Indarrak batzetik harago

Herri mugimenduen arteko indar metaketa eta aliantzak aztertzeko, bideo-elkarrizketa sorta bat osatzen ari da fundazioa. Irungo Lakaxitako eta harrera sareko kideekin egin dituzte lehenak.

Edurne Begiristain.
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Azken urteotan, Joxemi Zumalabe fundazioan borroka moldeen inguruan gogoeta egiteko aukera izan dute. Herri mugimenduen arteko elkar ezagutzeaz eta elkarlanaz aritu dira. Saretzeko eta elkarlanean aritzeko dauden zailtasunak eta hobetu beharrekoak aztertu, eta aliantza eta elkarlan politikoen helburuen inguruan gogoeta egin dute. Gogoeta horren guztiaren lagin bat sarean ikus daiteke, fundazioa aliantzen inguruko elkarrizketa sorta bat ematen hasi baita bideo formatuan, Argia aldizkariarekin elkarlanean.

Aliantzak borroka diferenteen arteko indar metaketa gisa ikusi ohi dira. Indar metaketa horien bitartez, gizartean eragiteko gaitasuna handitzen da, eta neurri berean egiten du gora, beraz, eraginkortasun politikoak ere. Euskal Herrian oso presente daude herri mugimendu, kolektibo eta taldeen arteko aliantzak, eta horiek balioetsi nahi dituzte Joxemi Zumalabekoek elkarrizketa sortarekin. «Gaur egungo kultura politikoan oso presente dago elkarrekin lan egitea, aliantzak egitea. Guretzat interesgarriak dira horien ingurukoak jakitea», azaldu du Marta Luxan fundazioko kideak.

Aliantzak osatzea aberasgarria dela uste dute. Joxemi Zumalabe fundazioak azken urteotan egindako gogoetaren ondorioetako bat da aliantza eta elkarlan politikoak eragileen arteko «inertzia» eta «harremanen eraldaketarako» bitartekoak direla. Kolektiboen arteko kooperazioa, elkarren ezagutza eta bata bestearen borroka eta egoerarekiko enpatia indartzeko tresna bat dela uste dute, eta, beraz, aliantzek eztabaidarako aukera ematen dutela. Besteen «betaurrekoetatik» begiratzeko eta beste errealitate batzuk ezagutu eta ulertzeko tresna iruditzen zaie. Eta horrek badu bestelako ondorio bat: norberaren posizioak aztertzera eta norbere burua kokatzera eramaten du sarritan.

Bi elkarrizketa sarean
Lehen bi elkarrizketak sarean daude jada: Irungo Lakaxita gune okupatuko eta Harrera sareko kideekin egin dituzte. Ez dira bakarrak izango. Fundazioko kideek jakinarazi dute hurrengo elkarrizketa gerraren aurka eta mugimendu antimilitaristaren barruan sortutako aliantzen ingurukoa izango dela. Asmoa dute, halaber, sektore feminizatuetako borroken aliantzen inguruan jarduteko, erresidentzietako ordezkariekin eta etxeko langileekin hitz eginda, eta baita hiri ereduaren inguruko aliantzak aztertzeko ere, auzo elkarte ezberdinak elkarrizketatuta.

Elkarrizketokin, zenbait eragileren arteko aliantzen eta elkarlan politikoaren argi-ilunak agerian utzi nahi dituzte. Gihar politikoa sendotzeko eta elkarren ezagutza sustatzeko aukera ematen dutelako, baina, aldi berean, gatazkak, mesfidantzak, beldurrak edota instrumentalizazioa ere sor ditzaketelako. Joxemi Zumalabeko kideek arazo eta erronka horiek guztiak plazara ekarri nahi dituzte elkarrizketen bitartez. «Ariketa polita da», azaldu du Ainhoa Narbaizak. «Fundazioaren barruan oso aukera gutxi ditugu gure kezkak eta esperientziak trukatzeko, eta orain norberaren esperientziak partekatzeko aukerazabaltzen ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.