Irulegiko Eskuaren poz-tristurak

2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Pozez gainezka egoteko arrazoia izan genezake euskaldunok egunotan, oso bereziki gure lana eta gogoa euskararen historia ikertzera bideraturik daukagunok. Arrazoi hori, alabaina, lehenengo ixtantetik zapuztu digute. Sinesgaitza da beste behin ere, aurreko akats larrietatik ezertxo ere ikasi ez bagenu bezala, eztabaida antzu eta gaiztoen putzuan sartu izana.

«Gehiegizko zuhurtzia» deigarria egiten zaiola adierazi berri du Juan Inazio Hartsuagak Naiz irratiko Bigarren kafea saioan. Zuhurtzia inoiz ez da gehiegizkoa, are gutxiago euskararen historiaren eremuan. Mitxelenari ezer zor badio diziplina akademiko honek, errenteriarraren zuhurtzia zorrotzari zor dio. Desesperagarria lirudike pauso bat aurrera emateko bestea ondo finkatuta dagoela ziurtatu beharrak, baina horrela egiteari esker dirau tinko Mitxelenak ezarritako oinarriak.

Irulegiko Eskuaren auzian, afera lardaska eta auzi bihurtua baita dagoeneko, zuhurtzia sobera laxatu dugula esango nuke. Egia da hutsaren hurrengoa dela orain dela bi mila urteko proto- edo paleoeuskaraz dakiguna. Horrexegatik, ordea, inola ere ezin alaiki baiezta daiteke Irulegiko Eskukoa gure hizkuntzan idatzia dagoenik. Ezezkoa ezartzea beti da zailagoa, jakina. Baieztapen horretatik ateratako ondorioak, begien itxi-ireki batean lau haizeetara zabaldu direnak, are onartezinagoak dira. Lehenagoko euskal gizartearen alfabetizazio mailaz ere bagenuen akatsetik zer ikasia. Le Dauphin itsasontziko euskarazko gutunen karietarat ezker-eskuin zabaldu zen XVIII. mendeko lapurtar herria euskaraz alfabetatua zela. Xabier Elosegik tentu eta zehaztasun handiz frogatu ahal izan zuen ez zela horrela. Bertsio ofizialak, haatik, pisu handiegia hartua zuen egindako akatsa zuzen zedin.

Sistema grafikoari dagokionez ere berdintsu. Sistema grafiko iberiko ezaguna da Irulegin agertua, grafema baten berezitasuna gorabehera. Nahikoa al da ikur soil baten berezitasun lokal bat sistema propioa daukagula esateko?

Hartsuaga testuaren aurre interpretazio bat egitera ere ausartzen da. Beste batzuk ere ari zabaltzen han-hemen beste zeregin serioagorik ez bagenu bezala. Serioak izan eta seriotzat hartuko bagaituzte, ezjakintasuna onartzetik abiatu behar dugu. Ez dakigu, baina ezezkoaren aukera metodikoa aurreikusi behar dugu, ea orduan euskarak aditz jokaturik ote zuen eta izatekotan nolakoak ote ziren, ea deklinabidearen edota erakusleen sistema garaturik zeukan eta abar eta abar. Iruña-Veleiako ostraketan ere eszenatoki bera mahairatu zen eta argudiotzat baliatu ziren V. mendearen bueltarako berreraikiak ziren hizkuntza egiturak (artikulu mugatuaren edo ergatiboaren eza, kasurako).

Iruña-Veleiakoa aipatuta, ezin aipatu gabe utzi daiteke aurkikuntzen berezitasunak, balizkoak zein errealak, kalifikatzeko neurri ezberdina. Irulegikoan idazkun bat esku batean agertu izana eta puntilatuaren teknika aurretiazko trazu batzuen gainean gauzatu izana ezaugarri orain arte ezezagunak bide dira. Aukera bat da zenbait ezaugarri halako batean lehenengoz agertzea. Horixe frogatzen du Irulegin egindako azterketa zuhur eta arretatsuak. Iruña-Veleiakoan, ezezko argudio erabakigarri bezala erabili ziren balizko berritasunak oro. Ez da nire asmoa, inondik ere, Iruña-Veleiako ostraketako testuak egiazkoak direla —edo izan litezkeela— aldarrikatzea, baina bai argudioak erabiltzeko orduan lerradurak eta aurreiritziak egon badaudela eta, hartara, horiek saihesten ahalegin berezia egin behar dugula.

Badakit mesfidantza eta zuhurtzia dagoela egunotan aditu batzuen artean. Isiltasuna da, ordea, legea. Joseba Abaituak trifinium.tophistoria.com blogean deblauki adierazia eta Ikertxo izen edo ezizenarekin Zuzeu.eus webguneko testu baten iruzkinetan agerturikoa dira orain artean ikusi ditudan bakarrak. Arrazoizkoak eta kontuan hartzekoak iruditu zaizkit bi pertsona hauek haizeraturiko kontrapuntuak.

Arrazoi bete-betea du Mattin Aiestaran Irulegiko indusketaren zuzendariak «jendarte askeak sortzeko iragana zientifikoki ikertu» behar dela dioenean. Zientzia, kasu honetan filologikoa bereiziki, zorrotzago egitean datza, bada, premia. «Liztor-habia» sortua dela entzun diot protoeuskararen kontuetan aditua den lagun bati. Liztor-habia bertatik bertara ikusi orduko alde egitea komeni izaten da, eta behar besteko jantziez horniturik itzuli berau suntsitzera, handiago egin eta beste habia batzuk sor ez ditzan.

Iruña-Veleiakoak oraindik itxi gabe dagoen zauria utzi zigun. Baskonizazio edo euskalduntze berantiarrarenak ere, subjektu eta testuinguru berdinekin, liskarraren bidetik jarraitzen du. Ponte izenena ere bide makurretik doa. Negazionismoa, biktimismoa, errespetu falta, ideologizazioa, inposizioa eta hainbat osagai ari dira nahasten euskararen historiaren diziplina zirraragarria eta euskararen biziraupen larria bera behar-beharrezkoa duten bide osasuntsu eta baketsutik are gehiago urrundu daitezen. Gure esku zorrotzean dago etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.