EAJri eta PSEri Ingurumen Legean atzera egiteko eskatu die EH Bilduk

Koalizioak ohartarazi du zuzenketa horrek atea zabalduko diela Eusko Jaurlaritzaren intereseko proiektu handiei, «udalen kalterako»

Pello Otxandiano eta Onintze Oleaga, gaur goizeko agerraldian. JON URBE/FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Lurralde antolamenduaren Legearen aldaketa honela egitea gauzak atzeko atetik egitea da». EH Bilduk horrela egin dio kritika beste behin Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Administrazioaren Legeari egin dion zuzenketari. Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak eta Onintze Oleaga EH Bilduko udalgintzako arduradunak agerraldia egin zuten atzo, eta, azaldu zutenez, zuzenketa horrek lurralde ordenamendu politiketan «erakunde sistemaren joko arauak aldatzea» dakar: «Batez ere, atea zabaltzen da leku jakin batzuetan zenbait proiektu inposatzeko». Izan ere, koalizioak hainbat aldiz zabaldu du Ingurumen Administrazioaren Legeari egindako aldaketa hori, berez, Lurralde antolamenduaren Legea aldatzeko mekanismo bat dela. Hau da, zuzenketa horren bitartez Jaurlaritzak eskumena izango luke proiektu bati baimena emateko, proiektu hori gauzatuko den herriko udala haren kontra badago ere.

Horrez gain, Oleaga eta Otxandianok salatu dute zuzenketa horrek «euskal gizartearen aniztasun politikoaren aurka» egiten duela: «Gobernuko alderdiek gehiengo absoluturik ez duten lekuetan azpiegiturak inposatzea da aldaketa honen helburua». Zuzenketaren bidez, EAJk eta PSEk proposatu dute Interes Publikoko Proiektuen figura berria sortzea, eta hura ere gaitzetsi dute: «Proiektu horiek, behin interes goreneko aitortuta, hirigintzako eta lurralde antolamenduko gainerako erregulazioen gainetik jarriko dira. Hau da, erakunde eskudunek eta legitimoek hartutako erabakiak baliogabetzea ekarriko du Eusko Jaurlaritzak alde bakarrez egingo duen deklarazio batek».

Tokiko demokraziari ere kalte egingo diola salatu dute; izan ere, koalizioaren arabera «udalerrian herritarren parte hartzearen bidez eraikitakoa» baliogabetuko du. Horren aurrean, «gobernantza kolaboratiboa» aldarrikatu dute, eta ohartarazi dute erronka klimatikoa «erronka demokratikoa» ere badela.

Arantxa Tapiak, berriz, beste ertz batetik heldu zion demokraziaren gaiari iragan astean hitza hartu zuenean legebiltzarrean. Tapiaren arabera, zuzenketa hori aplikatzea «interes orokorra defendatzea» da, «interes lokal partikularrek» ez dituztelako oztopatuko gizarte osoari onura ekarriko dioten proiektuak. Azaldu zuenez, «interes orokorrekoak» ziren hainbat proiektu ezarri nahi izan dira hainbat herritan, eta herri horietako «interes partikularrek» proiektu horiek oztopatu izan dituzte. Ohartarazi du, gainera, horrek horrela jarraituz gero «arrisku egoerak» etor daitezkeela: «Udal batek ez badu nahi hondakinen kudeaketarako lantegi bat bere herrian jartzerik, kolapso bat gertatu daiteke, ez dugulako izango hondakin horiek kudeatzeko baliabiderik». Gogorarazi zuen tresna hori jadamartxan dagoela beste hamaika lekutan.

COP26ri kritika

Atzo Tapiak Glasgowko goi bilera historikotzat jo zuen arren, EH Bilduk argi utzi du ez dagoela «mezu baikorrik» bidaltzerik, eta, gainera, beste herrialdeetako erakundeek ez dutela halakorik egin: «Glasgowko gailurra historikotzat jotzetik urrun dago». Azpimarratu dute Glasgowko goi bilerak «argi baino itzal gehiago» uzten dituela, eta «konpromiso errealak» eskatu dituzte, «ez soilik adierazpenak». Era berean, salatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela klimari lotutako helburuak behar den eperako lortzeko bide orririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.