Ezer gutxi dago ospatzeko

Kosovok alde bakarreko independentzia aldarrikatu zuen gaurko egunez duela zortzi urte. Europako herrialderik gazteena da, eta pobreena eta bakartuena ere bai, oraindik ere.

Oposizioko jarraitzaileak, protesta batean, Pristinan. Kosovo ez zatikatu irakur daiteke kartelean. VALDRIN XHEMAJ / EFE.
Ane irazabal
Pristina
2016ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Kosovon ezer ez da dirudiena. Europako herrialderik gazteena dela aldarrikatzen du, baina kaleetan arruntagoak dira Albaniako eta Amerikako Estatu Batuetako banderak, Nazio Batuen Erakundeak babesturiko ikur ofiziala baino. Bizikidetza eta tolerantzia aldarrikatzen dira, baina gutxiengoek bazterkeria politikoa pairatzen dute. Estatu laikotzat jotzen da, baina islamismo politikoaren eragina gero eta handiagoa da. Washingtonen estatu kuttuna batzuentzat, Errusiaren eta Serbiaren helburu besteentzat, gerraren zauriak irekiegi daude Kosovon.

Alde bakarreko independentziaren 8. urtemugan, kosovarrek ezer gutxi dute ospatzeko. Ustelkeria politikoaren eta krisi ekonomikoaren ondorioz, oposizioko mugimenduek protestarako deia egin dute gaurko: «Haserre egoteko arrazoi asko ditugu. Zortzi urte hauetan ez dugu subiranotasun politikorik eta ekonomikorik lortu», nabarmendu du Albin Kurti ekintzaileak.

Vetëvendosje! (Autodeterminazioa) alderdiaren liderra izan da urte luzez Kurti. Mugimenduaren aldarrikapen nagusia da Kosovo Albaniara batzea. «Nazio bat gara, ez du zentzurik banatuta egotea», erantsi du Kurtik. Baina, aldi berean, ez du onartzen Isa Mustafaren gobernuak gutxiengo serbiarrekin sinatu nahi duen akordio berria. «Hamar udalerri serbiarrek sasi-estatu bat osatu nahi dute, estatu bat estatuaren barruan. Ez gaude ados erabakiarekin, Kosovoren bosnifikazioa eragingo lukeelako. Serbiaren nahi espantsionistak olagarro bat bezalakoak dira», gaineratu du. Kurtik parlamentuko bilkurak boikotatzeari ekin dio, eta negar gasak bota ditu birritan.

Kosovo herrialde multietnikoa da, konstituzioaren arabera. Banderaren sei izarrek sei etniak ordezkatzen dituzte: albaniarrak, serbiarrak, bosniarrak, ijitoak, turkiarrak eta goraniarrak. Parlamentuko 120 aulkitik 20 betetzen dituzte gutxiengoek eta erakundeetan kuota sistema bat ezarri dute. Alta, errealitatea zeharo desberdina da. Populazioaren gehiengoa albaniarra da, %90 inguru, eta elite politiko zein ekonomikoa ordezkatzen du.

Arazo etnikoa

Azken zortzi urteetan sakondu egin da arazo etnikoa. Mitrovica oraindik ere gerraren zauri irekien adibiderik garbiena da. Zubi batek hiriaren hegoaldea (albaniarra) eta iparraldea (serbiarra) batzen eta banatzen ditu. Belaunaldi gazteek ez dute gerra ezagutu, baina traumen itzalean bizi dira. «Alde serbiarreko hilobi albaniarrak onik daude, baina alde albaniarreko hilobi serbiarrak suntsitu egin dituzte», salatu du gazte batek. «Herrialde artifizial bat da Kosovo; beraz, Pristinako gobernuak ez nau ordezkatzen. Nire hiriburua Belgrad da», irizten dio.

Kosovoko komunitate serbiarrak erresistentzia gisa ulertzen du Mitrovican bizitzea, eta salatu du eliza ortodoxoen kontrako erasoak handiagotu egin direla. «NATOko Kfor indar militarrengatik ez balitz, gure elizak suntsitu egingo lituzkete. Balkanetan zoratu egin gara: zapaltzailea zapaldua bihurtu da, eta zapaldua zapaltzailea», nabarmendu du monje ortodoxo batek.

Baina, zalantzarik gabe, ijitoak dira gutxiengo guztien artean zapalduenak. Bashkim Ibishi ijitoen eskubideen alde lan egiten duen Advancing Together erakundeko zuzendaria da. Haren ustez, diskriminazio sistematikoa pairatzen dute: «Ijitoen %98k ez dute administrazio publikoan lan egiteko aukerarik. Multikulturalismoa ez da existitzen».

Edonola ere, Kosovoko arazorik larriena langabezia da: 1,8 milioi biztanletik %40k ez dute lanik eta %17 muturreko pobrezian bizi da. Hori hala, 140.000 kosovarrek alde egin dute. «Serbiarekiko mugen malgutzearen ondorioz, Europa iparraldera joan dira. Errefuxiatuen ibilbide berberak erabili dituzte», nabarmendu du Ibishik.

Asko eta asko deportatuak izan dira, ordea. Kosovok bakartuta jarraitzen du. Kosovarrek bisak behar dituzte Europako Batasunera bidaiatzeko, kide gehienek bere independentzia onartzen duten arren. Hain zuzen, bisen liberalizazioa bilakatu da kosovarren aldarrikapen nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.