Donostiako 66. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. KRITIKA

Solairuz solairu

Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'La camarista'



Zuzendaria: Lila Aviles.Herrialdea: Mexiko.Iraupena: 102 minutu.

Evek luxuzko hotel bateko gelak garbitzen egiten du lan. Bere ametsa azken solairuaz arduratzea da, gelarik garestienak baitaude bertan, eta soldata hobea edukiko bailuke. Monotoniaz betetako egunak bizi ditu Evek, bezeroen eskakizunak beteaz, eta haien objektu pertsonalak arakatuz entretenitzen da.

Lila Avilesek zuzendu du La camarista, gizarte mailakatu bati kritika egin nahi dion filma. Izan ere, erretratatzen duen hotela sistema honen isla da; zenbat eta gorago dauden solairuetan lan egin, orduan eta hobeto biziko zara. Ezkutuan gelditzen diren langile horiei ahotsa eman nahi izan die zuzendari mexikarrak, eta Eve bezalako klase baxuko ama gazteen egoera salatu.

Oso argi gelditzen da zuzendariak kontatu nahi izan duena, baita egin nahi zuen kritika ere. Era berean, esperantzadun kontakizun bat azaldu nahi izan du Avilesek, Eve ez baita bere egoerarekin konformatzen eta hotelean bertan eskaintzen den helduentzako hezkuntza programan emango du izena, etorkizun hobeago baten bila, hierarkia hartan apur bat gorago egon ahal izateko. Baina erdibidean gelditu dela iruditu zait. Mezua argi dago, baina mamia falta zaio. Hasteko, protagonistaren izaera itxiak zaila egiten du harekin enpatizatzea, bakarrik dagoenean ere gutxi eskaintzen baitio ikusleari, eta, bestalde, filmaren estrukturak ez dio kontakizunari aurrera egiten laguntzen, eta, beraz, interesa galtzen doa.

Indartsua zirudien proposamena da, beraz, La camarista, baina motz gelditu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.