Buruko erien arta izurri aroan

Buruko nahasmenduen tratamenduez eta arretaz mintzatu dira EHUko udako ikastaroetan. Osasun sistema publikoan langile falta dagoela salatu dute zenbait adituk mahai inguruan

Ezkerretik eskuinera: Cristina Erauskin, Ana Maria Jimenez, Ander Retolaza eta Manuel Hernanz. Erdian: moderatzailea. GORKA RUBIO / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Pandemiak egoera aski desberdinetan dauden pertsona aunitzi eragin die, besteak beste, buruko nahasmenduak dituzten horiei. Egoerari aurrea hartzeko ahaleginak egiten dabiltza arloko adituak. Hala, konturatu dira gakoa dela gaitz mentalen prebentzioan eta identifikazio goiztiarrean lan egitea. Horren inguruan jardun zuten atzo EHUko udako ikastaroetan Donostian (Gipuzkoa).

Profesional hauek mintzatu ziren: Manuel Hernanz psikologo klinikoa, Ander Retolaza Osasun Mentaleko Bizkaiko Guneko burua Osakidetzan, Ana Maria Jimenez Psikiatria eta Osasun Mentaleko zerbitzuko kidea Alcazar de San Juango erietxean (Gaztela Mantxa, Espainia) eta Cristina Erauskin, Osasun Mentaleko Guneko burua Bidasoko Ospitalean, Irunen (Gipuzkoa).

Adierazi zutenez, ezinbertzekoa da eritasun mental baten zantzua duten pertsonak zaintzea eta kasu bakoitza ongi aztertzea eta behatzea. Horretarako, faktore bio-psiko-sozialak behatzea da gakoa. Alderdi biologikoak hormonei eta horiek gizakiaren gorputzean eragiten dituzten aldaketei egiten die erreferentzia. Atal psikologikoa, berriz, norberaren izaerarekin dago lotuta: autoexijentzia maila, bizitzarekiko espektatibak, bertzeekin harremanak izateko moduak... Azkenik, atal sozialak ingurukoei egiten die dei, pertsona batek izan dezakeen babes inguruneari, hain zuzen ere.

Profesional gutxiegi

Adierazi zutenez, aztertu beharrekoa zer den jakin arren, egungo osasun sistema publikoa ez da gai erronka horiei aurre egiteko. Ana Maria Jimenez: «Ez dago osasun politikarik. Profesionalen kopurua gero eta kaskarragoa da». Langile falta hori da, hain zuzen ere, sistema publikoaren arazo nagusietako bat.

Horren ondorioz, aunitzetan, diagnostiko okerrak egiten dira, bi zentzutan. Batetik, nahasmendurik ez dauden kasuak sintomatologia antzekoa duen gaitzekin nahasten dira, eta pertsona horiek alferrik hartzen dituzte botikak. Bertzetik, aditu aunitzek pazientea ongi aztertzeko denborarik ez dutenean, diagnostikorik ez dute egiten. Bertzetik, aditu aunitzek pazientea ongi aztertzeko denborarik ez dutenean, diagnostikorik ez dute egiten. Ander Retolazak erreparatu zion arazo horri, eta egoera onbideratzeko zer egin beharko litzatekeen esan zuen: «Zerbitzua ongi antolatuta egon beharko litzateke, kasuen larritasunaren arabera».

Egoera horiek ekiditeko, adituek adierazi zuten prebentzioan lan egitea beharrezkoa dela. Horretarako, alor desberdinen arteko elkarlana ezinbertzekoa da. Hala baieztatu zuen Ana Maria Jimenezek: «Koordinazioa egon dadila hasieratik, eta diziplinarteko sare baten baitako lana».

Cristina Erauskin ados agertu zen mahaikidearekin. Haren erranetan, Osakidetza sare lana egiten ahalegintzen da osasun mentalaren alorrean. Horretarako, egokiena izanen litzateke gune bakoitzak arlo desberdinetako profesionalak biltzea.

Egiturarik egokiena

Gaur egun Osakidetzaren kudeaketaren barnean dauden gune guztietan aplikatzen ez bada ere, badago osasun etxeak antolatzeko egitura eraginkor bat eritasun mentalen tratamendu eta prebentzioari begira. Bost zutabek osatzen dute, eta talde horren guztiaren erdigunea «pazientearen ongizate pertsonala» dela adierazi zuen Cristina Erauskinek.

Psikiatrek osatzen dute lehen blokea. Lehen arretaren eta osasun mentalaren sailaren arteko zubi lanak egiten dituzte, eta tratamenduen arduradunak dira, botika aldetik. Erizainak zaintzaz arduratzen dira. Erauskinen erranetan, bigarren bloke honi esker funtzionatzen du denak, eurek baitira pazientearekin konfiantza harremana eraikitzen dutenak. Psikologoek, berriz, tratamendua, ikerketa eta prebentzioa lantzen dituzte, ikuspuntu psikoterapeutikotik. Gizarte langileak daude laugarren blokean. Horiek dira pazientearen familarekin koordinatzen direnak. Azkenik, terapia okupazionala dago, zeinak helburu duen pazienteak bere eguneroko lan edo zereginetan duen parte hartzea hobetzea.

Suizidioaz

Manuel Hernanz suizidioaren prebentzioaz mintzatu zen. Adierazi zuenez, pertsona guztiek badituzte joera jakin batzuk, bai positiboak eta bai negatiboak. Irrika horien arteko oreka mantentzea izanen da buruko nahasmendu bat duen pertsona baten ongizatea bermatuko duena. Berenburuaz beste egin nahi duten pertsonak laguntzeko pistak zein diren ziren ere azaldu zuen. Hala nola agresibitatea identifikatzea, irrika orekatuak izatea eta bakoitzaren joerak gizartearen eta norbere ongizatera moldatzea. Horiek gogoan hartuta begiratzen diete pazienteei: «Gakoa da bizitzarekiko atxikimendua izatea, lotura eta idealengatik borroka egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.