Hondo gozoko hezkuntza ituna

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU EHUn batu dira, hezkuntza akordioaz mintzatzeko. Esan dute segregazioari kontra egin eta sare publikoa indartzeko balioko duela

Arrizabalaga, Arrese, Pastor, Martinez eta Nikolas, atzo, EHUren Leioako campusean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Leioa
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Eztabaidarako leku izan ohi dira parlamentuak, sarri sesiorako ere bai, baina adostasun zabala erdiesteko gauza izan ziren duela hilabete pasatxo Eusko Legebiltzarrean: hezkuntza akordioa, Hezkuntza Legearen oinarriak ezarriko dituena. Atzo, Hezkuntza Batzordeko kide Leixuri Arrizabalagak (EAJ), Ikoitz Arresek (EH Bildu), Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE) eta Iñigo Martinezek (Elkarrekin Podemos-IU), Zelai Nikolas legelariarekin batera, haren nondik norakoen berri eman zieten etorkizunean aplikatu beharko dutenei, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campuseko irakaslegaiei, Karmele Artetxeren eta Ion Andoni del Olmoren gidaritzapean. Zehaztapenak egin arren, denek bat egin dute ideia batean: aho zapore gozoa utzi die itunak.

Hilabeteetako prozesu baten emaitza izan da akordioa, orduetako eztabaiden eta bileren fruitua. Arrizabalagak aitortu du: «Nahiz eta legebiltzarkide modura lagunak izan eta harreman oso estua izan, alderdian mesfidantza ugari zeuden». Baina ikusten zuten adosteko beharra, hezkuntza aldaketen premian dagoelako: «Nire alderdiak behintzat argi zeukan hezkuntza esparruan aurrerapauso bat emateko garaia zela». Halatsu mintzatu da Arrese: «Behar-beharrezkoa zen gure hezkuntza sistema eraldatzea».

Behin abiapuntua eta helburua argi izanda, adostera jo zuten, baita lortu ere. Baina legebiltzarkideek ez dute arazorik izan onartzeko ez dela haien akordio ideala, oro har gustura dauden arren. Pastor: «Guztiok uko egin diogu zerbaiti, oinarri komun hori aurkitzen saiatzeko». Halatsu aritu da Agirrezabala: «Uste dugu akordio on bat dela, balioa eman beharrekoa; noski, egongo da faltan botatzen dugun zerbait». Arreseren irudiko, berriz, egiteko dagoen bidearen hasiera da: «[Akordioa] guretzat abiapuntu bat da, amesten dugun hezkuntza sistema burujabe baten norabidean, eta horregatik eroso gaude».

Martinezek «espres» gisa izendatu du eztabaida, esan duenez, haien koalizioarentzat negoziazioa «hamabost eguneko kontua» izan baita. Halere, prozesu «aberasgarria eta neketsua» begitandu zaio, eta gustura geratu direla esan du, haien ekarpenak jaso dituztelakoan. Ez erabat asebeteta, ordea: «Denok utzi ditugu gauzak egiteko, eta horien alde borrokan jarraitu behar da». Koalizioak bestelako hezkuntza sistema bat diseinatuko lukeela ziurtatu du: «Lau indar politikorekin iritsi ahal izan garen akordioa da, baina guri gustatuko litzaiguke %100 publikoa, doakoa, euskalduna eta kalitatezkoa den hezkuntza eredu bat izatea».

Teoriatik praktikara

44 orritan jaso dute adostasuna. Baina, papera alde batera utzita, zer aldaketa ekarriko ditu ikastetxeetara? Segregazioa badagoela onartzea eta aurre egiteko «neurri zehatzak» jasotzea; ikasle guztien euskalduntzearen alde egitea, maila lortzeko derrigortasuna ezarrita; sistemaren eraldaketa planteatzea; eta datozen hamabi urteetarako jarduera plana zehaztea. Bata bestearen atzetik zerrendatu ditu Arresek haren irudiko akordioak dituen bertuteak.

Eskola publikoari egingo dion ekarpena. Horixe nabarmendu du Martinezek guztiaren gainetik: «Guretzat garrantzitsua zen argi geratzea eskola publikoa dela hezkuntza sistemaren ardatz zentrala». Horretarako pausoak jasota daudela nabarmendu du: ikasle orori plaza publikoa bermatzea, segregazioaren kontrako neurri «oso indartsuak» eta eskola publikoaren plan estrategikoa, besteak beste.

Hain zuzen, Arrizabalagak ere eztabaidaren ildo nagusietakoa izan den horri heldu dio: publikotasunari. Sare publikoari aitortza egiten zaiola iruditzen zaio, baina, aldi berean, publiko-pribatu «eztabaida» alde batera uzten duela, eta «euskal gizartearen errealitatera» egokitzen dela: «Ikastetxe horiek guztiak —publikoak edo pribatuak izan— publikoa dela ulertzen dugun zerbitzu bat ematen ari badira —guztion artean adostutako hainbat ezaugarri bete beharko dituzte—, babestu eta publikoki finantzatuko dira».

Ondo bidean, datorren urteko udaberrirako Hezkuntza Legea onartuta egotea nahi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, legebiltzarkideen agindua oinarritzat hartuta. Legebiltzarkideek hamar urte barruko hezkuntza sistema irudikatzeko ariketa egin dute. Pastor: «Garrantzitsua da legea indarrean jartzen denetik—espero dugu urte askorako izatea— tresna bat izatea bermatuko duena ume guztiek aukera onenak eta formakuntza onena edukitzea, bizitzea tokatu zaigun mundu zail honetan moldatu ahal izateko». Inklusioari erreferentzia egin dio Arresek. Hezkuntza sistema «eraldaketarako norabide on batean» irudikatzen dutela esan du, «inor atzean geratuko ez dena eta inklusioa bermatuko duena». Horrekin batera, hezkuntza sistema «lokalago bat» ere desio du, eta herri hezitzaileen sarea izan du hizpide.

Hitz gutxitan laburtu du Martinezek bere nahia: «Euskal eskola publikoa ardatz izango duen kalitatezko sistema bat». Eta hitz batez Arrizabalagak: «Bikaina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.