Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Iraganaren ezpainak

2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Lanera aurretik, mandatu batek halakotuta sartu nintzen inoiz egon gabeko kafetegian. Barra luzean, zutik, hiruzpalau lagun elkarren artean hizketan, gizonezkoak guztiak. Eskatu dut bada eta, atera bitartean, egunkari azalei begira hasi naiz. Halako batean, neure izena entzun uste izan dut. Barra bestaldean, eskua gora, bezeroetako bat diosalaka. Hurreratu zait, ez dakit nor den. Irribarre egiten dit, begiez besarkatzen. Zatarra du ahoa. Puztua du, baina aurpegi hori... hamar, hamabost segundu behar izan ditut ezagutzeko. Ez diot, ordea, hori aitortuko. Zer egiten dudan han galdetu dit. Zer egiten duen han galdetuko diot.

Urteak ikusteke. Herritik kanpo gabiltza biok. Handik hurre egiten dudala eta lanera noala esan diot; berak, atera berri dela lo egiten duen tokitik. Ez dut gogoan aipatu zidan noiztik aterpetzen den Karitasen. Laguntza kobratzen duela, taberna batean ematen diotela jaten, plato bakarra, oso modu onean. Okerrena egun osoan ezer ez egitea dela. Eguraldia portatzen denean, hainbestean; osterantzean, luze egiten dela. Eta herrira, joaten haiz? Arreba bakarrik duela. Putakume bat, diost birritan.

Ez naiz ausartzen aitortzera, baina neure artean diot, lehengoa bahaiz, nola ez hau gogor hartuko? Badakik zenbat kalte egindakoa haizen inguruan? Gu biok ere, noiz hartu dugu zerbait elkarrekin? Elkarren ondoan bai, elkarrekin sekula ez. Bionak ziren lagunak joanak dira ia denak. Nola esaten da superbibientea euskaraz hitz bakarrean? Erlojuari begia. Alde egin beharra diat, ikasleak ditiat zain. Zeharo poztu dela ni ikusteaz. Joan aurretik, mesede bat, diost: emadak musu.

Eta ezpainak hurbiltzen dizkiot orain hogeita hamar urte harria lepoan lotuta uretara botako nuen hari. Ez da errukia, biona izan den iragana da tira egin didana. Eta amorru lausotu bat: non dira dirua inoren hondamendiaren lepotik egin zuten haiek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.