Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Europaren segurtasunaren berrantolaketa

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Sobietar Batasuna desagertu zenetik 30 urte bete diren honetan, Vladimir Putin presidenteak erabaki du Errusiak ez duela gehiago onartuko Gerra Hotzaren ondoren Europan NATOren ekialderako hedatzeak ekarri zuen segurtasunaren antolaketa. Boris Yeltsin presidente ohiaren garaitik dator Ipar Atlantikoko Itunaren Aliantzaren inguruko errusiarren haserrea. Baina Ukraina 100.000 troparekin inguratu eta gero, negoziatzeko prest agertu dira AEBak. Binaka, NATOren esparruan eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen bilkuran, hitz egin dute Errusiarekin aste honetan egin duten lehen elkarrizketa errondan. Lehen saioa eta azkena izango da idatziz eskatzen dituzten segurtasun bermeak datorren astean jasotzen ez badituzte, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi duenez. Errusiak dio denbora galtzen egon direla AEBek eta bere aliatuek ezezkoa eman dietelako egin duten eskaera nagusiari: NATO ez dadila gehiago hedatu. Europa Ekialdean aliantzak dituen indarrak gutxitzea, eta armamentu akordio berriak sinatzea ere proposatu du Moskuk. Azken bi puntu hauek negoziatzeko prest agertu dira AEBak, baina Moskurentzat ez daukate lehentasunik.

Errusiak Europako segurtasunaren berrantolaketa bilatzen du, eta, horretarako, mehatxu egin du Ukrainan indar militarra erabiltzearekin eta armak hedatzearekin. Europan segurtasunaren egoera geroz eta larriagoa da. 1999an Polonia, Hungaria eta Txekiar Errepublika NATOn sartu aurretik eztabaida handia egon zen Aliantzaren barruan. Europako segurtasuna, Errusia tartean, egokia zen edo ez eztabaidatu zuten. Errusia autokratikoagoa, militaristagoa eta interbentzionistagoa bihurtu da ordudanik. Errusiaren jokaerak NATO hedatzea justifikatu du; eta NATO zabaldu izana Errusiaren interbentzionismoa justifikatzeko erabili dute. Errusiarekin negoziatzeko ordua iritsi da, Aliantza hedatzeaz hitz egin behar dute. Une honetan, Ukraina eta Georgia ez dituzte hartu nahi erakundean, baina ezin dute esan ez dituztela sekula hartuko Putinen gobernuak eskatzen duen moduan. Ukrainak segurtasun bermeak behar ditu Moskuren aldetik, eta Minskeko bake akordioak bete behar dituzte bi aldeek: tartean, errusiarren esku dauden guneetan Kievek autonomia zabala ematea eta Errusiak Ukrainan kontrolatzen dituen guneak desmilitarizatzea. Oraingoz mahai gainean jarri diren dokumentu bakarrak Errusiarenak dira. AEBek eta beren aliatuek proposamen konkretuak plazaratu behar dituzte idatziz, iraganari begira baino etorkizunari begira daudenak. Moskuk bi itun berri proposatu ditu Europako segurtasuna berrantolatzeko, eta 1997ko egoerara itzultzeko. Ez dira proposamen errealistak eduki eta kide negoziatzaileen aldetik. Moskuk iragana aldatu nahi du. NATO ez da Europan dagoen botere bakarra. Itun bat Washingtonekin negoziatu nahi du Moskuk, eta bestea NATOrekin. Errusiak ez du EB Europako Batasuna ikusten indar gisara, baina ikusi beharko luke. EBk botere ekonomiko eta normatibo handia du. Bruselak eserlekua izan beharko luke Europaren segurtasunaren inguruko erabakiak hartzeko mahaian. Mahai handia behar da, eta negoziazio mahairik zabalena ESLAk dauka, 57 kiderekin, tartean Ukraina eta Sobietar Batasun ohiko beste errepublikak. Aliantza ez da negoziatzeko erakunde egokiena. EBko sei herrialde ez dira Aliantzako kide eta NATO ez dago prestatuta segurtasunaren esparruan dauden eta Errusiarekiko geroz eta garrantzi handiagoa duten elementu ez militarrei aurre egiteko:energia, migrazioaren erabilera geopolitikoa edo EBk eta Sobietar Batasun ohiko estatuekin sortu diren harreman ekonomiko eta politikoak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.