Euskal presoak. Abokatuen aurkako polizia operazioa

«Konponbidea» eskatzeko, martxa batera deitu dute ostiralerako Iruñean

Azken polizia operazioa giza eskubideen aurkako eraso larria dela salatu dute hainbat eragilek

Lohizune Amatria.
Iruñea
2015eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko asteko atxiloketak, espetxeratzeak eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak salatzeko eta «konponbidea» eskatzeko, manifestaziora deitu dute ostiralerako EH Bilduk, Ezkerrak, Iruñeko Podemos Ahal Dugu-k, LABek, ELAk, ESK-k, EHNEk, EILASek, CGTk, Etxerat-ek, Sasoiak, Ernaik eta Gazte Abertzaleek.19:00etan abiatuko da martxa, Iruñeko Bakearen plazatik, larunbatean Donostian egindakoak zuen lelo berarekin: Giza eskubideak, konponbidea, bakea.

ESK-ko kide Iratxe Alvarezek aldarrikatu zuen presoen auziak «konponbide integrala» behar duela normalizazio politikoa eta bakea lortzeko. Bizikidetza «egonkor eta iraunkorra» lortzeko, konponbidea ezinbestekoa da, deitzaileen ustez; hori dela eta, eragile guztien arteko elkarrizketa beharrezkoa dela azpimarratu dute. «Oraintxe garrantzi berezia du bai abokatuen eta bai zuzenbidean adituak diren profesionalen ekarpenak, preso daudenen eskubideak babesteko eta konponbidearen norabidean egin behar diren urratsak zehazteko», azaldu du Alvarezek.

Azken polizia operazioa oinarrizko giza eskubideen aurkako eraso larria izan da, eragileen ustez. Eta pertsona guztien giza eskubideei errespetua zor zaiela nabarmendu dute: «Guztiz onartezina da euskal presoei babes juridikoa eskaintzea edota haiekiko elkartasuna kriminalizatzea». Haien iritziz, «dena daETA aurreiritzi faltsuan» oinarritu da operazioa, eta «herritarren eskubideak urratzeko eratu den salbuespenezko estatu politikan».

Atxiloketak salatzeaz gain, espetxe politika ere salatu dute deitzaileek, eta gaitzetsi egin dute Auzitegi Gorenak urtarrilaren 13an emandako epaia; ebatzi zuen Frantzian zigorra bete duten eta Espainiara eraman dituzten presoei ez zaiela kontuan hartuko aurrez bete dituzten espetxealdiak. Alvarezen hitzetan, presoen aurka berariaz ezartzeko asmaturiko neurria da: «Bidegabeki luzatu nahi dituzte dozenaka euskal presoen espetxealdiak, Europan indarrean dagoen araudiaren interpretazio interesatu bezain partzialean oinarrituta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.