MADDI ARIZTIA: BELDURREZ ETA AHANTZ

Maddi Ariztia ipuin biltzailea izan zen Saran: «istorio erraile» onei bildu zizkienak paperean etzan zituen Aita Donostiak akuilaturik. Ezezaguna den folklorista hura, alta, «bide urratzaile» gisa daukate aditu guziek.

Lehetxipia, Maddi Ariztiaren etxondoa eta bizilekua, Saran. PATXI ZUBIZARRETA.
Ainize Madariaga
Senpere
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Oharturik nere haurrak zein prestuki egoten ziren, lorietan, choratuak, ichtorio aditzen, etcheko neskatoek kontatzen ziozkatelarik, gogoatu zitzaidan behar nituela ichtoria zahar horiek, eskribuz eman, beldurrez eta ahantz. Eta gero, nere haurrek erran detzozten beren haurreri, hek, ttikitan, horren gochoki entzun zituzten ichtorio berak. Baziren, franko, neronek, haurrean, aditu nituenak, eta zein gogotik, entzuten nituen berritz! Hola bildu nuen beraz ichtorio andana bat. Geroztik, Aita Donostiak sustaturik, egin ahalak egin ditut ichtorio multchu hori emendatzeko», izkiriatu zuen Maddi Ariztiak Amattoren uzta (1937) liburuaren aitzinsolasean.

Mende erdia bete da irailaren 5ean Maddi Diharassarri Ariztia zendu zenetik: Resurreccion Maria Azkue eta Aita Donostia etnografoen heineko Sarako (Lapurdi) istorio biltzailea. Eta mendeurrena betetzen da istorio biltzaileak istorio erraileei bildutako ipuin horiek aditu zizkiela. Marie Diharassarri 1887ko uztailaren 28an sortu zen, Sarako Lehetxipia etxaldean; alta, 23 urtetan Ariztia deitura bildu zuen, Pedro Ariztia baztandarrekin esposatzearekin, 1910ean. Geroztik, Saratik mugitu ere egin gabe, baina urtero berritu behar zuen espainiar kontsulatuaren baimen berezi batekin bizi behar zuen (ikus goiko irudia).

Idazlea, haatik, aski edo erabat ezezaguna da, gutik baitute haren berri. Alta, Itxaro Bordak «bide urratzaile» kontsideratzen du Iparraldeko literaturaren errepasoa egitean, Euskaltzaindian 2018ko abenduaren 28an argitaratu zuen artikuluan: Euskal literatura Iparraldean (1960-2020).

Ariztiaren herrian iragan berri da bigarren aldikoz Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturaren azoka, eta Ruper Ordorika izan da aurtengo aitabitxi. Aurkezpen ekitaldian azkarki gogoan ukan du Ariztia: Amattoren uzta ipuin bildumako aitzinsolasaren zati bat leitu zuen, lerro hauen hasmentako zatia, hain justu ere: «Bere aitzinsolasa leitu dut ahots goran, harrigarria baita. Nehork guti ezagutzen du Ariztia; alta, ezagupena merezi du».

Baionako Bernat Etxepare lizeora sartzeko karrikaxka berriari, hala ere, Mayi Ariztia izena eman diote, ezagupen aldarriz.

Xabier Kalzakorta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak ere bat egiten du Borda eta Ordorikaren irakurketekin, Ariztiaren ekarpena kokatzerakoan: «Ariztiaren inportantziarik handiena da biltzaile etnografo gisa. Azkue eta Aita Donostia bezalakoa izan zen: biltzailea. Ariztia konturatu zen gauza zoragarri batez: bazeudela Saran istorio erraile profesionalak, oso onak. Bere herriko euskaraz bildu zituen kontakizun zoragarriak Ariztiak. Altxorra da alde askotatik: euskararen edertasunagatik, istorioak kontatzeko moduagatik... Bilduak dira oso kontalari onengandik, ez edonorengandik. 50 ipuineko altxorra bildu zuen; inportantzia dauka, beraz, euskararen aldetik, kontakizunaren aldetik, euskararen imajinarioaren aldetik... Lepoa jarriko nuke emakume maitagarri eta zoragarria izan zela».

Etnografo baten zientifikotasunez, Ariztiak aitortu zuen ipuin bedera nori eta noiz behatua zion. Ipuin-erraile horien arteko bat bereziki kuttuna zuen: Josepe Amorena, zeina aitzinsolasean berean aipatzen baitu: uda Itsasun (Lapurdi) iragaten zuen; negua, berriz, Saran. Halaxe azpimarratu du Patxi Zubizarreta idazleak: «Oso ederra da, berak esaten baitu nori eta zein urtetan entzun zion ipuina. Istorio erraileak esaten die ipuin kontalariei, eta batez ere Josepe Amorena Itsasuko artzaina aipatzen du, eta haren dotorezia; nola egoten ziren liluratuta, etxeko lanetan aritu bitartean, baina baita eguberri bezperetan ere deitzen zioten liluraturik egoten zirelako. Herri literaturak eskaintzen digu gure beldurren, ilusioen eta ametsen isla poetiko bat». Horregatik karrikaratu zuen Zubizarretak 2012an Amattoren uzta-ren egokitzapena, Erein argitaletxean, Klis Klasikoak bilduman, Maite Gurrutxagaren ilustrazioak lagun, ezezagutzaren ilunpetik jalgiarazteko Ariztiaren lana: «John Bergerrek esaten zuen ezin dugula harrika bota milaka urtetako kultura; gaur egun pantailari begira gaude, lehen sutondoa zena pantaila bihurtu da, baina oso hotza da. Sutondoan taldea zegoen, lilura zegoen, gaur egun pantailak duena. Oroimenari egiten zaion omenaldi bat da liburua, eta aldarri bat. Pixka bat nor garen hobeki ezagutu dezagun, eta baita ere hizkuntzaren edertasuna eta musikaltasuna». Aitortu du betiko obsesioetako bat zuela Ariztiaren lana ahanzturatik ilkitzea.

Joxe Arratibel ezagutzeko zortea izan zuen Zubizarretak; hura ere, Ariztia bezala, ipuin biltzailea izan zen: «Arratibelek kontatzen zuen zein liluraturik entzuten zituen ipuinak haurtzaroan, eta nola ematen zieten argitasun txiki bat beraien bizitzetan, pizgarria zitzaien ipuina, eta gaua zein beldurgarria zitzaien, ez baitzen farolarik, gaua beldurraren sinonimoa zen. Aldatu da mundua, baina uste dut gure barnea ez dela aldatu, behar ditugu eusgarri sinbolikoak eta estetikoak».

Ipuinek loriatzen dute Kalzakorta ere. Badu bulta bat haiek ikertzen ari dela, eta Ariztiarenekin topo egin zuelarik «harritu» zen: «Ipuinzalea beti izan naiz, batez ere herri ipuinen zalea. Ikusi nuen bazela altxor bat oso ederra. Konturatu nintzen ez zela berak bildu zituen ipuin guztien bilduma bat, zati bat baizik».

Izan ere, Maddi Ariztiak paperaren gainean etzan zituen ipuinak Lehetxipia etxondoaren inguruko istorio erraileei entzundakoak ziren, baina ez zituen bildutako guziak liburu bakar batean karrikaratu; Amattoren uzta-n franko bai, baina baita ere aldizkari batzuetan. Santi Onaindiak salatu zuen norat jo, bilduma osoaren berri hartu nahi duenari begira: «Gure Herria-n, Herria-n, Egan-en eta Anuario de Eusko Folklore-n idatzi du. Gure Herria-n asi zan, 1934'an, bere Amattoren uzta ipui sorta mardula argitaratzen; Eusko Folklore-n (1934) Leyendas laburdinas eman zizun, eta Egan-en (1949), Bi ohoinen ichtoria».

Xabier Etxaniz Erlek ere goretsi du Ariztiaren ekarpena, garaian garaiko testuinguruan kokatuz; etnografoaren gaineko artikuluan argitu du hori Auñamendi eusko entziklopedia-n: «Gizonezkoa zen mundu batean, folklorea biltzen aritzen ziren eliza gizonen ondoan, azpimarratzeko moduko lana dugu Maddi Ariztiak eginikoa. Euskal herri ipuinek xaramelaturik, jaso eta ondorengo belaunaldiei pasatu: horregatik bakarrik merezi du emakume honek euskal ipuin biltzaileen artean leku aparta».

Preseski, Amattoren uzta liburuaren frantsesez den sar hitzan, Piarres Lafittek azpimarratu zuen «folklorista bikaina» zela Ariztia, eta xehatzen du testuak nola bildu, hala etzan zituela paperean: «Ariztia andereak moldatu ahal izanen zukeen bere prosa, egokitu eta artoski landu. Ez dezagun ahantz Diharasarri Jaun Artzapezpikua haren osaba zela. Nahiago izan du behatu eta transkribatu, artzain edo emazte zaharren kontakizunei hitz bakar bat ere kanbiatu gabe. Linguistek eta arte primitiboaren adiskideek ez dute dolurik ukanen». Lafittek ere, haatik, Eskualduna aldizkarian, 1934ko uztailaren 13an, 1788. zenbakian halaxe laburtu zuen Ariztiaren kalibrea: «Eskuarazko liburu egile lehena hunaindiko eskualdun anderetan». Kepa Altonagak berak ez du dudarik haren ekarpenaren garrantziaz, baina lekuz eta tenorez kanpokoa egiten zaio: «Bide urratzailea izan zen Ariztia, baina une eta gune deserosoan. Ipuin etnografikoak bildu zituen. Ez zuen literaturarik egin. Beste langile xume eta ahaztu bat izan zen».

Izkiriatzeko tirriaren jatorria

Kalzakortak galdetu dio bere buruari nondik ote zetorkion Ariztiari izkiriatzeko tirria hori: «Maddi Ariztia Sarako Lehetxipia etxaldekoa zen, eta uste dugu batez ere Aita Donostiak bultzaturik hasi zela bere lanean. Kantuen bilketetan zenbait kantu Lehetxipian bildu zuela esaten du Aita Donostiak; etxe horretara joaten zen bera».

Horren lekuko da Ariztiak Aita Donostiari erantzun zion gutunean aipatzen duen bisita, «beti» izanen dela plazer eta «aspaldiko partez».

Apez batek akuilaturik idazten hasi bazen ere, Zubizarretak erantsi du Ariztiak bazuela garai hartan usaiaz kanpoko alderdi bat: baherik gabeko kontaketa egiten zuela, nonbait: «Ariztiak ez zeukan karga ideologikorik, Azkuek, Barandiaranek edo Lafittek eduki zezaketen bezala: entzun bezala idatzi zituen ipuinak, Aita Donostiak akuilatuta».

Artetik errateko, Aita Donostia ez ezik, Joxemiel Barandiaran ere ongi ezagutu zuen Ariztiak. Halaxe egiten du aipua Mikel Atxagak Euskal emakume idazleak (1908-1936) liburuan (Eusko Jaurlaritza, 1997): «Izan zuen, jakina, harremanik Joxemiel Barandiaranekin ere, Francori ihesi auzo bilakatu baitzitzaion. Egunero igarotzen zen Ataungo jakintsua Lehetxipitik, elizara bidean».

Altonagak ere bere buruari galdegiten dio Ariztiaren idatz zaletasunaren jatorriaz, preseski bidean duen liburuan, Axularren gerizapean (Pamiela): «Ez dakit nondik etorriko zitzaion letrak paperean emateko zaletasuna. Beharbada etxeko osaba apaizarengandik. Halaber, seguruenez, Silvestre Fortabat herriko erretoreak itsatsiko zion Axularren xarma, eta hauspotuko. Nolanahi delarik, nik neuk Maddi Ariztia axulartu bat begietaratzen dut, 1925ean, 82 urteko Josepe Amorenaren Axularren ipuinak hurrupatzen eta kopiatzen».

Axular solas, Zubizarretak izen handi haren itzalpean egin nahi izan zuen 2012an argitaratu zuen Ariztiaren ipuin bildumaren egokitzapena: «Ehun urte dira haurrean entzun zituenetik ipuinak, ni saiatu nintzen Axularren estilora egokitzen, sinonimoak oharretan eman beharrean, esaldian bertan egokitzen». Gisa berean, hiztegian bezala, ipuinen gorpuzkeran ere ebakuntza batzuk egin ditu, ipuin «ausartak eta gai gordinak» badira ere, gauza zenbaitetan «zaharkituak» gelditu baitira, hala nola erlijio gaietan: «etikoki desegokiak» direlakoan.

Ipuinetako etxeez

Ipuinen alorretik at ere lan egin zuen Ariztiak, euskal etxe zaharrez eman baitzuen hitzaldia Donostian, baina horretaz ez da datu bakarra baizik ailegatu, zeina Mikel Atxagak ohartarazi baitu. Kontatu du Euskal-Esnalea aldizkariak antolatu zituen hitzaldietan parte hartu zuela Ariztiak 1933an, Donostiako Novedades antzokian, Euskal etxe zaharrak izeneko mintzaldia emanez: «Hala ere, idazteko eta irakurtzeko ateratzen zuen astirik. Euskal etxeen egituraz, zurajeaz eta abarretaz zaletua zenez, Euskal etxe zaharrak izan zen 1933an Donostian eman zuen hitzaldiaren gaia. Bere sortetxean ez ezik, Sarako etxe askotan ere Maddiri esker bistaratuak dira harlanduak eta hormetako zurajea».

Urko Apaolaza Avilak halaxe laburtu zuen Argia aldizkarian 2005ean idatzitako artikuluan: «Abertzaletasun katolikoak eta urte haietan kaleratu zen Euskal-Esnaleak-ek euskal emakumeei kultura garatzeko aukera bat eman zien. Euskararen aldeko aldizkari horrek literatur lehiaketak eta hitzaldiak antolatzen zituen, eta bertan hainbat emakumek parte hartu zuten: Marie Diharassarri, Maddi Ariztia izenez ezagunagoa, Ignazia Pradere, Rufina Azkue eta halako idazleak aurkitzen ditugu hemen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.