Matxismoak bakartuta

Maiatzaren 18tik bakartuak dituzte Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado euskal presoak Granadako kartzelan, langile baten aginduz komunak garbitzeari uko egiteagatik.

Ermuko Emakumeen Asanbladak ekainean egindako elkarretaratzea, Delgadoren eta Mujikaren egoera salatzeko. EEA.
Iñaki Lasa Etura.
2017ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bost hilabete eta erdiz bakartuta dauzkateAinhoa Mujika eta Agurtzane Delgado euskal presoek Granadako Albolote espetxean (Espainia). Eta ez dakite zuzendaritzak noiz arte luzatuko dien egoera. Emakumezkoen bederatzigarren moduluko kide dira Mujika eta Delgado. Uko egin diote ez zegozkien lan behartuak egiteari, eta horregatik bakartu dituzte: komunak ez garbitzeagatik, zehazki. Berez hautazkoa den lana derrigorrezko bihurtzen saiatu da zuzendaritza, eta planto egin zuten bi emakumeek. Haien adibidea jarraitu zuten moduluko hainbat kidek.

«Presoekiko jarrera txarrak» dituen funtzionario bat, patio erdian jarri, eta hango emakumeei builaka hasi zitzaien orain dela hilabete batzuk, Alboloteko euskal preso politikoek ekainean gutun baten bitartez adierazi zutenez. Emakumeei «mari-zikin» deitu, eta aurrerantzean komunak garbitzeko ardura haiena izango zela jakinarazi zien.

Ordaindutakoa behar lukeen lana dohainik egitearen kontra agertu ziren Mujika eta Delgado hasieratik, gainontzeko presoen babesarekin. Ezezko horrek kartzelan sorraraz zitzakeen arazoak ikusita, mehatxua egin zien zuzendaritzak, presoek gutunean esan dutenez: «Garbitzen duzue edo mugarik gabe bakartuta edukiko zaituztegu». Esan eta egin. Maiatzaren 18an bete zuten mehatxua. Gaurdaino.

Bi presoak lehen gradukoak izatea erabili dute aitzakia gisa. «Zentzurik gabeko adierazpena da», Alboloteko presoen aburuz, urteak daramatzatelako bigarren graduko moduluan bizitzen. «Benetako arrazoia, ordea, bederatzigarren moduluko gainontzeko emakumeak beldurtzea izan da, euskal preso politikoen aurka joz». Nolanahi ere, «moduluko ia preso guztiak» zuzendaritzaren erabakiaren aurka agertu dira, eta idatzi bat igorri dute.

Zuzendaritzaren erabakia «oso larria» da, Kalera Kalera dinamikaren iritziz. Leporatu diote «arazoak sortu» dituela arazorik ez zegoen tokian. Emakumeen aurkako erasoak eta Mujikaren eta Delgadoren bakarraldia amaitzea galdegin diete.

Zigor bikoitza

Osagai matxista du erabakiak. Izan ere, errespetuzko deritzen moduluetakoak salbu — hango preso guztiak hainbat lan egitera behartuta daude—, gainontzeko presoak ez daude komunak garbitzera behartuta. Destinoa da eginbehar hori: onuren truke borondatez egiten den lana.

Hori da Alboloteko gizonezko presoen kasua. Bederatzigarren moduluko emakume guztiak horretara obligatzeak, baina, «argi eta garbi» adierazten du zuzendaritzaren erabakia «erasokorra eta matxista dela».

Kartzelaren oinarria «gorputzaren kontrola» dela salatu dute Alboloteko presoek, batez ere emakumeen kasuan. «Espetxea gizonezkoentzako pentsatua izan da; bai eraikuntza fisikoari bai ideologikoari dagokionez. Horrek estigma bikoitza dakarkio emakumeari: preso izatearenaz gain, emakume txarra izatearena ere bai. Horrregatikguztiagatik, zuzendaritzaren jokaera erasokor, patriarkal eta matxistak aipatu estigmatizazioa areagotzen du».

Elkartasuna adierazi eta egoera salatu du Ermuko Emakumeen Asanbladak —Ermukoa da Delgado—: «Zigorrak amaitzea eta euskal emakume presoen eskubideak errespetatuak izatea exijitzen dugu, baita espetxea zuzentzen dutenen jarrera berraztertua izan dadila ere, ideologia matxista eta patriarkala duten estrukturak deuseztatuak izan daitezen». Azaldu dutenez, gizonezkoek igeltsero, zurgintza, mantentze eta margolaritza lanak egin ditzakete, baina emakumeek garbiketa eta sukalde lanak egin ditzakete soilik, musu truk.

Mujikaren eta Delgadoren «zigor bikoitza» salatu dute. Euskal presoen kolektiboari ezartzen zaizkion salbuespen politikez gain —Euskal Herritik 850 kilometrora daude—, emakumeizateagatik zigortzen dituztela azaldu dute. «Ideologia patriarkalaren eta matxistaren biktima dira».

Gaineratu dute Granadako espetxean ez dagoela berdintasun politikarik, ezta bizi baldintzak hobetuko dizkien programarik ere. «Emakumeei debekatu egiten diete hezkuntza eta formakuntza jarduerak egiteko guneetan parte hartzea, 'sexu harremanak izaten zirela' aitzakia gisa erabilita».

Egoera salatzeko hainbat ekitaldi egin dira hilabeteotan Euskal Herrian. Hilabeteko bakartzea bete zutenean agerraldia egin zuen Ermuko Emakumeen Asanbladak. Denak Etxera Egia mugimenduak ere gaitzetsi du egoera behin baino gehiagotan. Donostiako auzo horretakoa da Mujika. EPKK-ren zuzendaritza berrituko kidea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.