Arreta osoa klimaren larrialdiari

Ekologistek zenbait museotan egindako ekintzek hizpidera ekarri dute klima krisia. Halako protestekin arreta handia lortzen dute taldeek; hori hala, euren komunikazio estrategiaren parte dira. Baina arbuioa ere eragin dezakete.

Just Stop Oil taldeko bi aktibista Londresko National Galleryn, Van Goghen obrari zopa bota berritan. JUST STOP OIL / EFE.
amaia igartua aristondo
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Van Goghen ekiloreak protesta ikur ere badira orain. Londresko National Gallery museoko segurtasun langileen mesfidantza piztu gabe hurbildu ziren bi gazte ekologista artelanera duela hiru aste, atera zituzten tomate-zopa poteak, ireki, eta koadroari jaurti zioten edukia. Ondoren, segurtasun perimetroa gainditu, eta zikindutako lanaren aurrean jarri ziren belauniko, pote hustuak eskuan eta talde ekologistaren izena argi euren kamisetetan: Just Stop Oil. Taldeko beste kide batek gertutik grabatu zuen dena. Erresuma Batuko Gobernuak erregai fosilen ustiapena gelditzeko egin zuten protesta.

Ikusi gehiago: ARTELANAK JOMUGA

Molde bera baliatuta, beste zenbait aktibistak ere aldarri ekologistak hizpidera ekarri dituzte: besteak beste, zikindu dituzte jada Vermeerren Perladun neska Herbehereetan, Van Goghen Ereilea Erroman, Claude Moneten belar meten bildumako lan bat Berlinen, eta eskuak itsatsi zituzten Pablo Picassoren Masakrea Korean laneko markoan. Kasu denetan, artelanek ez dute kalterik izan —markoek bai, baina gutxi—, ekintzaileek kristalez babestutako obrak hautatu baitituzte; baina, hala ere, protestok arbuiatu dituzte hedabide askok, «eraso» eta are «atentatu» gisa joz. Oihartzuna izan dute, ezbairik gabe.

Eta, hain justu, zeresan mediatikoa erdiestea da gisa horretako ekintza ikusgarrien ekarpen nagusia, Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko Titulazioen arduradun Juan Pagolaren irudiko. Gainera, museoetako ekintzak urrian eta azaroan ugaritu dira, NBEren COP27 biltzarraren aurretik, zehazki, eta Pagolari ez zaio kasualitatea iruditzen. «Seguruenik, COP27n talde horiek pisua izango dute, baina bigarren mailakoa; gehiago entzungo diegu lider politikoei. Ekologistei presentzia handiagoa emateko modu bat dira ekintzak, eztabaida betean baikaude».

Izan ere, ekintza «probokatzaile» horien bidez, gaia agendan sartzen da, Pagolaren arabera. «Lehen ez bazegoen, edo ezkutuan bazegoen, orain horretaz hitz egiten hasi dira. Gai horiei kasu egiten ez zien jendea ere gai horiek ikusten hasi da». Gainera, taldeek jendearen «haserrea» aprobetxatzen dute ekinbide horien bitartez, eta, hala, arrasto sakonagoa uzten dute publikoarengan, dioenez. «Biztanleengan ezinegon bat dago, uste baitute agintariek ez dietela kasurik egiten euren interesei. Gero eta jende gehiago dago haserre hori erakusten».

Komunikatzeko tresna eraginkorrak dira ekintzok, eta eraginkorrak izan dira lehendik ere. Preseski, talde ekologistek asko jo izan dute protesta ikusgarrietara, Pagolak gogoratu duenez: orain dela 30 bat urte, Greenpeacekoak Japoniako balea arrantzontzietatik zintzilikatzen ziren, Alemaniako ekologistak uranio hondakinez betetako trenen aurrean jartzen ziren... «Arazoa izaten da azalean gelditzea, eta hori badakite talde ekologistek. Baina azalean gelditu direnek ere galdetzen diote euren buruari: 'zergatik egin dute?'». Jendeak gogoan du baleengatik egiten zutela, edo energia nuklearraren kontra... Eta, hori horrela, jendeak buruan ditu, ekintzekin batera, baita haien arrazoiak ere. «Agenda mediatikoan sartzeaz gain, oroitzapen bat sortzen dute. Gaiak konektatuz joan dira, eta pertsonen memorian geratu dira».

Bide beretik, oihartzun mediatikoa «garrantzitsua» dela esan du Bilbo Bassaterrak, Futuro Vegetal eta Rebelion o Extincion talde ekologistetako kideak, baina bestelako onurak ere ikusten dizkie ekintza ikusgarriei. «Alde edo kontra egonda ere, derrigortzen zaitu planteatzera zer lehenetsiko duzun. Eta balio du, halaber, klimaren inguruko berriak gehien aztertzen ditugun pertsonok transmiti dezagun sentitzen dugun larritasuna».

Estrategia hori erabili dute Futuro Vegetalekoek, hain justu: joan den zapatuan, bi taldekidek euren eskuak itsatsi zituzten Goyaren Maja biluzik eta Maja jantzita koadroen markoetara, Madrilgo Prado museoan, artelanen arteko horman +1,5ºC pintatu ondoren. NBEren adierazpen baten harira egin zuten: onartu zuten saihetsezina izango dela lurraren tenperatura 1,5º gradu baino gehiago igotzea. «Ezingo dugu bermatu geure elikagaiak ekoizteko gai izango garenik. Eta hori hemendik zortzi edo, gehienez, hamabost urtera gertatuko da», Bassaterrak azaldu duenez. Mezua arrakasta handiz helarazi dute: ordutik, hedabide askok hitz egin dute eurekin. Eta nabarmen igo dira donazioak: «Lehen, hilean hogei euro biltzen genuen; ekintzaren egunean bakarrik, 250 bat euro jaso genuen».

Interesak arbuioa ere dakar

Interes mediatikoak ere baditu haren itzalak, halere, eta horren jakitun dira Bassaterra eta gainontzeko kideak. Protestatu zuten bi emakumeak espetxean egon dira hainbat egunez, eta atxilotuak izan dira, halaber, ekintza grabatu zuten bi kazetariak. Hainbat delitu egozten dizkiete: desordena publikoa, hormako pintura hondatzea eta ondarearen kontrako kaltea. Baina, Bassaterraren iritziz, auzibideak ez luke aurrera egin beharko, tentuz antolatu baitzuten protesta, ondorio legal ahalik eta gutxien izateko. «Museoko horma tenperarekin pintatu zen; urarekin garbitzen da. Eta markoetara itsatsi ziren, koadroei elikagaiak bota beharrean, artelanek ez dutelako kristalik; obrari kalterik egin izan bagenio, lau urte eta erdiko kartzela zigorra izan genezakeen. Bi orduren ondoren, obrak ikusgai zeuden berriro ere».

Dena den, epaileez gain, iritzi publikoa ere badago. Pagola ezkorra da. «Uste dut oraindik iritzi publiko nahiko kontserbadorea dugula ohiturei dagokienez, ondarearen zaintzari dagokionez... Eta logikoa da. Baina batzuek eraso egin dietela sentitzen dute ondarean edo artelanetan egindako ekintza horien bidez; are, ez-morala iruditzen zaie». Dioenez, batzuek statu quo-aren urraketarekin lotzen dituzte ekinbideok.

Bassaterrak zuzenean bizi izan du kontrakotasun hori, are gehiago zapatuko protesten ostean. «Barneratuta daukagu, belaunaldi batzuek batez ere, autoritatearekiko obedientzia itsua. Horrek jende bat hauspotzen du arbuioa zakarrago erakusteko: gure heriotza eskatu dute, torturatu gaitzatela...». Badago halako iritziak eragiteko arriskua, baina uste baino txikiagoa da, ekologistaren hitzetan.

Dioenez, ikerketa batzuek frogatu dute arrisku hori ez dela benetan hain erreala, eta jendeak gogoa duela ekintza esanguratsuagoak egiteko. «Nekatuta daude, manifestazioetara joan arren ez baita ezer gertatzen. Halako ekintzak gustatu egiten zaizkio jendeari, eta asko konbentzitzen ditu ekintzaileagoak izateko». Protesta ikusgarriari esker, jendea hurbiltzen da hura egin duen taldearengana, baina moderatuagoak diren sektoreak ere indartzen dira, Bassaterraren esanetan. «Jende batek agian ez du bere burua ikusten protesta mota hori egiten, baina konturatzen da zerbait egiten egon beharko litzatekeela, eta beste modu batean parte hartzea erabakitzen du».

Espektakuluaz gainerakoak

Dena den, ekintza ikusgarriak taldeen komunikazio estrategiaren zati bat baino ez dira. Koadroetan esku hartu, errepideak moztu... Horiez gain, bestelako ekinbideak ere egiten dituzte. «Mugimendu klimatikoak ez lituzke bakarrik ekintza ikusgarriak egin behar; ikusgarritasuna baino gehiago, ekintza behar ditugu. Gu geu hasi beharko ginateke korporazio handien zentroetara joaten, eta ekoizpena gelditzen».

Futuro Vegetal horretan ahalegindu zen urrian, baina «poliziaren presioarekin» egin zuten topo. Abeltzaintza dute jopuntuan, eta hiltegi handi batera sartzeko asmoa zuten. «Poliziak jarraitzen zigun, geldiarazi gintuzten, polizia sekretua ere zelatan genuen...». Museokoa bezalako ekintzek, dena den, laguntzen diete bestelakoak aurrera eramaten. «Ahalegintzen garen hurrengoan, jende gehiago izango gara, eta zailagoa izango da Poliziarentzat gu gelditzea».

Estrategia komunikatiboaren beste zutabeetako bat dute mezuaren zehaztasuna, eta zientifikoki errefusa ezina izatea. «Eskatzen duzunean orain ekiteko klima larrialdiaren eragina gelditzeko, ez duzu ezer zehazten; askok zalantzan jar dezakete ea posible den, zerbaiterako balioko duen, eta nola egin daitekeen, modu asko baitaude». Aldiz, mezu konkretuago batekin, uste du jende gehiago konbentzi dezaketela.

Batetik, norberaren lurraldeko arazoei heltzeko bide ematen du horrek; bestetik, gai jakin hori sakon garatzeko aukera ere eskaintzen du, eta horrek alde askotatik dituen ondorioak ikusaraztekoa. «Hitz egiten baduzu haragiaren industriaz, argi ikusten da herri subiranotasunaren galera dagoela jabeek lurrak bereganatzen dituzten heinean, sortzen duen kutsadura, animalia ez-gizatiarren eskubideen erabateko urraketa, lan gatazkak...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.