Ahalduntze ariketa indigena bat

Garabide elkarteak antolatuta, hizkuntza gutxituak biziberritzeko Hibil ikastaldia egiten ari dira hamabi komunitate linguistikotako ordezkariak Euskal Herrian. Esperientziak, kezkak eta gogoetak partekatu dituzte, eta euren hizkuntzak biziz berritzeko tresna egokiez jabetu dira

Martxelo Otamendi zuzendaria, BERRIAren egoitza nagusian, Garabideko ordezkariekin eta Hibil ikastaldia egitera etorritako komunitate indigenetako kideekin. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun

«Hizkuntza da gure identitatea; hizkuntzarik gabe, ez gara ezer»
Lisbeth Florez (Kitxua hizkuntza, Cusco, Peru)

Kitxua hizkuntzak Peruko mendialdean du indarra, Lisbeth Florez irakasleak azaldu duenez. «4.000 metrotik gora bizi diren komunitateetan gure helduen zein haurren ehuneko ehunek hitz egiten dute kitxua, eta halaxe aritzen dira eskolan ere». Cusco inguruan dago Florezen komunitatea, 12.000 lagun inguru direla dio, eta horietatik 10.000 lagunek kitxua dutela lehen hizkuntza. «Azken urteetan gobernuaren laguntzak jaso ditugu, baina laguntza hori jasotzeko metodologia bera traba bihurtu da. Dirua garrantzitsua da, noski, baina traba administratibo asko gainditu behar ditugu gure haurrek irakurtzen eta idazten ikas dezaten».

Kitxuaren batasunarekin dituzte arazoak. «Izan Cusco, izan Puno... departamentuen arteko borroka bat daukagu zeinen kitxua hitz egin edo gailendu behar ote den erabakitzeko. Garabideren formakuntza honetan, Boliviako, Ekuadorko eta Peruko kitxuak gaude, baina oso ongi ulertzen dugu elkar. Sekulakoa da perutarren artean borrokan aritzea edo bizilagunekin borrokan aritzea, egin badezakegu herrialde handi eta bikain bat kitxuan oinarrituta».

Izan ere, gauza bat argi dauka Florezek: «Hizkuntza da gure identitatea, gure sustraiak transmititzen dituena; hizkuntzarik gabe, ez gara ezer. Eta horrelako ekinbideek ahaldundu egiten gaituzte: ahaldundu egiten gaituzte pertsona gisa, kitxua hiztun gisa, eta ezberdin gisa».

«Horrelakoen bidez konturatzen gara baldintzak norberak ere sortu ditzakeela»
Marcia Mandepora  (Guaraniera, Bolivia)

Bolivian 36 hizkuntza hitz egiten direla azaldu du Marcia Mandeporak, eta guztiak direla ofizialak eta estatuak errekonozituak. Guaraniera du bere hizkuntza: «70.000 laguneko komunitatea gara, eta %49 dira guaraniera hiztunak. Gazteleraren eraginez, hainbat komunitatetan guaraniera hitz egiteari utzi diote, eta arazo nagusia transmisioarekin daukagu: jende helduak bakarrik hitz egiten duelako eta gazte askoren artean jada komunikazioa gazteleraz egiten delako».

Transmisioa hobetzea da kezketako bat, baina gehiago ere aipatu ditu Mandeporak: hizkuntza duintzea, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa, erabilerari garrantzia ematea, eta espazio ezberdinetara iristea. «Inportantea da guaraniera hiztunek eurek garrantzia horren kontzientzia izatea: familiako espazioaz gain, beste espazio batzuk irabazi behar dituela hizkuntzak, batez ere, hezkuntzaren alorrean, maila gorenean».

Eta ikusten ditu horretarako «baldintza politikoak» ere. Estatuaren babesa iristen dela dio, komunitate linguistiko bakoitzak baduela bere hizkuntzaren eta kulturaren institutua, eta horien ardura dela biziberritze eta berreskuratze prozesuak abiatzea, baita belaunaldi ezberdinen artean transmisioa sustatzea ere. «Kontziente gara prozesu oso luze baten aurrean gaudela, lehenengo eta behin komunitatea delako inplikatu behar dena eta erabakiak hartu behar dituena».

Mandeporak dio Garabideren ikastaldiak hainbat gauzaz «ohartzeko» balio izan diela: «Hizkuntza erabiltzeko eta hizkuntza berreskuratzeko espazioak eta baldintzak norberak sortu ditzakeela. Eta baldintza horiek asmatu egin behar direla, eta sortu daitezkeela. Estrategia horiek ari gara ikasten. Nik pentsatzen nuen hitz egitea nahikoa zela, baina ohartu naiz diziplina bat eta kontzientzia hartze bat egon behar duela atzean».

«Arazoa gu geu gara, eta geure jarrera: gutxietsi egiten dugu geure hizkuntza»
Asya Zayzaoui (Amazigera, Rif, Maroko)

Nador hirian (Maroko) bizi da Asya Zayzaoui. «Masterreko ikaslea naiz, eta itzultzaile juridikoa. Rifeko amazig komunitateko kidea», aurkeztu du bere burua harro. Azaldu du «ia gehienek» hitz egiten dutela eskualde hartan amazigeran, baina hizkuntza «duintzea» dutela lehentasuna: «Frantsesak, gaztelerak eta ingelesak prestigio handiagoa dute, gurasoek seme-alabei hizkuntza horietan hitz eginarazten diete, eta hori oso arazo larria da. Hitz egiten diozu ume bati amazigeran, eta erantzuten dizu ez hitz egiteko amazigeraz, hitz egiteko euren gurasoen erruz ikasten ari den hizkuntza horretan. Hori da konpondu nahi duguna».

Zayzaouik nabarmendu du beren eskualdean hizkuntzarekin duten aferan arazoa ez dela estatua, eta ez dela politika: «Arazoa geu gara, eta geure jarrera. Gutxietsi egiten dugu geure hizkuntza propioa. Ikasteko nago hemen, eta, bueltan, jarreraz betetako motxila bat nahi dut eraman. Nola lortu nire herriak berriro bere hizkuntza eta bere kultura maitatzea. Izan ere, dena doa han gain behera».

Ari dira lanean helduen alfabetatzean, eta hizkuntzaren transmisioan. Amazig filologiako karrera eta masterra sortu zituzten iaz Nadorko Unibertsitatean, eta egunkari bat ere badute online. Amazigeraz hitz bat aukeratzeko eskatuta, yemma aukeratu du: «Ama esan nahi du, ama dena baita, ama baita hizkuntza transmititzen duena, ama baita nire hizkuntza».

«Euskal Herrian egiten ari garen egonaldi honek esnarazi egin gaitu»
Carlos Eduardo Ruda  (Nasa hizkuntza, Cauca, Kolonbia)

Ez dira egun gozoak Kolonbiako Cauca departamentuko komunitate indigenentzat. Miller Correa buruzagiaren hilketaren berri jakin den egun berean ari da hizketan Carlos Eduardo Ruda: «Nire komunitateko indigena nasek identifikatu dute, gure herriaren ordezkaria zen, eta erail egin dute». Departamentu horretan hil duten seigarren buruzagi soziala da —FARCeko disidenteen kontrolpean dago eremu hori—. «520 urte daramatzagu borrokan. Bakea agindu ziguten, baina ez da iristen eta egoera berriro okerrera ari da egiten: gatazka soziala, gatazka armatua... hainbat arrazoi direla medio, gure kultura eta gure komunitatea ez dago harmonian».

Nasa herriari buruz ari da Ruda. Cauca departamentuko lurralde ezberdinetan dago barreiatua, eta iparraldean dago haren komunitatea, Toribio udalerrian. Biztanleen %96 dira han nasa, baina %24k hitz egiten dute nasa hizkuntzan. «Indarberritzea» dute lehentasuna, «transmisioan» dituzten arazoak gainditzea, eta komunitate guztiaren «lana eta inplikazioa» lortzea: «Euskal Herriarekin egiten ari garen egonaldi honek esnarazi egin gaitu. Nasa herri gisa, badugu errekonozimendua, baditugu eskubideak... baina gure indarrik eza ez da estatuaren errua, gehiago da geure errua, ez garelako arduratu eta jabetu geure eskubideez. Ez ditugu ezagutzen, eta horregatik ez dugu proposamen argirik egin. Hori da behar duguna gure erresistentziarako eta gure iraupenerako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.