoak direla, baina ez da hori baino gehiago sortzen. Eta hortik kanpo sortzen diren lanen euskararen maila eta kalitate maila ez da behar bestekoa, askotan agian bi hizkuntzatan egiten direlako bertsioak, eta ez direlako euskaraz sortutakoak.

16. jaialdia da aurtengoa. Erabat egonkortuta dago proposamena?

Bai. Jaialdiak badu erreferentzialtasuna nazioan eta nazioartean, eta uste dut handitzen ari dela, gainera. Kanpoko jendeak ere ezagutzen du BAD. Horregatik saiatu behar dugu bertoko produkzioa erakusten, bertako produkzio ona eta kalitatezkoa. Eta hori kaleratzen laguntzea ere bada jaialdiaren helburua horregatik, eta lan horiek euskarazkoak badira, askoz ere hobeki. Mahai inguru hartan ere esan nuen, eta oso argi daukat, hezi behar dugula publikoa euskarazko lanak ikustera etortzeko. Ez bakarrik euskaldunak direnak, euskara ez dakitenek ere joan behar dute saio horietara, eta, hala, konpainiek ere euskaraz sortuko dute. Hizkuntzaz gain, gauza asko ikus daitezke antzerki lanetan: poetika, dramatizazioa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.