Kylie Throckmorton. Langilea

«Berdin du zein arlotan: sindikatua behar dugu»

Throckmorton kaleratu egin zuten Memphisen sindikatua sortzen saiatzegatik, baina azpimarratu du borrokak merezi izan duela.

urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Memphis hirian sindikatua eratzen hastean kaleratu zituzten zazpi langileetako bat da Kylie Throckmorton. «Lantegi segurua eta hobea nahi genuen, bezeroei irribarretsu harrera egin ahalko genien leku bat, etengabe lan orduengatik edo soldatagatik kezkatu gabe». Argi du zuzen jokatu zutela, eta dagokienaren alde borroka egiteagatik kaleratu zutela.

Noiz eta nola hasi zinen elkartzen, sindikatua eratzeko antolatzen?

Iaz entzun genuen lehenengoz nola eratu zuten sindikatua Buffalon, eta geu ere gaia aztertzen hasi ginen. Memphiseko dendan ere tratua txarra zen; osasunerako arriskutsuak ziren lekuak zeuden lantegian, sukaldean... Horiek eta langileok ditugun beste hainbat arazo konpontzeko, ezinbestekoa da elkartuta eta sindikatuta egotea.

Buffalokoaren ostean lehenengoetakoak izango zineten,AEBetako hegoaldeko inguruotan batez ere.

Memphisen sindikatzeko tradizio luzea dago, eta babes handia izan dugu, baina bai, hegoaldeko lehenak ginen. Gainera, herrialde moduan, aurreiritzi batzuk sortu dira urteotan: estigma moduko bat izan da sindikatuen aurka, are gehiago ostalaritzan, taberna-kafetegi, jatetxe eta abarretan. Baina uste dut belaunaldi berriak eta pandemiak agerian utzi dituzten gauzen artean aldaketa handia izan dela: sindikatzeak irudi positiboa dauka orain, oso bestelakoa, eta asko ari dira zabaltzen.

Erabakia hartu zenuten, eta kanporatu egin zintuzteten.

Sindikatua eratzeko paperak aurkeztu eta biharamunean, azalpen moduko bat egon zen, ikerketa baten berri eman ziguten. Hala ere, astebetez-edo denda itxi egin zuten, eguraldi kontuak zirela eta. Gero, banan-banan deitu gintuzten. Arduraduna ez zen han egon, eta zazpiak kanporatu gintuzten; hala sortu zen Memphiseko Zazpiak mugimendua.

Nola bizi izan duzu? Bazenuen halakorik gerta zitekeen susmorik?

Urtarrilean-edo hasi ginen elkartzen, eta otsailean kanporatu ninduten. Nik txarto hartu nuen, behea jo ere bai: egun pare batez ez nuen inor ikusi nahi izan. Baina, gero, haserrea eta amorrua batu zitzaizkidan, eta argi ikusi nuen borrokatu behar zela. Lehendik ere espero nuen borroka egin beharko genuela. Starbucksek itxura progresista eman nahi du jendaurrean, baina, azken batean, korporazio bat da. Estres handiko asteak izan dira, baina arrazoi genuen hasieratik.

Merezi izan du?

Zalantzarik gabe. Olatua indartsu dago, eta oso garrantzitsua da; ez Starbucksen bakarrik, beste konpainia handi batzuetan ere antolatzen ari dira: hortxe dituzu Amazon eta Verizon. Sindikatua betiko da. Berdin du zein arlotan den: gaia ez da amaitzen Starbucksen. Langileok merezi dugun eta zor zaigun duintasuna erakusteko behar dugu sindikatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.