Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Mexikartasunaren mito atzo bertakoak

Iñigo Bilbao Sagastiberri -

2023ko irailak 17

Mexikok 213 urte bete zituen atzo. Hala izan zen. bai, independentziaren mendeurrena ospatzeko, 2010. urtean, orduko gobernuak erabilitako leloa aintzat hartzen badugu: «Ehun urte harro mexikarrak izaten». Egia ezin biribilagoa. Arinagokoa ez baitzen Mexiko, Espainia Berria baizik; eta garai horren aurrekoak, Hernan Cortes zena heldu aurretik, berriz, Azteka herriaren inperioarenak. Eta, hala ere, Mexiko aipatu eta burura datozkigu ziztuan beti-betikoak diruditen ohitura eta usadioak, eta horiekin batera betidanik goretsitako izenak. Betikoak, Mexiko Tenochtitlan bizirik eta indarrean zen garaikoak, alegia.

Arestian aipatu bezala, Mexikok 213 urte ditu, eta, sinestea gaitza egiten bazaigu ere, urte horietan guztietan sortu, asmatu eta irudikatutakoak dira turistarentzat betikoak direnak. Alebrijeak, kasurako. Nork ez ditu miretsi Mexikora egindako bisitan, munstro edo mamu itxura duten zurez landu eta kolore aunitzez apaindutako irudi bitxi horiek? Antzinakoak ez, herenegungoak dira alebrijeak, 1936. urtekoak, hain zuzen ere. Pedro Linares kartoigileak sortu zituen, Mexiko Hirian. Gaixorik zela, oso larri, sukar ametsetan imajinatutakoak gorpuztu zituen behin osatuta. Izena ere amesgaiztoetan ikasi omen zuen: alebrijea. Gaur turismo azoka guztietan ikusten ditugu tradizio bihurtuta.

Antzera gertatuko zaio turistari, Catrina deituriko herio anderearekin. Sortu, Jose Guadalupe Posada irudigileak sortu zuen, 1873. urtean, etxe oneko emakume handi-mandien bizkar trufa egiteko; eta izena Diego Rivera muralistak eman zion 1947an, Igande arratsalde bateko ametsa Alamedan deituriko margolanean marraztu zuenean. Gaur ezingo dira ulertu Hildakoen Egunaren inguruko ospakizunak Catrinarik gabe, Herio andere airosarik gabe.

Eta Hildakoen Egunekoak aipatu ditugula, turistari erakargarri egingo zaio oso, ezbairik gabe, Hildakoen Desfilea, aurreko larunbatean egiten dena eta 200.000tik gora ikusle batzen dituena. Zendutakoei gorazarre egiteko asmoz egiten den desfilearen arrakasta ikusita, turistari begitanduko zaio tradizio handikoa dela, betikoa. Halere, ez dira hamar urte bete Mexiko Hiriko gobernua desfilea antolatzen hasi zenetik. 2015. urtean estreinatu zen 007: Spectre filma, eta mexikarrek bertan ikusi zuten desfilea estreinakoz, noiz eta Mexiko Hiriko alde zaharreko kaleetan barrena ihesean zebilen James Bond espioiak bere burua ezkutatzeko filmaren gidoigileak asmatutako festa baliatu zuenean. Kito.

Ez da film hori izan mexikartasunaren mitoak «sortzen» dituen lehenengoa. 2002. urtekoa da Frida pelikula, Frida Kahlo zenaren bizitzaren inguruan egindakoa. Egun mundu zabalean horren entzutetsua den margolariaren izena inor gutxik aipatzen zuen Salma Hayek aktorea pantaila nagusian Fridarena egiten ikusi aurretik. Kahlo, ordura arte, ezkerreko intelektual eta kulturgileen solasaldietan zen bakarrik hizpide. Julie Taymor zuzendari estatubatuarraren filmaren ondorengoak dira liburu, dokumental eta, batez ere, turismo merchandising ia guztiak.

Orain arte aipatutakoak adibide xume batzuk baino ez dira. Horiek bezala aipa genitzake Piñatak, hasiera batean Eguberrietan hausten zirenak urteko bekatuak zuritzeko, eta gaur umetxoen urtebetetze jai gehienetan puskatzen direnak; edo hori bezalako beste hamaika erritu katoliko, itsasoz bestaldean erabat galduta daudenak. Aitortu beharko zaie mexikarrei abilak direla horretan, iraganik batere ez duten gauza edo gertakariak tradizio bihurtzen, atzo bertakoa betikoa egiten, alegia.

Zaku horretan sartu beharko genuke ostiral gauekoa Zokalo plazan. Urtero legez, munduko plazarik handiena jendez gainezka aurrean zuela, Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak kanpaia jo zuen, literalki, beste behin ere, Independentziaren Aldarria egiteko. Izan ere, mexikartasunaren mitorik mitoena gezur antzeko uste baten gainean eraikia da. Miguel Hidalgo y Costilla apaiza gachupino-ak, espainiar handiuste eta harroputzak akabatzeko aldarria egin zuenean, ez zuen independentzia buruan, «Hil bedi gobernu txarra!» egin zuen oihu, ez besterik.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Armeniako Gobernuaren kontrako manifestariak, gaur, Erevanen. ©ANATOLI MALTSEV, EFE

Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean

Gorka Berasategi Otamendi

Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Alberto Nuñez Feijoo gaurko inbestidura saioan. ©Sergio Pérez / EFE

Feijook ez du gehiengo soila lortu

Berria

Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...