KRITIKA. Musika

Klasikoenak eta zerbait gehiago

2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun

Orchestre des Champs-Elysees

Zuzendaria: Philippe Herreweghe. Egitaraua: W. A. Mozarten 41. sinfonia KV 551 Jupiter eta L. V. Beethovenen 3. sinfonia op. 55, Eroica. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Ekainak 1.

Philipphe Herreweghe erreferentziazko zuzendaria da irizpide historizistak jarraitzen dituen interpretazio-korrontean, ahots-musikari dagokionean lehenik —Johann Sebastian Bachen obraren grabazioak ezin ahaztu—, baina baita errepertorio sinfonikoaren esparruan ere. Hala, azken asteotan sinfonismo klasikoaren adierazgarri argiak diren bi obra eskaintzen ari da, Koreatik hasi eta Euskal Herrira iritsi den bira osatuz.

Zinez, Robert Schumannek esan omen zuenari jarraituz, ezer gutxi esan daiteke Wolfgang Amadeus Mozarten 41. sinfoniaz, idatzi zuen azkena, bereziki emankorrak izan ziren bi hilabeteetan. Ez dauka tolesturarik, bizia da, borobila, zuzena eta garbia. Hainbeste, ezen azken lau urteotan hiru aldiz entzun ahal izan dugun Donostiako Kursaalean, eta beste behin Euskadiko Orkestrak antolatutako online kontzertuetan. Ostegunekoa bertsio samurra eta leuna izan zen, baina betiere doitasun osoz egina. Hala ere, tarteka soinu-mailen arteko oreka falta sumatu zen, batez ere Allegro vivace-an, haize-instrumentuen kolore ederra ezkutuan geratu baitzen. Minuetean, aldiz, argitasuna izan zen nagusi, eta Molto allegro-an haizeek eta hariek bat egin zuten, distiratsu, itxiera bikainean.

Mozarten Jupiter sinfonia hori klasizismoaren eredua izanik, Ludwig van Beethovenen 3. sinfonia estilo berriaren aitzindaritzat jo daiteke, beste garai baten giltzarria. Lehen bi akorde bortitzetatik, gerora erromantikoa deituko zen espiritua topatu daiteke bertan. Izan ere, Beethovenek behin baino gehiagotan adierazi zuen etorkizunerako idazten zuela; jakina, berrikuntzak ulertu ezina sortzen du maiz, baina denborak harridura lilura bihurtu dezake. Hala izan zen Champs-Elysees orkestrak eskainitako interpretazioan, metalen goxotasunaz zein kontrabaxuen berebiziko presentziaz inguratuta. Allegro con brio ezagunean bizitasuna eta fraseatzea batu ziren, Marcia funebre-a hunkigarri, eta Scherzo-a tronpen luzimendurako izan zen. Ezin ahaztu Beethovenen keinu zakarraren atzean haratago joateko sena zegoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.