Arkaitz Ibarra Martinez. Alpinista

«Gaur egungo zortzimilakoetarako ez dezatela nirekin kontatu»

Argentinan, ospe handia du Arkaitz Ibarra Martinez alpinista bizkaitarrak. Oso ume zela, lehenik Granadara joan zen bizitzera gurasoekin. Azken urteetan, berriz, Argentinan bizi da. Gidari gisa lan egiten du han, eta hainbat marka jarri ditu.

ARKAITZ IBARRA.
Unai Ugartemendia.
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Azken seimilakoak jaitsi berri ditu Arkaitz Ibarra alpinistak(Gordexola, Bizkaia, 1977). «Gustura» hartu du elkarrizketa egiteko deia. Hitz errazekoa da. Aho bizarrik gabe hitz egiten du Gordexolako El Vascok.

Nor da Arkaitz Ibarra?

Gordexolan jaio nintzen. Herrian oso familia ezaguna ginen, aitonak errota bat zuelako. Aita, berriz, merkataritzako marinela zen. Andaluziatik Gordexolara etorrita zegoen. Nik 7 urte nituenean, Granadara (Andaluzia, Espainia) joanak ziren, nire osaba baten gaixotasun bategatik. Han gelditu ginen bizitzen. 28 urte nituen arte, han bizi izan nintzen. 2005etik, berriz, Argentinan bizi naiz. Mendiarekin liluratuta dagoen pertsona bat naiz. Nire lanbidearekin maiteminduta nago, eta oso pertsona lasaia naiz. Ahalik eta lan gutxien egiteko borrokatzen naiz [barreak].

Nola hasi zinen mendian?

Oso txikitatik, aitak perretxikoetara eramaten gintuen, eta lagunekin ere mendirako zaletasuna izaten hasi nintzen. Granadan, kirol eskola batean lan egiten hasi nintzen. Han, atletismoko eta mendiko jendearekin lan egiten nuen, eta ni ere mendiko lasterketetan hasi nintzen. Euskal Herrira ere etorri nintzen Lakuntza-Aralar lasterketara. Euskadiko Kopako proba zen, eta bigarren amaitu nuen, Ionut Zincaren atzetik. Ordurako, Sierra Nevadara joaten ginen eskalatzera, eta, handik gutxira, Granadako Diputazioarentzat hasi nintzen lanean gidari moduan. Oso gazte nintzela atera nuen bidezidorretako gidari izateko baimena.

Nola iritsi zinen Argentinara?

Maitasun arazo batzuk tarteko, hilabete baterako joan nintzen hara. Espainian bizi zen lagun argentinar batek aipatu zidan niretzako leku interesgarria izan zitekeela, ordurako jada mendi gida gisa lan egiten bainuen. Punako mendikatera joan nintzen. Argentina eta Txile artean dagoen eremu bat da, eta Andeetako mendirik garaienak han daude. Bakarrik joan nintzen, baina hango alpinista batzuk ezagutzeko aukera izan nuen. Mendi pare bat igo genituen, eta hango paisaia izugarri gustatu zitzaidan. Hilabete baterako zen bidaia, baina lau hilabetera luzatu zen.

Geroztik, El Vasco esaten dizute Argentinan.

Bai. Hemen denei jartzen diete izengoiti bat, eta niri ere azkar batean jarri zidaten! Espainiatik joandako jendeari Gallego esaten diete han. 2009an aita gaixotu egin zen, eta berriro ere itzuli egin behar izan nuen hilabete batzuetarako. Geroztik, ez naiz Argentinatik mugitu.

Behin Argentinan, gidari gisa hasi zinen lanean. Nola gogoratzen duzu hasiera hura?

2009rako jada espedizioak egiten nituen Argentinan, baina ikastaro bat egitera behartu ninduen Argentinako Mendi Gidarien Elkarteak. Hura egin ondoren, goi mendietako titulua atera nuen. Egia da lanen bat edo beste egin nuela titulurik gabe. Geroztik, etengabe nabil lanean.

Mendian korrika ere eginak dituzu hainbat erronka. Zurea da, esaterako, Mercedario [Andeak, 6.720 metro] mendiko errekorra.

2014an egin nuen. Orduan, Aconcaguako [Andeak, 6.961 metro] errekorra egiten saiatu nahi nuen. Entrenatzen ari nintzela, erori egin nintzen, eta sorbalda atera nuen. Bost eguneko baimen bat eskatu nien parkeko zaindariei, baina atzera bota zidaten. Oso zorrotzak dira horretan! Aurrerago, Aconcagua alderik alde zeharkatzen saiatu nintzen, baina hutsegite asko egin nituen plangintzan, eta ezin izan nuen amaitu. Aurten, berriro ere saiatu nahiko nuke azken erronka hori egiten. Oso gogorra da. 130 kilometro dira.

Neguko espedizioak izan dira zure erronka nagusiak azken urteetan. Zergatik?

Bai. Nire neguko lehena, Cerro Bonete Chico [Andeak, 6.760 metro] izan zen. Ordura arte, inork ez zuen igo neguan. Igo eta gutxira, Argentinako idazle batek idatzi zidan esanez bazela 6.500 metrotik gorako beste bat igo gabea: Tres Cruces [Andeak, 6.748 metro]. Eremu horretan, Eskalatzaileen uxatzailea izena jarri zioten glaziar bat dago, eta biak egiteko aukera izan nuen. Handik aurrera, bi proiektutan hasi nintzen. Garrantzitsuenak Neguko Hamar Handiak izena zuen. Neguan Andeetako hamar gailurrik handienak igotzea da helburua. Jada hamar urte daramatzat horretan, eta bakarra gelditzen zait; Mercedario [Andeak, 6.720 metro].

Orain arte ez du inork lortu erronka hori. Nola sentiarazten zaitu horrek?

Hori da! Oraingoz, inork ez du lortu hamar mendirik garaienak neguan kateatzea. Oraingoz, sailkapenaren lehen postuan gaude [barreak].

Orain artean igotako azkena, Aconcagua, irail amaieran igo zenuen. Ez omen zenuten hasiera erraza izan.

Askorentzat, Aconcagua ez da batere zaila igotzeko, baina neguan oso-oso gogorra da! Haize gutxiko momentuak gehienez ere bi egunekoak izaten dira, eta gailurrean baliteke orduko 140 kilometroko haize ufadak izatea. Aldagai horiek zero azpiko 60 graduko sentsazio termikoa sortzen dute. Neguan igotzeko egin beharreko eskariak oso-oso geldoak dira Aconcaguako parkean, eta oso denbora gutxi geneukan neguko igoera batean sartzeko. Baimena lortzeko bilera bat egiten dute hango gidariek eta beste hainbat erakundek. Elkartu zirenean, denek eman ziguten baimena. Baina, gutxira, denak grebara joan ziren.

Zer gertatu zen baimenarekin?

Konturatzerako dena blokeatuta gelditu zen! Egunak aurrera zihoazen, eta inork ez zuen telefonorik hartzen. Ulises Kuznesov laguna eta biok ginen joatekoak, baina negua amaitzeko zorian zegoen, eta ez genuen baimenik oraindik. Negua, udaberriko ekinokzioaren arabera, irailaren 23an amaitzen zen, 01:20ean. Irailaren 17an joatea erabaki genuen.

Baimenik gabe sartzea erabaki zenuten?

Baimenik gabe sartu ginen mendira. Argi neukan abiatu egin behar genuela, nahiz eta banekien, agian, hartutako erabakiak ondorioak izango zituela. Parkeko zaindariei esan nien beste mendi batera nindoala, eta ez nuela estaldurarik izango. Baimena ematen bazidaten, nire emazteari jakinarazteko esan nien, gero hark niri satelite bidez adierazteko. Lau egun genituen, baina oso eguraldi txarra zegoen iragarrita.

Halere, gailurrera iritsi zineten.

Bai. Azkenean, baimena irailaren 20an eman ziguten. Alde horretatik, jada salbu ginen. Baina iritsi eta gutxira, gaixotu egin nintzen. Hotz handia egiteaz gain, elur mordoa zegoen mendian. Ia izoztu egin ginen lehen bi egunetan! Biriketara aire izoztua sartzen zitzaigun une oro, eta biak txikituta geunden. Jaitsiera txarra izan genuen. Irailaren 22an, berriro abiatu ginen gorantz, eta hirugarren kanpalekuan utzi genituen gauzak gailurraren egunerako. Kuznesov, ordea, oso gaizki jarri zen. Bakarrik abiatu behar izan nuen gailurrerantz. Bi pauso ematen nituen aldiro, oka egiten nuen. Birikak oso gaizki nituen. Gailurrean egoteak dena ahantzarazi zidan.

Bizitza arriskuan jarri zenuen?

Ez dakit hainbesterako izan zen, baina azkar batean konturatu nintzen jaisten hasi behar nuela. Ezinbestekoa zen. Kuznesovengana iristean, beherantz jarraitzea erabaki genuen. Bularra ixten ari zitzaidan, eta oxigenoa behar nuen. Hil egingo nintzela iruditzen zitzaidan.

Neguko Hamar Handiak erronka amaitzeko, Mercedario. Noiz saiatuko zara?

Zazpi aldiz egon naiz gailurrean, baina neguan igotzea falta zait. Datorren urtean izatea espero dut.

Amaitzean, beste erronkarik egiteko asmoa duzu?

Bai, eta Andeetako Zeharkaldi Handiak izena jarri diogu. Pirinioetako zeharkaldien antzekoa izango da, baina 6.000 metrotik gora, eta Andeetan. Punako mendikatea zeharkatzea izango da erronka, baina 15, 20 edo 30 eguneko zeharkaldiak izango dira. Egun horietarako beharko genukeen guztia gainean eramango genuke, eta, ahalko bagenu, aldi bakoitzean bost edo sei seimilako igoko genituzke. Hori bai, oxigenorik edo laguntzarik gabe egingo dut. Hori egiteko laguntza beharko banu, ez luke ezertarako balioko. Niri ez lidake balioko. Zeharkaldiaren erdian ezinean ikusten badut neure burua, etxerako bidea hartuko dut

Inoiz erabili al duzu oxigenorik?

Mendian oxigenoa erabiltzearen guztiz aurka nago. Bakoitzak nahi duena egin dezake bere gorputzarekin, nik ez dut hori kritikatzen. Baina zortzimilako batera joateko oxigenoa erabili behar badut, nahiago dut zazpimilako batera joan, edo bestela seimilako batera. Hori argi daukat. Gauza horietarako oso garbia naiz. Askoz gehiago baldintzatzen naute etikak eta estiloak, altuerak baino.

Zer pentsatzen duzu azkenaldian Himalaian ikusi diren argazkiez?

Zortzimilakoena hilda dagoela pentsatzen dut. Dena aldatu dela iruditzen zait. Nahiz eta oraindik gauza batzuk egiten diren, dena indargabetuta dagoela ikusten dut. Ez dakit zergatik den; agian, sare sozialengatik edo, jendeak bere domina jantzi nahi du. Esentzia guztia galdu dute zortzimilakoek. Esaterako, oraindik ere K2 [Pakistan, Karakorum, 8.610 metro] mendian eta Botila Lepoa deitzen dioten eremuan kranpoiak jartzen ez dakien jendea egotea lotsagarria da. Hor konturatzen zara lehengo K2 ez dela egungo K2. Bakoitzak nahi duena egin dezala bere diruarekin zortzimilakoetan, baina ez dezatela espero ni joatea.

Zortzimilakoek ez al zaituzte erakartzen?

Batere ez! Oraingo zortzimilako asko turistentzat prestatutako mendiak dira. Oso maila gutxi duen jendearentzat dira zortzimilako asko. Adibide bat jarriko dizut: Brasilgo lagun baten emaztea telebistako aurkezlea da. Ia ez da mendian ibili, baina K2 mendia igo berri du.

Oraindik ere sinisten duzu alpinismoan?

Zortzimilakoetatik harago, bai. Munduko beste hainbat tokitan, jendea gauza handiak egiten ari da, alpinista izugarriak ditugu. Alpinista horiengan sinisten dut.

Ba al duzu etorkizunerako erronka handirik?

Ulises Kuznesovekin batera, Elurretako Lehoinabarra osatzea da asmoa; alegia, Errusiako bost tontorrak. Ez dugu eperik jarri, baina 2024an hasi nahi dugu. Ahalik eta azkarren osatu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.