Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

India urruneko ipuina

2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Jorge Luis Borgesek kontatzen du Ebanjelioa Markosen arabera ipuinean. Baltasar Espinosa medikuntza ikaslea da eta hizlari trebea. Hala heldu da lehengusu batekin Junin urruneko etxalde are urrunago batera, oporretan. Gutretarrak bizi dira bertan, aita, alaba eta semea. Analfabetoak dira hirurak. Egun batean, lehengusua kanpoan dela, bota ahalean hasi du. Ibaiak gainez egin du, ez dago etxaldera heltzerik. Denbora pasa, egunetan, etxean aurkitu duen Biblia zahar bateko pasarteak kontatzen dizkie Espinosak Gutretarrei. Galderak atoan datoz. Ea bere borondatez utzi zuen Kristok hil zezaten. Baietz gazteak, denok Infernutik salbatzeko. Baita iltzez josi zutenak ere? Baietz. Iluntze batean, irainka eta ttuka hasi zaizkio. Ezustean harrapatu du oldarraldiak. Herioan ihesi, ganbarara heldu da. Gora begiratu duenean, sabaia kendu dutela konturatu da. Etxekoek gurutze bat dute prestatua habeekin.

Hedabideek beste era batera kontatu digute ipuina. Heldu dela arrotza India urruneko irla are urrunago batera, eta han agertu zaizkiola Gutretarrak, kasu honetan izenik ez dutenak. Izena heldu berriak du,John Allen Chau, eta turista estatubatuarra dela esan zaigu. Bertakoak «aborigenak» dira, «oraindik aurreneolitoan bizi den azkentribukoak». Alegia, ez direla Indiako herritarrak ere, gure imajinarioko azken zuloko primateak baizik. Kontua da lehorrera jo orduko hil dutela Chau, San Sebastian nola, geziz sastakatua. Gerora esan zaigu ez zela turista, «indigenak kristautzera joana zen predikadore ebanjelista bat baizik. Espinosak ez bezala, ez zuen Biblia ateratzeko betarik izan. Estatuaren inbertsioez, bertakoen bizi-baldintzez eta heriotza-bideez (Ameriketan soilik, 60 milioi lagun hil zen espainiar konkistatzaileek eroaniko gaitzen ondorioz), hitzik ez. Ez dira deus izugarrikerian ez bada.

Beharko literatura irakurtzen segi mundua hobeto ulertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.