Euskara edo beste ikasi, berdin

'Hotsetik hitzera. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek?' liburua aurkeztu dute. Argi utzi dute: umeentzat hizkuntza bat edo beste ikasteak zailtasun maila bera du

Hotsetik hitzera. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek? liburuaren aurkezpena, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Nola ikasten du haur batek hizketan? Mesedegarri edo kaltegarri zaio etxean hizkuntza bat baino gehiago jasotzea? Errazago egiten al zaizkio hizkuntza batzuk? Irakasleek, logopedek edo gurasoek izan ditzaketen zalantzak dira, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Maria Juncal Gutierrezek eta Mari Jose Ezeizabarrenak erantzun diete, Hotsetik hitzera. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek? liburuan, hainbat lanetatik edanda. Ereinek argitaratu du, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Ezeizabarrenak erantzun zien galderei: «Lehen hizkuntza ikasterakoan, denak dira berdin erraz edo zail». Eta ikasteko prozesua ere bertsua da, hizkuntza euskara edo beste edozein izan. Hala dio liburuak: «Lehen hizkuntza urraska ikasten dute haurrek, eta, harrigarria bada ere, oso antzeko garapen urratsak egiten dituzte edonon eta edonola bizi diren haurrek».

Hain zuzen, besteak beste, prozesu horixe aztertu dute bi egileek. Hau da, haurrak hots hutsak egitetik hitzak esatera eta haiek jostera nola igarotzen diren. Lehen hizkuntza eskuratzean, lau epe bereizi dituzte: zezelkatzearen aroa, hitz bakarraren aroa, bi hitzen aroa eta esaldi osatu eta konplexuen aroa. Eta zenbat denbora behar dute ikasteko? Hauxe liburuko erantzuna: «Lau urteak aldera haur gehienek hizkuntzaren muina bereganatua dutela esan daiteke, gramatikaren osagai guztien oinarriak ikasiak dituztelako, bai fonetika-fonologian, bai morfosintaxian». Baina ez da hor bukatzen: «Esate batera, hitzek eta esaldiek izan ditzaketen esanahi ugariak ez dituzte 10 urterekin ere oraindik helduek bezala interpretatzen (semantika-pragmatika). Hiztegia, berriz, bizitza osoan zehar hazten doan altxorra da, eta solasaldirako trebetasuna ere bai».

Prozesu baten fruitu

Alegia, hizkuntza bat ikastea prozesu bat da, eta, gainera, zenbait faktorek izan dezakete eragina. Hala dio Ezeizabarrenak: «Faktore asko daude urrats bat luzeagoa edo motzagoa izan dadin». Gurasoen jardunari erreparatu diote liburuan: «Haurrari helduak hizketan 'irakastea' lagungarria izan daiteke egoera jakin batzuetan, baina ez dirudi ezinbestekoa denik hitz egiten ikasteko». Eta umeari zuzenean hitz egiteak ere eragina du, Ezeizabarrenaren hitzetan: «Lan askok erakutsi dute ume oso txiki batek berari zuzendutako hizkuntza horretatik

—denbora gutxian arituta ere— hizkuntzako maila askotako informazioa bereganatzen duela». Beraz, umeei hitz egin behar zaie. Baina ñabartu du: «Beraiei hizketan utzi behar zaie».

Prozesua gorabeheratsua da, ordea: identifikatu dute gehiago kostatzen zaiela elementu batzuk menperatzea. Ezeizabarrenak jarri du adibide bat, ergatiboarena: «Ingurune oso euskaldunak dituzten umeek ere denbora gehiago behar dute, itxura denez, k hori ikasteko; alegia, nork egin du, Mirenek egin du edo Peiok esan du ikasteko Peiori, Juleni edo Iñakiri esateko baino». Gutierrezek eman du beste bat: «Ume txikientzat errazagoa da objektuzko erlatibozkoak ulertzea subjektuzkoak baino».

Eta zer gertatzen da umeek jaiotzatik hizkuntza bat baino gehiago jasotzen dituztenean? Ez du arazorik ikusten Ezeizabarrenak: «Gizakia prestatuta dago hizkuntza batean baino gehiagotan aritzeko. Ume txiki bati ez dio lan gehiago sortzen hizkuntza batekin hasteak edo birekin hasteak, gauza direlako oso azkar bereizteko hizkuntza bat entzuten ari direla edo beste bat, edo euskalki bat edo beste bat». Halere, haren hitzetan, gerta daiteke «beranduxeago» hastea hizketan. Liburuan jaso dituzte elebitasunaren abantailak ere: «Bi hizkuntzarekin aritzeak onura ekarri ohi dio hiztun elebidunari maila askotan, kontzientzia metalinguistikoa eta kontrol handiagoa izatearena, besteak beste».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.