KRITIKA. Dantza

Isiltasuna opari

Crystal Piteren Solo Echo dantzatu zuten herenegun, besteak beste, Miarritzeko Gare du Midin (Lapurdi). MATS BACKER.
Agus Perez.
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

'Nederlands Dans Theater 1'



Konpainia: Nederlands Dans Theater. Piezak eta koregrafoak: 'Walk the Demon' (Marco Goecke), 'Solo Echo' (Crystal Pite), 'Stop-Motion' (Sol Leon eta Paul Lightfoot). Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Azaroak 8.

Nederlands Dans Theater 1 konpainia Euskal Herrira etorri izana gertakizun eszenikotzat jo daiteke. Miarritzeko Gare du Midira ekarri duten egitarau hirukoitza Marco Goeckeren Walk the Demon piezarekin hasi da, eszenografia eta jantziak ere harenak zirela. Dantzari pare bat agertu dira hasiera batean, ikusmena baino azkarragoak ziren beso eta hanka mugimenduak eginez, eta apurka-apurka gehitu zaizkie konpainiako beste dantzariak —zazpi izan dira guztira— den-denak prakak jantzita eta bularraldea agerian —hiru emakumeak azalaren koloreko maillota jantzita—. Hasieratik bertatik harritu gaituzte keinuen abiadurak eta perfekzioak, konparagarriak zirenak hegaztien buruen posizio aldaketa bizkor eta zehatzekin.

Bestetik, dantzarien jardun frenetiko neurtuari babes handia eman dio soinu-bandaren diseinuak, eta, alde horretatik, Anohni Hegartyren ahots lakar malenkoniatsuak kontrapuntu ezin ederragoa jarri dio dantzarien jardun optimistari, Pavel Haas eta Pehr Henrik Nordgrenen konposizio aberasgarriekin batera. Haien doinu askotan tragikoek, gorila baten presentzia ia subliminalak —benetan ikusi dugu?—, dantzarien agerpen eta desagerpen misteriotsuek eta keinu bidezko lengoaia sinkopatuak mundu estrainio batean sartu gaituzte, eta gerla hotsen artean izandako besarkadak jarri dio amaiera Goeckeren maisulan honi.

Crystal Pitek sinaturiko pieza —Solo Echo— Johannes Brahmsen piano eta txelorako bi sonatarekin edertuta etorri da, eta dantzari guztiak gris koloreko prakak eta maukarik gabeko alkandorak jantzita agertu dira, sexuen arteko bereizketarik egin gabe, aurreko atalean bezala. Lehen sonataren doinupean, hainbat solo eta duo ikusi ditugu —haiek guztiak maila sublimean garatuta—, eta, haien artean, abiaduraren irudi izoztuak gauzatzen ziren noizean behin, dantzarien irristaldi miresgarriak bat-batean gelditu eta mugimenduaren balizko jarraipena zehaztasun itzelez iradokita.

Brahmsen beste sonatarekin, talde moduan jardun dute guztiek, indar eta malgutasunaren erakustaldi betean eta —aldian behin zazpiak ilaran jarrita— abandonu jarrera geldoak deskribatuz. Une jakin batean konturatu naiz mugimenduaren beraren isiltasuna zela gehien harritzen ninduena, eta nik uste dut hori berori dela dantza emanaldi batetik jaso dezakegun oparirik onena.

Sol Leon eta Paul Lightfooten Stop-Motion, azkenik, hiruretan konbentzionalena egin zaigu, hura ere maila bikainekoa izan arren. Elementu eszenikoen demaseko erabilerari genero banaketa klasikoa gehitu zaio, eta amaiera aldean duo gaindiezin bat gertatu da gutxienez, baina beste elementu asko—agertokiaren inguruan bueltaka ibiltzea, sei metroko soineko beltza, atzerantz lasterka egitea...— aspaldi ikusitakoak iruditu zaizkigu eta hirugarren lekuan utzi dute berez azken lekuan etorri den pieza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.