Ekhi Erremundegi Beloki.
ANALISIA

Harri koxkorra

2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroaren bigarren etxebizitza okupatu zuen EH Baik joan den astean. Frantziako Gobernua lantzen ari den 2023rako Finantza Legean eragin nahi dute ezkerreko abertzaleek, etxebizitza arloko fiskalitate neurri batzuk integra ditzaten. Ekintza abiatu eta ordu gutxira lortu zuten ministroarekin harremanetan jartzea, eta bi egunen buruan bilkura egitea adostu zuten. Joan den otsailean, Pirinio Atlantikoetako prefetari idatzi zion EH Baik, hainbat eskaera egiteko. Baina, ordutik, erantzunik gabe gelditua zen gutuna. Le Maireren etxebizitza okupatzeak behartu du Paris arreta jartzera.

Joan den asteazkenean, «mintzatzeko prest» agertu zen Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroa, hizkuntza gutxituei buruz Senatuan galdera egin ziotenean. Bezperan jakina zenez, EEP Euskararen Erakunde Publikoko arduradunek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek bilkura eginen dute Hezkuntza Ministerioarekin irailaren 14an. «Euskal Herritik interpelazio indartsu bati erantzun diogu. Baionatik egin digute, brebetaren azterketak direla eta», adierazi zuen ministroak Senatuan. Urte guziko mobilizazioen ondotik, Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten Seaskako ikasle, guraso eta irakasleek ekain hasieran. Gainera, Seaskak euskaraz erantzundako brebetako zientzietako azterketen zuzenketa antolatu du aurten; joan den astean eman zioten ikasle bakoitzari egindako lanagatik merezi duen nota. Seaskak aspalditik eskatzen zuen bilkura hautetsiei eman diete azkenean. «Pentsatzen dut ministeriokoek nahiago dutela erakundeetako ordezkariekin bildu, baina Seaskaren ekintzarik gabe ez genuen bilkura lortuko», erran zuen joan den astean, bilkuran parte hartzekoa den hautetsi batek.

Traktoreak, adreiluzko paretak, bidoiak, kautxuzko errotak... Indar erakustaldia egin nahi izan zuten Bakegileek orain dela hilabete Luhusoko plazan egin zuten agerraldian. Blokeatze egun handia iragarria dute larunbat honetarako, Frantziako Gobernua bultzatzeko gatazka konpontzeko urratsak egitera. Ipar Euskal Herria gelditu, Paris mugiarazteko.

Euskal Herriko gatazkaren konponbidean Frantziako Gobernuarekin duten «blokeo egoera» gainditzeko «ekintza azkarrago, ausartago eta ikusgarriagoetan» oinarritutako fase batera pasatuko zirela iragarri zuten Bakegileek abenduan. Urtean zehar eman dituzte lehen laginak: Baionako suprefeturan, Frantziako zergen egoitzan Biarritzen, autobideko ordainlekuan, Baionako auzitegian... Ekintza arinak izan dira nagusiki, komunikazio helburu batekin eginak; ez dute Parisen eragin, baina Bakegileek egin lezaketena erakusteko balio izan dute. Larunbatean hozka bat gainditzeko asmoa dutela erran dute behin eta berriz; 2016ko abenduan Luhusoko operazioak izan zuen eraginaren parekoa lortzeko helburua dute: «desblokeoaren bidean jartzen gaituen ekimena izatea», Anaiz Funosas Bake Bideko presidentearen hitzetan.

Azken urteetan, instituzioetan lekua hartu eta handik eragitea lehenetsi du mugimendu abertzaleak, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez adostasun zabalak lortzeko borondatearekin. Lorpenak lorpen, bere mugak erakutsi ditu, arlo guzietan. Ikusteko dago nola erantzungo dion Parisek Bakegileen ekintzari, eta erantzungo ote dion. Baina ez da dudarik: desobedientzia da Parisko eta Euskal Herriko instituzioak mugiarazteko bidea. Oinetakoetan harri koxkor bat dutela senti dezatela. Eta gero eta kozkorragoa bada, hobeki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.