Klima larrialdia. 'El Niño' fenomenoa

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Munduko Meteorologia Erakundeak uztailean eman zuen hasitzat 'El Niño' fenomenoa. Jatorria Ozeano Barean du, baina eragin ohi duen tenperatura igoerak mundu osoa astindu du, inoizko udarik beroena izan baita. Alabaina, neguan izan ohi du indar handiena, eta uste dute 2024an nabarituko direla horren ondorioak.

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea.
inaki petxarroman
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun

Zazpi urteren ostean, uztaila abiatzearekin batera, hasitzat eman zuen Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) El Niño fenomenoa. Iragarri zutenez, itsaslaster hori agertzeak nabarmen areagotuko zuen tenperatura errekorrak gainditzea, bai ozeanoetan, baita munduko zenbait tokitan ere.

Iragarpen hori egin eta hilabete gutxira, baieztatu baino ez dira egin orduko susmoak. Europako Batasuneko Copernicus zerbitzuaren datuak erabiliz osatutako txostenean, Munduko Meteorologia Erakundeak jakinarazi du 2023ko uda izan dela inoiz erregistratutako hiruhilekorik beroena. Halaber, aurtengo abuztuko tenperatura industria aurreko batezbestekoa baino 1,5 gradu beroagoa izan da, eta inoiz erregistratutako hilabeterik beroenetan bigarrena, 2023ko uztailaren ondoren. Iraila ere bide beretik doala esaten ari dira adituak.

Ikusi gehiago:Maialen Martija: «Klima krisiari 'El Niño' gehituta, hurrengo urteak oso-oso beroak izango dira»

Airearen tenperatura ez ezik, ozeanoenak ere goia jo du; abuztuan, inoizko tenperaturarik beroena erregistratu zuten itsasoek, 20,98 gradu batez beste. Antartikako itsas izotzaren azalera ere inoizko txikiena izan da. Irailean 16,9 milioi kilometro koadro itsas izotz neurtu zituzten han, 1981-2010ekoaren batez besteko kantitatearen (18,7 milioi kilometro koadro) oso azpitik.

Lehen zortzi hilabeteetako batez besteko tenperaturak urte beroen serie historikoaren bigarren tokian paratu du jadanik 2023a, baina adituek ohartarazi dute hemendik urte amaierara bitarteko joerak aurreikusita oso litekeena dela 2023a serie historikoko urterik beroena izatea azkenean.

Egoera horren erantzule nagusia garbi dute zientzialariek: atmosferako berotegi gasen pilaketa, gizakien jardueraren ondorioz urtez urte handitzen ari dena. Baina bada beste faktore bat ere, jatorri antropogenikoko klima aldaketari aldian behin erantsia: El Niño itsaslasterra.

Irailaren 14an, Copernicusek iragarritako datuak berretsi zituen NASAk. Orduan egindako agerraldian Josh Willis erakunde horretako ozeanologo eta klimatologoak esan zuenez, «El Niño-ren itzulera dela eta, ezohiko tenperatura beroak izan dira itsas azaleran, eta, neurri handi batean, horiek eragin dute udako bero hori».

El Niño fenomeno natural bat da, eta haren ezaugarri nagusia da ohi baino gehiago berotzen dela Ozeano Pazifikoko tropikoko itsas azaleraren tenperatura. Hura nagusitzean, ekialdeko haize elisioak ahuldu egiten dira, eta, horrekin batera, mendebaldeko Pazifikoko ur beroak Peru mendebaldeko kostaldera iritsi eta epeldu egiten dituzte hango urak. Pazifikoan gertatzen den horrek eragina dauka munduko beste ozeanoetan, eta, itsasoak eta atmosfera elkarri lotuta daudenez, airearen tenperaturak ere nozitzen du ezohiko igoera bat.

Adituek argi daukate: azken urteotako munduaren berotzearen jarraipena da aurten, baina, El Niño-k eragin duen bero erantsi horrek ekarri ditu errekor tenperaturak. Izan ere, orain arteko urterik beroenetan —2016a, kasurako— El Niño indarrean zen. «Berotze egoera batean, El Niño honek eragin du era guztietako errekorrak gainditu ahal izatea», esan zuen Willisek.

Gainera, hurrengo hilabeteak ere bide beretik joango direla ohartarazi du, edo joera areagotuko dela, 2024ko otsailetik apirilera bitarterako espero baitute itsaslaster horren eraginik handiena. MMEko Petteri Taalasek irailean udako tenperatura errekorrei buruz eginiko agerraldian adierazi zuen orain arteko datuetan ez dela nozitu El Niño-ren eragina.

MMEk, maiatzean kaleratutako txosten batean, aurreikusi zuen %98ko probabilitatea dagoela hurrengo bost urteetako batean inoizko tenperaturatik beroena erregistratzeko, eta %66koa 1850-1900 bitarteko batez besteko tenperatura baino 1,5 gradu handiagoa izan dadin. Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, ordea, horrek ez du esan nahi Lurrak Parisko Akordioan zehaztutako 1,5 graduko maila gaindituko duenik. Langa hori gainditzeko, bi hamarkadaz egon beharko luke munduak batez besteko tenperatura horretatik gora. Aurtengo uztail-abuztuetan industria aurreko batez besteko tenperatura baino 1,5 gradu beroagoak izan dira.

Euskal Herrian, hirugarrena

Euskal Herrian ere oso beroa izan da uda meteorologikoa, Euskalmetek eta Aemetek emandako datuen arabera. Serie historikoari erreparatuta, baina, ez da beroena izan, beroenetan hirugarrena baizik. Aurretik ditu 2003a eta 2022a. Muturreko fenomeno meteorologikoei dagokienez, abuztuko bero bolada aipatu dute, 18tik 24rako astean gertatutakoa. Halaber, ekaitzak ere nabarmendu dituzte, txingor erasoak, besteak beste. Halaber, inoiz Euskalmeteko sarean erregistratutako tenperaturarik beroena jaso zuten abuztuan, Sudupen: 45,6 gradu.

Ekaitz erasoek ez dute euria toki guztietara eraman, eta zenbait eskualdetan uda lehorra izan da: esaterako, Goierrin eta Arabako Lautadan. Nafarroan ere, euri erauntsiak nabarmendu ditu Aemetek. Herrialde horretan hamar minutuan behin euri erauntsiak erregistratzen dituztenetik inoiz ez dira izan aurtengo udan bezainbestekoak, Peio Oria Nafarroako Aemeteko ordezkariak nabarmendu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.