ATZEKOZ AURRERA

Historia ukitu, usaindu eta jan

Gertaera historikoek Euskal Herriko gastronomian nola eragin duten aztertu du Donostiako San Telmo museoak, eta bisita gidatuak antolatu ditu, historia «dastatzeko».

Gatzak janaria kontserbatzea ahalbidetu zuen; bisitan, gatz desberdinak probatu dituzte bisitariek. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Lehenengo geltokia heriotzarena da. «Ez dakit horra sartu nahi dudan», dio bisitarietako batek. Heriotzak eta gastronomiak zer-nolako lotura duten da San Telmo pil-pilean erakusketaren abiapuntua, Donostiako San Telmo museoan. Barruan ez da hildakorik, ez odolik, argizaiolak, hilarriak eta ogia baizik. Eneko Calvo museoko langileak azaldu du zergatik: argizaiolen bidez eramaten zen etxeetako sua elizetara norbait hiltzen zenean, babes gisa, eta ogia izaten zen hildakoei egiten zitzaien eskaintza. Horra ibilbideko lehenengo jakia.

Hamar zatitan banatu dute Euskal Herriko historia «dastatzeko» ibilbidea: izan ere, Euskal Herriko gastronomiak badu izena, baina ezin liteke ulertu historian gertatutakoak aintzat hartu gabe, eta, horixe azaltzeko, bisita gidatuak egingo dituzte ekain amaiera arte, asteburu oro. Amantala soinean, lehengaiak ukitu, usaindu eta dastatzera gonbidatu ditu Calvok bisitariak geldialdi bakoitzean.

Erromatarrek ekarritako gatzak janaria kontserbatzeko izan zuen garrantzia, Kristobal Kolonek Ameriketatik atera zituen lehengaiak, XIX. mendeko karlistadak, uda pasatzeko Espainiako Maria Kristina erreginak Donostia aukeratu izana eta industrializazioak dira, besteak beste, ibilbideko geldialdietako batzuk.

Azalpenak emateaz gain, papertxoak likidotan sartu eta bisitariei banatzen dizkie Calvok geldialdietan. «Ea asmatzen duzuen zer usain den». Txokolate, aniseta parrila usaina darie, besteak beste. Eta, geldialdi bakoitzean, dena ukitu eta usaindu dute bisitariek: are, Calvok aurrera egin, eta bakoitzean bada baten bat jakin-minak bultzatuta atzean gelditzen dena.

Ezagutza banatzen

Calvoren azalpenak amaituta, bisitaren bigarren partea: pintxo dasta, erakusketan oinarrituta, museoko Bokado jatetxean. Bakailaoa, babarrunak, txangurrua eta itsas kraba; trufa, azkenean. «Ze plan ona», dio, pozik, Arantxa Usandizagak. Donostiako Antigua auzoan bizi da, eta apenas joaten den erdigunera. Zestoatik (Gipuzkoa) joan da Harbil Etxaniz:«Bueltatzeko gogoa dut: behin-behineko erakusketetara etortzen gara, eta horrela ez da museoa barrutik ezagutzen». Elkarren parean daude mahaian, pintxoak dastatu bitartean.

«Zenbat aldatu duten gastronomia Ameriketatik ekarritako jakiek», nabarmendu du Manuel Diaz de Rabagok, Usandizagaren senarrak. Ondoan dute San Telmo museoko zuzendari Susana Soto, bisitari soil gisa, eta eskaera egin diote: «Gehiago iraun behar luke erakusketak».

Ez dute elkar ezagutzen, baina bisitak elkartu ditu bi bikoteak ostiral iluntzean, beste hogei lagunekin. Etxaniz eta haren senar Julian Serrano Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide dira, eta historiako hamaika pasadizo kontatu dizkiete Usandizagari eta Diaz de Rabagori: historia ukitu, usaindu eta jan dute bisitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.