Murruak hausten dituen arte estriktoa

Abian da Points de Vue festibala, eta bihar bururatuko da. Aurten zortzi artistak tindatu dituzte Baionako karriketako murruak. Lehen aldikoz, hiritik atera da festibala: Hendaian, Donapaleun eta Urruñan egin baitituzte artista egonaldiak.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Spacejunk elkarteari Euskal Hirigune Elkargoa juntatu zaio V. Points de Vue street arte festibala antolatzeko. Baionako karriketako murruak biziberritzeaz gain, aurten Donapaleura (Nafarroa Beherea), Urruñara eta Hendaiara (Lapurdi) ere hedatu da. Bortz artistaren lekukotasuna ekarri du Berriak.

1.SOR2

«Saiatzen naiz euren proiektua neure estiloan egitea, gozatzeko»

Jokin Oregi Sor2 bergararrak (Gipuzkoa) lehen aldia du profesionalki Ipar Euskal Herrian lan egiten duela. Spacejunk elkarteak ez dio nolanahiko eskaera egin: baionar anitzendako enblematikoa den Jean Dauger errugbi zelaiaren tribuna berriko bi sarreretan pintatzea, lehenean eta azkenean, orotara bi zirkulu erdi handi eta zirkulu laurden bat. Baionako errugbi klubarekin adostu behar izan dute zein irudi jarri, ez zen Sor2-k aurreikusia zuena: Eulalia Abaitua, 50eko hamarkadako bilbotar argazkilari famatuak atera potreta bat tindatu nahi zuen, eskatu baitzioten euskal ondarearekin zerikusia zuen zerbait marraz zezan: «Euskal ondarearekin oso ongi doa, eta askok ez dute ezagutzen, horregatik bere argazki bat nahi nuen sartu. Baina ez doanez bat errugbi munduarekin... Ulertzen dut non nagoen, eurentzako tenplu bat da hau, eta inportantea zaie hemen zerk egon behar duen». Ororen buru, ikurrina bat irudikatuko du, frontoi baten zati bat, eta bertze aldean, ikurrina hori juntatuko da klubaren banderarekin. Jean Dauger beraren potreta egiteko ideia ere bazuten, baina argazkia atzemateko zailtasunak zituzten. «Saiatzen naiz euren proiektua neure terrenora ekartzen, neure estiloan egin eta gozatzeko. Baina zabalik nago». Errugbi partida ikusteko gomita jaso du, girotzeko.

2.AURELIE ANDRES

«Betidanik nahi dugu zentzuz kontra joan»

Aurelie Andres frantsesa da, baina Angelun (Lapurdi) laketua da. Lurpeko pasabideko murruak eskaini dizkiote. Gilgameshen epopeia irakurtzen ari zela jin zitzaion Points de Vue festibalean parte hartzeko proposamena: «K.a. 3000. urtean atzemandako liburu honetan jada gizakia ari zen gauzak ezabatu nahian, eta gibelerat jin nahian. Beraz, betidanik nahi dugu zentzuz kontra joan. Azkenean, emeki-emeki egin da, naturalki. Usu hala da, unean leitzen ari garenak eragiten du». Epopeiak kontatzen du Gilgameshek nahi duela jakin Uta-napishti hilezkorra nola bilakatu zen. Mendi bat zeharkatu behar izan zuen, eta, gero, ozeanoak eta ur hilkorrak. Irlara heldu arte. Hortik bilakatu zen hilezkorra jainkoen bidez. «Ipuin mitologikoa da, baina denoi gertatzen zaigu gibelerat joan eta gauzak zuzendu nahi izatea, baina epopeia horrekin ulertzen du ezin dela; eta aski dela bizitzen uztea eta aitzinatzea, funtsean, denok dugula zorte bera». Istorioari leial, lurpeko pasabideak norabide bat bildu du: bi erraldoi eta ñañoek mendiko sartzea kokatzen duten tokitik abiatu beharra da, mendia zeharkatu eta bestaldeko ozeanoan jalgitzeko: «Gilgameshek ikasiko du ezin izanen dela hilezkorra izan, baina badela gaztetzen duen landare bat. Alta, eskuratzeko unean, sugeak jan dio. Etxeratu da, deus gertatu gabe!».

3.PIET

«Hortza falta duela? Baina ni ez naiz dentista!»

Piet Rodriguez flandriarrak oren guti behar izan ditu euskalduntzen hasteko: «Hemen Peio naiz! Hala deitzen naute tindatu bitartean inguratu nautenek, gainera Schtroumpfs-en egilearen izen bera da!». Xingar feriak gibelatu dio lana Peiori. Baliatu zen bazterren ezagutzeko. Horrela du ezagutu orain murruarekin bat egin duen gizon bonetaduna. Berez, askoz ere irudi «tristeagoa» zen prestatua zuena, «une goibel» batean pentsatua. Baina ezagutu duelarik Baiona Ttipia eta San Andres plaza, «jabetu» da gunearen garrantziaz: «Euskaldunendako oso garrantzitsua da. Hastapenean bere burua atxikitzen zuen norbaiten potreta nuen egitekoa, halakoa da artiston bizia: gorabeheratsua!». Spear artistak deitu zion erranez bazuela maitatuko zuen modelo bat: «Maite ditut begitarte onak, sudur eta irri onekin, karismatikoak direnak. Hortza falta duela? Baina ni ez naiz dentista! Horrek du xarma guzia egiten. Denek dute ikusten beraien aitatxi, otto edo auzoa. Egunen bizpahirutan pasatzen da hemendik!». Potreta errealistan, hortz gabezia horri lotu euskarazko esapide bat gehitu nahi du, baina oraino ez du ediren. Umoretsua da Rodriguez, eta harremanak anitz preziatzen ditu: ongi doazelarik, lanaren erdia egina dela kontsideratzen baitu. Irudiari begira erran du ximurrak asko maite dituela: «Bizi ibilbidearen marka da. Badu bide interesgarria, bidaiatu du, eta argazki anitz egiten du. Bere jokoan harrapatua izan da!».

4.STOM500

«Libertateaz mintzo naiz usu»

Stom 500 artista alsaziarra jautsi da altxagailuaren saskitik, sokez askatu da. Hogei metro baino haboro gora da murrua. Ez du maite animaziozko filmetako eszena bat izan daitekeenari azalpena ematea, horregatik ez du salatu urtxintxa erraldoi hori airatuko denez: «Saiatzen naiz beti detaile asko sartzen, animalia pila, mugimendua abiatzeko. Baina ez dut maite ematea zergatia, nihaurek ere ez baitakit. Maite dut norberak bere istorioa sor dezan. Forma sinpleari detaile eta testura pila bat gehituko bagenio bezala da hau, zerbait erreala bilakatzeraino: existitzen dena». Stom500ek ere aurreikusia zuen zirriborroa baztertu du, itsasbazterreko murru batean aritu beharra zelako, han itsasontzia eta karramarroa garraiatzen duen txori bat egin beharrak zituen. Alta, ZUP auzoko bi zuhaitz erraldoiek aldarazi diote ideiaz. Urtxintxaren pean, hosto mosaikoz apaindu linternak beira kraskatu du, ipurtargien boterea duten bi erle argitsuak jalgitzeko: «Linternaren barnean pertsonaia ttipi bat gorde zitekeen. Zinez maite dut alde misteriotsu eta irrigarria izan dezan; azkenean, erleak ihes egitea erabakitzen dute, eta kaiola hausten. Libertateaz mintzo naiz usu, bai, ihesaldiaz. Nora doaz? Mundu hobe baterantz? Ihesean? Norberak ikus dezala!». Argia landu du kolore hotz-beroak kontrastatuz, urdin eta gorri frankorekin: «ekaitz giroa» emateko edo «bukaera epiko» bat.

5.SPEAR

«Irekiagoa eta mistoagoa den gizartea egiten saia gaitezen»

Spearrek tokian tokiko bilaketak egiten ditu bertaratu aitzin: ikertu du Cam de Prats-en historia zein izan den: eskaleak hartzeko gunea izan zen hastapenean, baina txanponaren infrentzuaren ilunaz jabetu da Spear: «Aterpetzeko bai, baina sustut haiek zentrotik urruntzeko egin zen». Zahar etxe bilakatu zen gero, eta orain, ospitale psikiatrikoa da. Bokazio soziala bai, baina, aldi berean, «gizarte aktiboan nahi ez direnak baztertzeko» baliatu izan dela ohartarazi du. Horregatik hautatu du elkarri laguntzea irudikatzea: zutik dagoenak lurrean dagoena altxatu nahi du: «Hau da ene mezua: entsea gaitezen kinka txarrean direnak altxatzea eta gurekin gizarteratzea, baztertzeko partez. Usu insurrekzio sozialaz mintzo naiz. Alta, eszena ez dut hain bortitza egin, Euskal Herriko historiaz gutiegi baitakit, eta gaia minbera baita». Berebiziko garrantzia ematen dio gizabanakoaren inplikazioari gizartean; barazkiak landatuz, kausa baten alde militante izanez edo gobernuak egiten duenaren kontrako manifestazio batera joanez; ez baitu politikan eta politikariengan «batere sinesten». Horregatik, lurrekoa altxatzen duenari kamiseta ezarri dio, militantzia irudikatzeko: «Elkarri laguntzea eta itxaropena agerrarazi nahi ditut. Beltzak du zuria altxatzen, eta geroari so dago; lurrekoak, berriz, ezkerrera begiratzen du: pribilegioz betea den gizarte oso zuri,ez-mistoa eta kolonialetik, bertzeei buruz irekiagoa eta mistoagoa den gizartea egiten saia gaitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.