'El viento es salvaje'
Konpainia: Las Niñas de Cadiz. Zuzendaritza eta testua: Ana Lopez Segovia. Antzezleak: Alejandra Lopez, Teresa Quintero, Rocio Segovia, Ana Lopez Segura. Soinua: Mariano Marin. Jantziak: Miguel A. Milan. Argiak: Agustin Maza.Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Irailak 8.El viento es salvaje ikuskizuna patuari eta erruari buruzko hausnarketa ludiko eta jondo moduan deskribatzen du ikusleoi banatu diguten esku orriak. Tragedia hitza ere aipatzen da, baina, betiere, tragedia hori barrez zeharkaturik egongo dela zehaztuz. Dramaren eta barregarritasunaren arteko fusioa antzezlanaren azpitituluak argitzen du: Fedra eta Medea Cadizen, dio. Eta antzerkizaleak ulertzen du konpainiaren jaioterria pertsonaiak bezain garrantzitsua dela. Hori, eta bertako ekialdeko haizea, hainbeste egonezin, zoramen eta gatazka edota krimen akuilatzen omen dituena.
Planteamendu sinplea da hasierakoa; Vero eta Mariola txikitako lagunak ahizpak balira bezala dira. Bata zorigaiztokoa da, eta bestea, berriz, zorte onekoa. Antzezleek gorputz espresioa, ahotsa, tonua eta erritmoa primeran menderatzen dituzte. Eszenografia soila bezain landua darabilte. Zuzendaritza lanak —Jose Troncosoren laguntzaz— primeran bideratu ditu aktoreen ahaleginak. Denborak aurrera egiten du, eta, hara hor, ekialdeko haizea altxatuko dela, eta bi emakume arruntak, tragedia greziar klasikoko pertsonaiak bihurtuko zaizkigula emanaldiaren bigarren erdirako. Hori guztia Cadizen izaten duten gatz eta piperrez atonduta.
Eta hortxe dago koxka. Macbeth-eko hiru sorginen oihartzuna alde batera utzita, tonua, estiloa eta umore mota Cadizkoa baino ezin da izan. Horrela, hainbat eszenatan, txirigotak imitatuz ariko dira aktoreak, beste momentu batzuetan narratzailearen ahotsak gertakizunak deskribatu eta elkarrizketen antzezpena markoztatu egiten ditu, itsuen erromantzeetan egiten den bezala. Tragikotasuna azpimarratzeko, argiak maisuki diseinatuta daude. Eta bertsotan kontatzen digutena itzela bada ere, ikusleok barrez jarraitzen dugu. Kordel orrialdetakoren batean jasotako argumentua dirudi dramak. Cadizko inauterien oihartzun zirikatzaileazabaltzen zaigu besaulki patioan. Abesti flamenko batzuk entzutearekin batera, aste santuko sinesmen eta iruditeria etorri zaigu burura. Horrelaxe, Zeusen ordez, prozesioen jainko ahalguztidunak gobernatzen du patua, eta nola gobernatu ere!
Tragedia klasikoen istorioak edozein tokitan gerta daitezkeela esan ohi da, baita printzipio horretan datzala horien unibertsaltasuna ere. Unibertsaltasun hori tokian tokiko tradizioaz antzeztea dugu, hain zuzen ere,Las Niñas de Cadiz taldearen nortasunaren eta arrakastaren muina. Estilo umoretsu horrek eman die izena eta fama. Hala aitortu zieten, amaieran, zutik txalotu zituzten ikusleek.