begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ibilian ibili, digitalean ere

2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Asteazkenean bere akaberara etorriko da Mexikotik ekarritako zinema ekimen bat.

Akaberara Bergarako Seminarixo aretoan, non ezinezkoak diruditen kontuak gerta daitezkeen: antzerkia, hitzaldiak, sortzaileen juntazioak...

Zinema. Zinema ere bai. San Esteban egunean, Donostiako Beldurrezko Astean —ikusleek hala bozkatua— irabazle suertatu zen Last Night in Soho ia miragarria izango da ikusgai. 2021. urte honek egun pare bat baino ez duela, abenduaren 30ean, berriz, Islandiatik Cannesen lurra hartu bezain pronto zaletuok bihotza bete dar-dar eta begiak ezin itxi utzi gintuen Lamb izango dute pantailan Bergarako zinejaleek.

Akabera, zerena? Zine Ikusleen Topaketa Ibiltaria egitasmoarena, Gipuzkoan barna egindako ikerketa herrikoia burutu eta gero, emaitzak agerian jarri nahi izan dituenarena. Nork gauzatua? Mexikon sustrai eta eskarmentu sendoak izan arren, Tabakaleran, Elias Kerejeta Zine Eskolan eta Donostiako Zinemaldian munduko zine eskolen bilkura den Nest izeneko sailean ibiliak ditugun Marcela Hinojosak eta Noemi Cuetosek; Instagramen aurkituko duzue euren berri @ambulante_euskadi jarriz.

Nork babestua? Gipuzkoako Foru Aldundiak eta sekula amore emango ez duen (asteazkeneko ekitaldiaz ari natzaizue) ZinemaOn klubak. Edozertarako dira kapazak bertokoak. Temoso jarri ziren, butoi, setatsu oso, eta aretoa berreskuratzea lortu zuten aspaldi samarrean. Zertarako? Ba inor egiten ausartu ez dena egiteko: duela gutxi eta kasik jarraian, Gilda mitikoa eta Titane nahitaezkoa programatu zituzten. Beldurrik gabe, atrebentzia handiz.

Tolosan, Zumarragan, Errenterian, Ordizian eta Hondarribian izandako saioetan bezala, Bergarakoan udalaren babesa izango dute zinemak zauritutako zale/jale/ikerle ibiltari hauek.

Istorio polita da oso. 2005ean Mexikon, Gael Garcia Bernal, Diego Luna eta Elena Fuertes bildu ziren zinema herri guztietara iritsi zedin. Mexikoko herrixka guztietara. Aretorik balitz, pantailan emango ziren pelikulak, dokumentalak, batik bat. Ez balego, joandako garaietan erabilitako moduari jarraiki: etxe bateko horma izara zuri batez estaliz, plazan. Egun, Ambulante Mexiko-k sortzaile berriak bultzatzen ditu, zinemaren aldeko legeak defendatu herrialdeko Senatuan, eta zinemaldiak antolatu. Badu programazio digitala. Eta paperezko zein Interneteko aldizkaria. Herrietan barna antolatzen diren ekimenetan, bizitzaz, herioaz, zinemaz, irudiaz, politikaz, desirez, beldurrez mintzatzen dira biztanleak.

Antzeko zerbait egin nahi izan zuten Marcelak eta Noemik, zinemaz kezkatzen den Union de Cineastasek lagundurik. Gipuzkoako hamabost herri bisitatu zituzten, eta bertako zinejaleekin mintzatu ziren. Patxadaz, luze, atseginez. Egun, jakin badakite zein herritan nahiago duten jatorrizko bertsioa bikoiztua baino, non duen dokumentalak zaletu sorta polita, eta non duten fikzioa nahiago. Jakin badakite emakumeak kuadrillan arrimatzen direla aretora. Gizonezkoak, berriz, suelto, bakarrik. Emaztea laguntzearren (edo)...

Izan zuten Marcelak eta Noemik Azpeitian den zinemarekiko grinaren (bertan asmatu berri da Hator Hator Horror Fest Zinemaldia; asteburuan, garagardoa ere izan zen gorriz tindaturik...) eta Ozzinema, Kresala, Goieniz zinebluben berri. Hori guztia barneratu ostean, ikertzaileak, eragileak, ikusleak, zinema manera berrien asmatzaileak elkartu zituzten eta zinemaz egin zuten berba.

Hamaika kontu jarri zen ezbaian. Ikusleen partaidetza xelebre eta eroa hainbat zinema bilkuretan (Beldurrezko Astean, Bang Bang-eko igualik gabeko ekitaldietan...), garai zaharretan existitu ziren zinema saloi horien desagerpena, espazio publikoen erabilera... Behin eta berriro aipatu zen datozen garaietan zinemara joatea bera bestelako zerbait bilakatuko dela. Pelikulak, telesailak, laburrak, luzeak, dokumentalak, fikzioa nonahi daude ikusgai. Ez da beharrezkoa etxetik ateratzea. Zilarrezko pantaila haiek ez dira ezinbestekoak. Berlinen baino, Parisen baino ez dago zinema jauregirik. Beraz, zinema aretoetara jendea bultzatzeko, emanaldia festa, zeremonia, errituala bilakatu behar da, zaigu, dugu. Etxean eta gure tramankulu mugikorretan ez daukagun hori eskaini behar digu biharko zinemak. Esaterako, Bartzelonako Phenomena aretoak proposatzen duen esperientzia kasik estralurtarra.

Komunitate hitza ahoskatu zen sarri. Askotan, nostalgiaz blai. Komunitate horrek, antza, bide, ei, omen, fisikoa izan behar du.

Ba ez. Elorrioko 24 ordu digitalean ekimenak ederki asko baieztatu du zeluloiderik gabe zinema ere badela zinema.

Eta egun batez gauzaturiko film laburtxo horiek, sareetan igota daudenek, komunitatea sortu dutela, nork ukatuko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.