Albistea entzun

Gipuzkoako errepideen kudeaketa

AP-8ko zaborrak urteetan bota dituzte Usurbilgo mendialde batean, baimenik gabe

Kontratuaren baldintzak ez betetzea, lan baldintzei eta naturari kalte egitea, eta azpikontratetan ezkutatzea egotzi die ELAk Bidelan osatzen duten Transitia eta Campezori
Aritzetako zerbitzugune batean bota dituzte hondakinak.
Aritzetako zerbitzugune batean bota dituzte hondakinak. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman - Jone Arruabarrena -

2022ko abenduak 1 - Usurbil

Urte luzez Gipuzkoako autobideetan batutako hondakinak Usurbilgo Aritzeta (Gipuzkoa) eremuan, AP-8 autobidearen bazterreko mendialde batean, legez kanpo botatzen aritu dira aldundiak azpikontratatutako zenbait enpresa. Horrez gain, ELA sindikatuak adierazi du enpresa horietan lanean ari diren beharginen lan baldintzak ez direla errespetatzen. Eta, hain zuzen, greban dira beharginak azken zazpi hilabeteotan, salatzeko euren lan baldintzak eta segurtasuna ez direla errespetatzen. ELAk egoeraren analisia egingo du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hala eskatuta, agerraldia egingo dute sindikatu horretako kideek.

 

Gaurko agerraldi horretan, Bidelanek duen azpikontratatze politika salatuko du ELAk. Izan ere, errepideen kudeaketarako Bidegirekin sinatutako kontratua ez betetzeko, irabaziak handitzeko eta erantzukizunak ezkutatzeko modu bat dela uste du sindikatuak.

Ikusi gehiago: 20.000 euroko isuna IATrik gabe zirkulatzearren

Sare korapilatsua osatzen dute, hain zuzen, enpresa horiek, sindikatuaren iritziz: Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuduntza dira herrialdeko errepideak. Bidesaridun AP-1, AP-8ko eta A-636 errepideak mantentzeaz eta garbitzeaz Bidegi enpresa publikoa arduratzen bada ere, zerbitzu hori enpresa pribatuei adjudikatzen die, eta Bidelanek dauka azken adjudikazioa, 2018tik 2024ra arte. 286 milioi euroko kontratua da, eta ongi zehaztuta dago Bidegik eta Bidelanek sinatutako baldintza agirian. Erreportaje hau egiteko, ELAk salatutako irregulartasunen inguruan galdetu dio BERRIAk aldundiari, eta erantzun du Bidelanek Bidegirekin sinatutako kontratuaren baldintzak betetzearen erantzukizuna enpresa kontzesionarioarena dela.

Bidelanek —Campezok eta Transitiak osatzen dute, erdi bana—, ordea, Serbitzu eta Iragaz enpresa pribatuak azpikontratatzen ditu —errepideko garbiketa lanak egiteko lehena, eta errepideko kutxatilen kudeaketaz arduratzeko bigarrena—, baita UTE/ITS enpresa taldea ere— errepideetako mantentze lanen ardura dauka—. Azken horrek, era berean, Mansevi eta Gertek enpresak kontratatzen ditu; errepideko seinalizazioaz arduratzen da lehena, eta autobideetako tuneletako eta kanpoko sare elektrikoaz bigarrena.

Hondakinak

Kate horretan bada etengabe errepikatzen den izen bat: Xabier Agiriano, EAJko Batzar Nazionaleko kide ohia. Hura da Serbitzu, Gertek eta Mansevi enpresetako presidentea, eta baita Iragaz eta Gertek enpresetako kontseilari ordezkaria ere. Horrez gain, Bidelanen %50 duen Transitia enpresaren jabe ere bada.

Berez, Bidegik agirietan ezarritako baldintzak bete beharko lituzkete azpikontratatutako enpresa horiek ere. ELAk, ordea, salatu du behin Bidelanek enpresa horiek kontratatu ostean utzi egiten diola horietan egoki jarduten dela bermatzeari. Besteak beste, autobideak garbitzen dituzten enpresek Aritzetako zerbitzugune ondoan de facto sortu duten legez kanpoko hondakindegi batean bota dituzte ehunka eta ehunka kamioikada zabor. Horretan urteetan aritu den langile batek BERRIAri aitortu dio aspaldiko urte luzez jardun direla horrela, nagusiek hala aginduta. Serbitzu enpresan lan egiten duten zenbait langilek BERRIAri baieztatu diotenez, errepideetan batutako hondakinez betetako «kamioikada asko, 300 edo 400 baino gehiago» bota dituzte hara.

Hala ere, azken hilabeteetan badirudi hondakin gutxiago bota dituztela, ELAk legez kanpoko jarduera horren berri izan duelako bideo eta argazkien bidez. Ordutik, gainera, agerian zegoen zaborra —metalak, plastikoak, gurpil zatiak eta errepide bazterrotan aurki daitekeen beste edozein hondakin— pitin bat estali dute, horren agerian ez geratzeko. «Azken bi urteotan batutako zabor gutxiago bota dute», azaldu dute langileek. Azkenaldian, Azkoitia eta Elgoibar arteko zabortegi batera eraman dituzte hondakinak.

Usurbilgo lurretan dago Aritzetako legez kanpoko hondakindegi hori, baina herri horretako alkate Agurtzane Solaberrietak adierazi du orain arte ez duela izan jarduera horren berri. Hain zuzen ere, BERRIAk aukera izan du eremu hori bertatik bertara ikusteko, eta han izan da Usurbilgo ingurumen teknikaria ere, hondakin horiek eragindako kutsadura eta lur horien egoera ikusteko asmoz. Informazio horrekin dosier bat osatuko du teknikariak, eta ondoren zehaztuko ditu udalak egin nahi dituen urratsak. Besteak beste, plastikoak, metalak, botilak, poltsak, umeentzako kotxeak, gurpilak eta beste hainbat hondakin daude bistan.

Berez, errepide bazterretan bildutako zakar horiek baimendutako kudeatzaile baten esku utzi beharko lituzkete, han dagokien tratamendua emateko, normalean errefus moduan. Hori egin gabe, diru ugari aurrezten dute, bai bidaietan eta baita kudeatzaile horien eskuetan uzteagatik ordaindu beharreko kuotetan.

Zabor botatze ilegal gehiago

Hala ere, ez da enpresa horiek gisa horretako jarduerak egiten dituzten leku bakarra. BERRIAri beste langile batzuek adierazi diotenez, Urtsuaranen (Idiazabal, Gipuzkoa) ere badago hondakinak ilegalki botatzen dituzten beste eremu bat, N-1 autobidearen ondoan: «Gune hori erabat beteta dago. Auskalo zer dagoen hor. Orain, gainaldea txukun dago, estalita. Baina hau dena betelana da», adierazi du hondakinak biltzen aritzen den behargin batek. Azaldu duenez, orain «diskrezio handiagoarekin» botatzen dira hondakinak, «aldundikoak urduri» daudelako. Serbitzu enpresa da Goierri aldeko errepideen garbiketaren arduraduna.

ELAk salatu du sasiak moztean sortutako hondakinak eta bide bazterretako sastraken artean dagoen zaborra bildu, eta ibaira botatzen dutela; besteak beste, Legazpin ikusi dituzte azkenaldian mota horretako jarduerak, baita Alegian ere. «Biltegi bat daukate han, eta kamioiak hango ibaian husten dituzte», salatu du langile batek. Errepideko kutxatilen mantentze lanez eta garbiketaz arduratzen da Iragaz, eta haren jarduera batzuk gaitzetsi dituzte langileek. «Batzuetan, kutxatila batetik zaborra atera eta beste leku bateko kutxatila batera botatzen dute, edo edozein zulotara, zabortegira eraman beharrean. Gauez botatzen dituzte, diskretuagoa izateko».

Lan baldintzak

Errepideetako langileek gaur bete dituzte zazpi hilabete greban, eta ELAk salatu du administrazio agirian ezarritako lan baldintzak «etengabe» urratzen direla. Izan ere, agiri horiek Bidegi eta Bidelani agintzen diote langileek lan baldintza jakin batzuk izan behar dituztela, diru publikoz ordaintzen diren lanpostuak diren heinean. Bidelanek UTE-ITS enpresa taldea azpikontratatzeak, eta hark, era berean, Mansevi eta Gertek enpresak kontratatzeak, ordea, enpresa horietan lan egiten duten langileen lan baldintzen gainean kontrolik ez izatea dakar. ELAk salatu du horrek «modu larrian» eragiten diela. Batetik, segurtasun arauak ez betetzea dakar, eta horrek «arrisku larria» dakarkie «langileei eta erabiltzaileei», salatu dutenez. Bestetik, esan dute langile horiek erabiltzen dituzten ibilgailuak ez daudela «homologatuta».

Langileen ratioetan ere hutsuneak daude, ELAk azaldu duenez: administrazio kontratu horiek zehazten dituzten gutxieneko langile txandak betetzen direla diote baldintza agiriek, baina egiatan paperean baino langile gutxiago ari direla salatu dute. Hain zuzen, diru publikoz ordaintzen dituzten langileak gehiago dira benetan daudenak baino, eta, beraz, etekina ateratzen dute haiek kontratatzen dituzten enpresek, ELAren arabera. Gainera, kontratuan ezartzen diren lanekin «zerikusirik ez duten beste lan batzuk egitera» behartzen dituztela ere azaldu du, eta, horrez gain, «gaixoaldiak eta oporrak» ere ez direla betetzen.

Hain zuzen ere, ELAk salatu du askotan uniformea aldarazi eta beste enpresa bateko lanak egitera bidaltzen dituztela beharginak, baldintza agirietan enpresa jakin bateko langile gisa ageri arren. Sindikatuak salatu du, gainera, antzerako irregulartasunak daudela kategoria profesionaletan ere. Lehen mailako ofizialen artean, esaterako; baldintza agiriek ezartzen dute maila horretako 11 langile behar direla, baina salatu dute obra askotan bi baino ez daudela.

Langileen segurtasuna arriskuan jartzea ere leporatu dio sindikatuak aldundiari, beste behin, agirietako baldintzak ez betetzearren. Esaterako, bideko lanetarako erabiltzen diren autoek daramaten seinalizazioa ez dago «homologatuta», eta, gainera, IATa pasatu behar dutenean, legezkoa ez dela dakitenez, seinalizazio hori kentzeko agintzen dietela.

Azkenik, errepideko zerbitzuen arteko «koordinazio falta» ere salatu dute, eta adibidetzat jarri dute Gipuzkoako tunel batean gertatutakoa: pieza handi bat zeraman garraio berezia tuneletik igaro zen, eta, han lanean zebiltzan langileek abisurik jaso ez zutenez, bat-batean alde batera egin behar izan zuten kamioi horrek azpian ez harrapatzeko.

Bidelan, zipriztinduta

Ez da Bidelan enpresari jarduera desegokia egozten dioten lehen aldia. 2013. urtean, aurreko lau urteetan behar baino 15,6 milioi euro gehiago irabazi izana leporatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Larraitz Ugart Errepide diputatu ohi eta Bilduko kideak zeukan orduan sail horren ardura, eta azaldu zuen lehen AP-8tik eta AP-1etik pasatutako ibilgailu kopuruen arabera ordaindu behar ziola Bidegik Bidelani. 2010ean, ordea, kontratua aldatzea adostu zuten Bidegik eta Bidelanek. Harrezkero, diputazioak Bidelani ez zion ibilgailu kopuruaren arabera ordaintzen. Bidelanek bere gastuen justifikazioa ematen zion erakunde publikoari. Baina Ugartek salatu zuen gastuak ordaintzeaz gain %7,7 gehiago ordaindu ziola Aldundiak, lau urtez. Bidelanekin zuen kontratua «kaltegarri» izendatu zuen diputazioak orduan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hiru lagun Lezetxikin, urtarrilaren 28an, AHTaren tunela atzean dutela. ©Besaide mendi elkartea

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute

Paulo Ostolaza

Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak topatu diren lekua da Arrasaten (Gipuzkoa) dagoen kobazulo hori. Arrasate inguruko espeleologia zaleen talde batek egin du salaketa.

Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Nazioartean bilatzen ari dira Donostian «lapurturiko» umea

Berria

Foru Aldundiaren tutoretzan ordu batzuk zeramatzanean eraman zuten haurra. Ama biologikoak eraman zuela uste dute

Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Eraso homofobo bat salatu dute Barakaldon

Berria

Barakaldoko Udalak jakinarazi du asteburuan izan zela erasoa. Elkarretaratze bat egingo dute bihar.

Bidaiari batzuk, Donostiako autobus geltokian. ©GOTZON ARANBURU

Ibilbide luzeko autobusak doakoak dira jada Hego Euskal Herrian ohiko bidaiarientzat

Jone Arruabarrena

Bidaiariek fidantza bat ordaindu beharko dute, eta gutxieneko bidaia kopuru bat egiten dutenean itzuliko zaie dirua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...