ATZEKOZ AURRERA

Izena da izana

Euskal Gaztaren Azoka ari dira egiten asteburuan Idiazabalen. Euskal Herriko eta beste lurralde batzuetako artzainek egindako gazta dastatzeko aukera dago bertan.

Adin guztietako herritarrek dastatu zuten gazta atzo Idiazabalen, Euskal Gaztaren Azokako lehen egunean. BEATRIZ MENA.
urtzi urkizu
Idiazabal
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Azokak egiteko modu berri bat. Idiazabalen (Gipuzkoa), euskal gaztaren bihotzean, asteburu «garrantzitsua» ari dira bizitzen, Ioritz Imaz alkatearen aburuz. «Gure herriak izena eman zion gaztari, eta orain gazta da guri izen ona ematen diguna», azaldu du. Gaur dute Euskal Gaztaren Azokako bigarren eguna —herritarrek diotenez, «egun handiena»—. Azokaren sortzaileetako bat Julian Urteaga izan zen, duela 24 urte inguru. «Kanpotar asko galdezka etortzen ziren, ea non egiten zen gazta, eta ez zegoen ezer. Azoka sortu genuen, eta museoa gero».

Bisitarien artean, Paula Tsai. Taiwangoa da, eta zortzi urte daramatza Beasainen (Gipuzkoa) bizitzen. «Gazta ez zait asko gustatzen; fuertea ez, behintzat. Baina mamia bai, eta asko». Mami txapelketa egin dute, gazta saltzaileak dauden tokitik gertu. Gaztazaleentzat ez ezik, edonorentzat bada zer gozatua. «Taiwanen ez dugu halako azokarik», dio Tsaik. Makila borroka ikusten jende asko dabil, eta beste makila batzuekin jotako txalaparta hotsak entzuten dira tarteka.

Askotariko gaztak dastagai

Artzainak eta gazta ekoizleak herri askotatik iritsi dira. Eli Gorrotxategik Ilarduian (Araba) egindako gazta eraman du. «1996an hasi nintzen gaztarekin lanean». Hitz onak ditu azokari buruz: «Bezeroek gazten arteko ezberdintasunak ikus ditzakete. Aukera ona da dastatu eta alderatzeko». Aritz Ganboa Arruazutik (Nafarroa) iritsi da, eta gazten zaporeak aipatu ditu: «Ketuak gozo puntua du; naturalak, batere ez. Eta ketuak amaieran beste zapore bat du: ikatz zaporea».

Edurne Mujikak Idiazabalgo Gaztanaditxulo baserriko gazta eraman du. Nabarmendu du Gipuzkoako eskualdeetan badela alderik gazta kontsumitzaileen artean: «Goierri aldean, jendeak gazta ketuagoa nahi izaten du; Tolosaldean, berriz, gehiago saltzen da gazta zuria».

Kanpoko bisitariak ez ezik, Idiazabalgo herritarrak gustura dabiltza gazta dastatzen. Xabier Sanchez urtero joaten da, eta urtebeteko semearekin dabil. «Batik bat, gazta suabea dut gogoko. Klase piloa dago hemen, eta beste gazta batzuk ezagutzea gauza ederra da». Lydia Aldasoro herrikidea ere urtero joaten da azokara. «Gazta fuertea gustatzen zait niri». Haren ustez, azoka berezia da, «oso herrikoia» delako. Epaileak, esate baterako, herritarrak izaten dira.

Menorcako (Herrialde Katalanak) gazta eraman du Rafaela Ponsek, eta pozik nabari zaio: «Lehen aldia da hemen gaudela. Idiazabalgo gazta lehendik ezagutzen genuen, eta asko gustatzen zaigu». Egozkuetik (Nafarroa) joan da Marta Perez Loperena: «Artaldea dugu, eta artzain gazta egiten dugu. Gure inguruan oso estimatua da».

Gaur ere, gazta dastatzeko aukera egongo da. Olazagibel baserriko Arantxa Etxezarreta eta Bitoriano Urrestarazu artzainak omenduko dituzte. Haiek badakite izanik gabe gelditu ohi dela izenik ez duena. Baina Idiazabalen, izena da izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.