Koronabirusa

Hezkuntza. Eskola «surrealista»

Ipar Euskal Herriko haurrak ikasgeletara itzultzen hasiko dira gaurtik aitzina. Hezkuntza eragileen hitzetan, haurraren ongizatea bermatzeko baldintzak ez dira beteak

Frantziako Gobernuaren osasun protokolok agindu bezala, lau metro karratuko espazioa mahai bakoitzaren artean, Baionako Oihana ikastolan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«Leher egina nago», aitortu du Odile Hiriart Baionako Oihana ikastolako zuzendariak. Asteburu osoa lanean pasatu du gaur haurrei harrera egin ahal izateko. Azken asteak «biziki gogorrak» izan direla dio; informazioa pixkanaka jaso dute, leku ezberdinetatik, eta ez beti bera. Eta bilkurak; gurasoekin, irakasleekin, Seaskarekin, ikuskaritzarekin... Antzematen zaio nekea; hunkitua mintzo da: «Haur anitzek ikastolara itzuli nahi zuten, baina ez dira ikastolara itzuliko. Planeta berri bat da hau, ez duena haien ongizatea bermatzen».

Giro berezia zen atzo goizean Baiona iparraldeko ikastetxean. Maskara jantzita, bilkura egiten ari ziren irakasleak eta langileak. Horietako hiru ez dira ikasgelara itzuliko, osasunagatik zaurgarriak direlako; beste bat etxean egonen da haurrekin. Ikastolako 147 ikasleetarik 30i bakarrik eginen diete harrera; osasun arloko langileei, bestela ezin dutenei eman diete lehentasuna. «Espazioaren kudeaketa, garbiketa erregularrak... Osasun neurriak bete ahal izateko, ezin dugu bestela egin». Gainerako gurasoei bestelako aterabideak aurkitzeko aholkatu diete.

Txikienen gela prest zuten: lau metro karratu mahai bakoitzaren artean; ondoan kaxatxo bat, bakoitzak bere jostailuak izan ditzan. «Teorian, saiatuko gara ikasgeletan irakasleak aldizkatzen, eta momentu bat hartzen etxean direnei mezuak bidaltzeko»; batzuk eskolara itzultzearekin, biak batera kudeatu beharko dituzte eta.

«Materialki ez dira baldintzak irakaspena aitzinatzeko; praktika pedagogikoa baldintzatua da. Haurtzaindegi bat antolatzea da». Haurrak lasaitzen saiatuko direla dio Hiriartek, baina egoerak estresa sortuko diela uste du. «Badakigu ez dugula behar bezala egiten ahalko gure irakasle lana. Haurrek goxotasuna behar dute, lotura afektiboa». Sekula ezagutu ez duten egoera baten aitzinean «inpotentzia»ádeskribatu du. «Behartua sentitzen naiz, inposatua. Ez dugu gure hitza eman ahal izan. Egiten dugu, badakigulako gurasoak zailtasunetan direla».

«Tratu txarra»

Haurrak baldintza horietan hartzea «tratu txar instituzionalizatua» da, Arño Aizagerren ustez. LAB sindikatuko kide da, eta Donapaleuko (Nafarroa Beherea) eskola publikoan ari da irakasle. «Eskolara joanen dira, baina ez dira lagunengana hurbiltzen ahalko; metro bateko distantzia atxiki beharko dute une oro, ez dira baloiarekin, kartetan... jostatzen ahalko». Jantegirik ez da izanen; etxetik ekarri beharko dute haurrek janaria. «Baina ez dugu hozkailurik, eta ezin dugu berotu ekartzen dutena». Hiru zatitan banatuko dituzte jan orduan: batzuk jantegian izanen dira, baina ordu eta erdiz ez dira handik ateratzen ahalko; besteek kanpoan jango dute, lurrean. «Eta norbaitek janaria ahantziko balu? Berez ezin diogu eman...». Eskolako materialarentzat orobat; «eta beti bada bat arkatz zorroa ahazten duen bat».Halaber, egun osoa haurrei eskuak garbiarazten pasatuko dutela erran du: eskolara iristean, pausara edo komunetara joan aitzin eta ondoren; pausa bakoitzean ikasgela desinfektatu beharko dute. «Gure lana Poliziarena egitea izanen da». Inor kutsatuko balitz, erantzukizun penala haiena litzateke. Ikastetxeei helarazi dieten protokoloan ere hala azpimarratua da: helburua soziala/pedagogikoa da, baina lehentasuna, sanitarioa. «Haurrek ez dute harreman sozialik izanen».

Hitz batean deskribatu du Odile Hiriartek: «Surrealista da». Haien esku den guzia eginen dutela dio, «haurrak ahal bezain ongi bizi dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.