Ahaztuak eta triste. Beste aste bat oso gogorra

Eneritz Elustondo
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Lehen hitzak Joaquin, Alberto eta euren ingurukoentzat; gure antzera, bost hilabete baztertuak eta ahaztuak sentitzea ez zaigu batere arraroa egiten. Gure hurbiltasuna eskaintzen diegu. Eitzagarrak beti gogoratzen gara eurekin, eta sarritan auzokoren batek lora eskaintza egiten die plazako zutabeetan.

Gure babes bakarra izan dira otsailaren 16an Eitzagara inguruetako herrietatik antolatutako manifestazio erraldoia (bihotzez beti eskertuko duguna), aldiro antolatzen diren manifestazioak gogoratzeko egoera, Zaldibarko oposizioko taldearen postura irekia laguntzeko gure eskakizunak bideratzeko eta kitto.

Beste inork ez du hemen geldialdirik egin, komunikabideak euren irudiak ateratzen dituzte euren erreportariekin, eta gure osasun egoerari buruz ez dago ezer. Iraingarria egiten zaiguna da orain Ingurumen Sailaren Osasun Sailaren eta Jaurlaritzaren postura, euren kudeaketa onari buruz hitz egiten ordu guztietan medioetan agertzea, benetan kudeaketa ankar baten babesle izan direnean.

150garren eguna bete denean, kudeatzaile fantastiko horiek ez digute «egun on» ere esan. Etxetik premiaz ateratako familiei astebete dela eman diete itzultzeko baimena (autopista ireki dutenean), eta pozik.

Auzotik kamioiak pasatzeari uzteko eskaerari kasurik ez, nahiz eta bide seguruagoa beraiek barrutik eduki. Auzotarrak eta inguruetako herritarrak arrisku handian jartzen gaituzte, batik bat solasaldian Aixolako urtegira joaten diren oinezkoak, eta ez dira gutxi.

Lurren azterketen emaitza kuantifikatuak orain arte ez dituzte atera (lau hilabete beranduago); orain arte bakarrik idatziz ipini dute dena ondo dagoela; orain onartzen dute azterketa guzietatik produktu batean bakarrik aurkitu dutela legezko gehienezko neurritik puntu bat gorago dagoena, porru bat (ez da broma), eta hori baserriko lanek eragindako kutsaduragatik izan liteke (R.1881/2006 Pb [beruna] max. 0,10 mg/kg eta eman du 0,11 [10%]) haien iritziz agian hurreko erreturaren batengatik (beruna?).

Zortzi urteren ondoren, orain ere kutsatzen jarraitzen dute, eta, seguru asko, inoiz baino era kaltegarriagoan. Ermutik ikusten duten kea ez da sua, kamioiek jasotzen duten hautsa baizik. Lurrean nahastuta dagoen zikina, amiantoa eta batek daki zer gehiago haizeak jaso eta banatzen duena Eitzaga eta inguruetara.

Azterketa medikoak eskatu ditugu lehen egunetik zortzi urtean kutsadurapean egon direnentzat. Ezin da izan orain bertan lanean ari direnak une bakoitzean azterketa medikoak edukitzea, legeak ondo agintzen duen bezala kutsadura arriskuagatik, eta etorkizunean ere jarraipena eduki ondorioen arriskuagatik, eta bertan inguruan bizi izan direnentzat ezer ez.

Auzokoen osasun azterketari buruz, batzar askoren ondoren Zaldibarko alkateak onartu zuen eta hitzeman, auzoko aurreko batzarrean, ekainaren 16an, udalak bideratuko duela aurrekontu bat horretarako, denek onartzen badute, egungo egoeragatik Osasun Sailetik bideratzea gaitza delako. Guk prestatu genuen eskakizun idatzia, eta alkateari bideratu, aldaketarik nahi bazuen egin, gero oposizioak aldaketa barik onartzeko konpromisoarekin, eta horra hor gure harridura, hirugarren egunean ukatu egin zutenean denon aurrean emandako hitza.

Beste batzar bat eduki dugu orain berri. Alkatetza gonbidatu arren, ez da agertu.

Non dago horren etika, hitza, kudeaketa... Nortzuk, bere hitza falta duen norbaiti, sostengua eman eta sinetsiko diegu. Propagandan, ahoa betetzen zaie auzolana moduko hitzekin. Abantoko kide politikoen auzolana da Eitzagako Zabortegian hondakin industrial kutsatuak, amiantoa tartean, onartzeko baimena ematea, Ermuko biztanle guztiak eta Eibarko erdiak bi kilometroren barruan daudela, kapaz dena «teknikoki» egonkorra den lur gainean ziega bat, produktu nahastu eta kutsagarriak direnekin, baserri batetik 100 metrora ipintzeko, eta proiektua oraindik handiagoa egiteko, hemendik kendu beharrean. Hemen, auzoetan, auzolana ez da lagun dirudunekin gehiago egitea, elkarrekin denen onerako zintzo konponketak egitea baizik. Guregandik oso urrun zaudete, bai Zaldibar eta bai Abanto.

Aste honetako hauteskunde eztabaidan berriro ahaztuak izan gara. Benetan hildakoen edo desagertuen ardura dute? Bizirik gauden batzuekin behintzat ez dira asko arduratzen!

Talde politiko denak denboraz daude gure gogorapen minimo bat egiteko kanpainaren bukaeran, eta gutxienez barkamena eskatu gu denok bost hilabetean ahaztuak izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.