Bertsolaritza

Begirada guztiak finalera begira

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Horrekin batera, erabakita geratu da finalisten zerrenda

Nerea Ibarzabal bertsolaria, atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan, Larrabetzun. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Larrabetzu
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Osatu da 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko zortzikoa. Nerea Ibarzabal Salegik irabazi zuen atzo Larrabetzuko hirugarren eta azken finalaurrekoa, 542,5 puntu lortuta. Eta, hala, finalerako sailkatu zen zuzenean. Ibarzabalek ez ezik, bertsolari hauek ere osatuko dute finalisten zerrenda: Gorka Pagonabarragak, Etxahun Lekuek, Aitor Bizkarrak, Xabat Galletebeitiak, Jone Uriak, Aitor Etxebarriazarragak eta Onintza Enbeitak. Abenduaren 18an jokatuko da finala, Bilbo Arenan.

Dotore zegoen atzo Larrabetzuko frontoia, bete-bete. Itxaro Juaristiren esanetara, saio biribila osatu zuten sei bertsolariek, eta, entzuleen artean ere nabaria zen aurtengo finalistak ezagutzeko jakin nahia. Entzule gehien bildu dituen finalaurrekoa izan zen azkenengoa: 700 lagunek bete zuten frontoia. Ibarzabalen atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Jone Uria, Txaber Altube, Ander Elortegi, Eneko Abasolo Abarkaseta Julen Arzanegi.

Zortziko txikiarekin berotu zen giroa saioan. Oporretara batera joan ohi diren lagun biren larruan jarri zituzten Ibarzabal eta Altube. Adinean nagusi doazela-eta, Benidormera joan ordez, leku lasaiago batera joateko eskatu zion Ibarzabalek kideari. Iaz bizi izandako esperientzia kontatuz abiatu zuen bertsoaldia saioko irabazleak: «Pajaritos dantzatzen/ ni indar batean/ esginzea egin nuen/ iaz besapean». Fin erantzun zion Altubek: «Astin ezazu gerria/ artrosiaren kontra».

Uriak eta Arzanegik ere bertsoaldi polita osatu zuten. Eskutitzak idazten dizkio Arzanegik bikoteari, baina, hark iristen ez zaizkiola esaten dionez, postontziari begira dago Arzanegi. Halako batean, Uria postariak, eskutitza jaso, eta poltsikoan gorde du. Zuzen abiatu zen Uria: «Nahiz zabiltzan bihotzak/ konkistatu nahian,/ Julen, ez gara bizi/ Bilintxen garaian». Idatzi beharrean, esan beharrekoa aurpegira esateko aholkatu zion Uriak: «Nire ustez egiten/ zabiz estropozu/ zure ilargi bete/ ta goizeko mosu:/ zoaz berarengana,/ eta esaiozu».

Hamarreko txikiko ariketa gogoetarako baliatu zuten bertsolariek. Bikotea ziren Altube eta Elortegi. Elortegik lan egiten duen lantegia itxi egingo dutenez, komunean topatu du bikotea Altubek. Hala amaitu zuen lehen bertsoa Altubek: «Egizu negar baina,/ neurekin egizu». Aurrera egin behar dela esan zion Altubek Elortegiri, eta fin amaitu zuen ofizioa azken horrek: «Atea zabaldu ta/ goazen hastera».

«Ondotik igarotzen den bakoitzean, gaizki begiratzen dizu. Ezin duzu gehiago». Horixe zen kartzelako gaia. Ariketa horretan jaso zuen txalo zaparradarik handiena irabazleak. Semearengandik jarrera oldarkorrak jasaten dituen ama baten rolean abestu zuen Ibarzabalek. Hala amaitu zuen lehenengo bertsoa: «Ta gogorra da inoiz bizitzan/ baztertua zarenean,/ baina askozaz gogorrago da/ zeure semea danean». Txalo zaparrada batekin amaitu zuen hirugarrena: «Atea itxita aurkituko du/ uler dezan gau beltzean/ biolentorik ez dela onartzen/ bere amaren etxean».

Uriak ere bertsoaldi polita osatu zuen kartzelako ariketan. Mutil laguna izandakoarengandik jasotako tratu txarra izan zuen hizpide. Mezu argi batekin itxi zuen bertsoaldia: «Hori baimentzen dioten/ ondokoena da kulpa». Abenduaren 18an jokatuko da finala, baina, ordura arte, zain egotea baino ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.