Trumpek dio «jende gaiztoz» osatutako karabana geraraziko duela

Kristina Berasain Tristan.
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Donald Trumpek egunero dauka ahotan immigranteen karabana, ezen heldu den azaroaren 6an egingo diren agintaldi erdiko hauteskunde kanpainako hizpide nagusia bihurtu du immigrazioa. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearentzat, karabanan «jende gaiztoa eta basatia» doa, «aingeruak ez diren» pertsonak, eta karabanari aurre egiteko prest egon behar dute horregatik: «Beste inor baino indartsuagoak gara». Floridako Estero hirian egindako mitinean, demokratak salatu zituen «mugak irekiak nahi dituztelako, migranteen karabanak sartzea nahi dutelako», horiekin «krimenak eta drogak» sartzen badira ere.

«Muga sakratua da»

Bezperan are mezu gogorragoa bidali zuen presidenteak, esanez «muga sakratua» dela eta migranteek hobe dutela «buelta ematea». Agintari errepublikanoaren hitzetan, «borrokalari oso gogorrak» daude karabanan: «Mexikoko muga zeharkatzeko, indarrez eta indarkeriaz borrokatu ziren: Mexikoko soldaduak zauritu zituzten, eta horiek ez zuten geldiarazteko borondaterik edo gaitasunik izan».

Trumpek, bada, aurreratu du militar gehiago bidaliko dituela mugara. Pentagonoak 5.239 guardia bidali ditu, eta beste 15.000 militar bidaltzeko asmoa agertu du presidenteak: «Karabana kezka bat den bitartean, gure armada hor egongo da».

Hondurastik urriaren 13an abiatu zen migratzaileen karabanak, berriz, zeharkaldiaren ibilbidea aldatu behar izan du. Oaxacatik Veracruz aldera joatea erabaki dute, arriskutsuagoa izan arren, hara autobusetan joateko zailtasunak izan ostean. Mexiko hiriburura iritsi asmo dute. Gina Garibo Mugarik Gabeko Herria elkarteko kideak gobernua egin du gerta daitekeenaren erantzule. Immigrante asko gaixo daude jada, eta, bi eguneko atsedenaldia izan badute ere, nekatuta daude. Bidea abiatu zuten 7.000 lagunetatik 4.000 geratzen dira karabanaren buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.