Haizea irakurtzea

Ahozko literaturak sortzen dien liluraz aritu dira elkarrekin hizketan Ruper Ordorika musikaria eta Yolanda Arrieta eta Kirmen Uribe idazleak Bilbon.

Kirmen Uribe, Ruper Ordorika eta Yolanda Arrieta, atzo, Bilboko Rekalde aretoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Kikura-mikura lankirikon, xikula-mirula ukalakon, ikula-mirula lankirikon, xikula-mirula unkalakon, ikula-mikula lakirikon, xikula-mikula ukalakon». Azkar eta zehatz Yolanda Arrieta idazlearen ahotan hitz jokoa mikrofonoari, eta soinu bakoitzari adi, isilik, aurrean zituen 60 bat pertsona. «Zer esan dut?», idazleak bere buruari galdera amaitzean, eta argia gero erantzuna: «Ez dakit». Urte luzez irakasle aritua da Arrieta, ordea, eta, hitz joko hori botatzen duen aldiro, isil-isilik gelditzen dira ume guztiak berari begira. Ahozko literaturak sortzen duen lilura ilustratu nahi izan zuen adibide horrekin Arrietak atzo, Bilboko Rekalde aretoan Labayru ikastegiak antolatutako Ahozko literaturaz izeneko jardunaldien barruan antolatutako mahai inguruan, eta lilura hori bera izan zuten mintzagai Ruper Ordorika musikariak eta Kirmen Uribe idazleak ere. Igone Etxebarria Labayruko kide eta ahozko literaturan adituak gidatu zituen hiru hizlariak.

0 eta 7 urte arteko adin tartea aipatu zuen Arrietak gakotzat. «Hasiera, oinarria, oraindik kode formala, letra idatzia sartu ez denean. Hor daude sehaska kantak, hor dauzkagu dekorazio olerkiak, dramatizazioak... Aldarrikatzen dut azaletik azalera edo begitik begira sartzen den literatura, hitza eta gorputza kontuan hartzen dituena, eta hortik, ba, hitzen kolorea, gustua, usaina eta ukitua atzemateko abilidadea». Baina halako literaturaren faltak bultzatu zuen aldarrikapena egitera. «Hizkuntzaren alde sentsorial hori ez da inon lantzen». Eta transmisio etena dakar hutsune horrek bere hitzetan. «Irakasle gazteek eskoletan ez dituzte ulertzen ahozko herri literaturaren irudiak: saltoak, egiturak, metaforak, errimak... Sinbologia aldetik, aldaketa handi baten aurrean gaude, baina labar bat da. Krak bat». Eta gurasoen ahotik ere kanta gutxi etxean, adibidez. Errimatutako testurik ere nekez. Irakasle eskoletan ere ahozko irakurketarik apenas. Eta horregatik guztiagatik, Arrietaren hizkuntzaren alde sentsoriala aldarrikatu beharra. Hutsunea dagoelako.

Proposamen zehatzak ere egin zituen. Bat: egon badauden ondare biltegiak dinamizatu eta ezagutzera ematea hezkuntzan eta herri dinamiketan. Bi: kanta, erromantze eta balada zaharrak hartu, eta molde berrian ematea. Eta hiru: herri literatura birpasatu, ikusi eta berregin, egiturak mantenduz baina muina eguneratuz. Eta puntuz puntuko azterketa egin ostean, esaldi bakarrera laburtu zuen idazleak asmo orokorra: «Etxe berri bat egin, lur zaharrean».

Bertako bluesa

Kanta zahar bat hartu zuen aipagai Ordorikak. Gazte zela liluraturik utzi zuen grabazioa ere jarri zien mahai ingurura gerturatutakoei. «Txorittua norat hoa,/ bi hegalez airian?/Espainialat juaiteko,/ elurra duk bortuan». Kantuan lehenik gizon bat, eta txistu pieza labur bat gero. Ordorikak azalpena. «Zergatik txunditu ninduen hainbeste? Ni nintzen Gasteizen bizi zen mutiko bat, espainieraz leku guztietan, euskara galarazita, eta, nire ustez, kanta honek bat egiten zuen nik orduan entzuten nituen blues rural horiekin, John Lee Hooker eta horiekin guztiekin. Misterioagatik. Denbora asko behar izan nuen jakiteko neure herrian gertatzen zela hori». Izan ere, musikariak onartu duenez, gazte sasoi hartan ezezagun zitzaion irratia sortu aurreko musikagintza hori guztia. «Urte asko behar izan nituen neure burua kanta zaharrei begira jartzen ikusteko». Gerora, ordea, maiz izan du inspirazio iturri. Behin baino gehiagotan izan du bere sorkuntzarako inspirazio iturri, esaterako. Eta kanta zaharrekiko lilura horrek eraman zuen Joseba Tapia eta Bixente Martinezekin batera Hiru Truku taldea sortzera ere.

Uribek aitortu zuenez, maiz izan du inspirazio iturri berak ere ahozko literatura, eta 0 eta 7 urte arteko adin tarte horretan jarri zuen berak ere begia. «Txikitan entzun dudanagatik naiz ni idazlea. Horregatik naiz, batez ere, idazlea. Hor hasten da dena. Hasiera etxeko ahozko tradizioa da». Gogoratu zuenez, ahozkotasunarekin lotuta dago gogoratzen duen lehen-lehen gauza. «Nire lehen oroitzapena ez da bisuala, sonoroa da, eta da berbotsa. Ez naiz gai deszifratzeko ze hitz ziren, baina kadentzia bat da, eta kadentzia hori entzuten nuen aita itsasotik etortzen zenean, normalean goiz partean, 18 egun kanpoan egin ondoren, eta halako poz bat egoten zen etxean».

Kanta norbere egitea

Malgutasuna aipatu zuen Uribek ahozko literaturaren bertute nagusitzat, eta adibide batez ilustratu zuen bere iritzia. Bere amonari ikasi eta gerora Mikel Urdangarinek moldatutako Txatxamatxalinatxu abestiarekin, zehazki. «Txatxamatxalinatxu jaio zan urtean/ herria (e)ta kofradia haserretu ziran./ Tirikitena beltza morena,/ ontza bat txokolate goizean onena». Uribek zehaztu zuenez, Gabonetan kantatzen zuen kanta hori bere amonak, eta detaile batean jarri zuen arreta. Idazleak zehaztu zuenez, hitzez hitz «tirikitena baltza morena» kantatzen zuen bere amonak. «Politena da 'baltza morena' esaten zuela berak, eta, berez, 'altxa morena' dio kantak. Bera akordatzen zen Ondarroako emakume bategaz baltza morena zena, eta horregatik esaten zuen. Eta hori da ahozkotasunak duen gauzarik ederrena, pertsona bakoitzak transmisioaren kate horretan bere egiten duela kanta. Aldatu egiten duela, eta 'altxa morena' izatetik 'baltza morena' izatera pasatu zen. Eta Mikel Urdangarinek esaten du 'beltza morena'. Horixe da politena, zelan norberak bere egiten duen kanta, eta ez den gauza finko bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.